→Basauri

XIX. mendetik gaur egunera arteko greba feministen errepasoa ikusgai, Marienean

‘Greba orokor feministarantz’ erakusketak XIX., XX. eta XXI. mendeko Munduko greba feministen ibilbidea egiten du, argazkiekin eta testuen bidez lagunduta.

Dozenaka lagun hurbildu ziren atzo erakusketaren inauguraziora // Argazkia: Geuria

Greba orokor feministarantz‘ erakusketa ikusgai dago Marienea Basauriko Emakumeen Etxean ekainetik aurrera. XIX., XX. eta XXI. mendeko greba feministetan zeharreko ibilbidea -kronologikoa eta tematikoa- egiten du erakusketak, argazkiekin eta testuen bidez lagunduta. “Gaur egun ditugun oinarrizko eskubideetako asko lortzeko tresna izan dira grebak. 2018ko eta 2019ko M8ko greba feministak, esaterako, gure herriko azken urteotako gertaera gogoangarrienetakoak bilakatu dira, baina, berez, beste urrats bat besterik ez dira izan. Aurretik aurrekari asko daude”, diote erakusketaren arduradunek.

‘Greba orokor feministarantz’ erakusketaren inaugurazioa atzo // Argazkia: Geuria

Hasierako grebak, emakumeen grebak iraultza garaietan, gose grebak, lan berdinagatik gizonen soldata berdina kobratzeko egindako mobilizazioak, bakearen aldeko emakumeen grebak, esplotazio hirukoitza edota diktaduren aurkako emakumeen borrokak ikus daitezke erakusketan. Era berean, emakumeek egin dituzten azken mobilizazioak ere ikusgai daude: krisi garaian egindakoak, Asia hego-ekialdeko ehungintzako grebak edota Euskal Herri osoan hain oihartzun handia izan duten azken greba feministak.

Erakusketa ekainean eta irailetik aurrera egongo da ikusgai Marienean. Hasiera batean Basaurin baino ez da erakusketa ikusiko, baina beste udalerri batzuek erakusketa bera egiteko asmoa agertu dutela jakinarazi diote Basauriko Udaleko Berdintasun Atalari.

Greba orokor feministarantz‘ erakusketa atzo, ekainak 19, inauguratu zuen Basauriko Udaleko Berdintasun Atalak. Inaugurazio-ekitaldian parte hartu zuten Asier Iragorri Basauriko alkateak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Nerea Lekue Basauriko Mugimendu Feministako kideak, Anabel Sanz Basauriko Berdintasun teknikariak, David Beorlegui erakusketaren egileak eta Flora Pozzobon erakusketaren diseinatzaileak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak