→Basauri

Erreferendumaren aldeko herri ekimena aurkeztuko du Gure Eskuk Basaurin

Erreferendum bidez erabakitzea lortzeko herri ekimen berria sustatuko du Gure Esku dinamikak. Ekimen berria aurkezteko ekitaldia egingo dute maiatzaren 28an Basaurin.

Gure Eskuk martxoan Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldiaren argazki bat // Argazkia: Gure Esku

Erreferendum bidez erabakitzea lortzeko herri ekimen berria sustatuko du Gure Esku dinamikak datozen hilabeteetan. Horrela, fase berri bati egingo dio Gure Eskuk, “etorkizunean erronka berriak” hartzeko: “Proposamenaren lehen zirriborro bat landu dugu, eta kide guztien eskura jarri dugu Gure Eskuren plataforma digital berrian, Plazan”, diote Gure Eskutik.

Maiatzean hasi du Gure Eskuk erreferendumaren aldeko ekimena herriz herri aurkezten, eta Hego Uribe eskualdean Basaurin egingo dute aurkezpena. Maiatzaren 28an, asteartez, izango da Ibaiganeko Kultur Etxean 19:30ean. Aurkezpen ekitaldian Josu Etxaburu GEko bozeramaile berria izango da.

Etapa berri bati ekiteko prest

Basauriko Gure Esku taldeak mezu bat bidali die noizbait dinamikan parte hartu duten herritarrei: “Duela ia sei urte, inor gutxik espero zuen pausoa eman genuen: begirale izatetik, protagonista izatera igaro ginen. Argi genuen besteek idatzitako gidoia jarraitu baino, guk geuk idatzi nahi genuela gurea. Ohartzerako, milaka ginen erabakiaren bidean oinez gindoazen herritarrak. Inori baimenik eskatu gabe, baina guztiei gonbidapena eginez. Egindako bidea balioan jarri, eta egiteko duguna irudikatzeko garaia da. Aldaketa garrantzitsua izango da, baina ez bakarra. Gure Eskuk fase berri bati ekingo dio, eta etorkizuneko erronkak plazaratzeko baliatuko du maiatzaren 28ko ekitaldia”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak