→Basauri

Genero ikuspegia Hirigintza Planean txertatzeko 13.350 euro jasoko ditu Udalak

basauri renfe maila azpiko bidea

Basauriren etorkizuneko hirigintza plana diseinatuko dute genero berdintasunaren aukera kontuan hartuz. Eusko Jaurlaritzak 13.350 euroko diru-laguntza emango dio Basauriko Udalari HAPOan genero ikuspegia txertatzeko.

Debekatutako Hiriaren Mapan agertzen den puntu beltzetako bat, Basaurin // Google Maps

Basauriren etorkizuneko hirigintza plana diseinatuko dute genero berdintasunaren aukera kontuan hartuz. Eusko Jaurlaritzak 13.350 euroko diru-laguntza emango dio Basauriko Udalari Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) genero ikuspegia txertatzeko. Hain zuzen ere, emakume eta gizonen arteko desberdintasun egoerak zuzentzea eta egokitzea izango da helburu nagusia, genero berdintasunaren alde egiteko.

Ikusgarritasunak, argiztatzeak, inguruan etxebizitzak egoteak eta gure hiriko edozein ingurutan erraztasunez orientatzeko aukerak segurtasun gehiagorekin edo gutxiagorekin hartzeko balio du hirigintza diseinuak. Zentzu horretan, HAPOaren berrikusketan genero perspektiba txertatuko du Basauriko Udalak, Debekatutako Hiriaren Mapa (2002) eta Emakumeen Aztarnen Mapa Basaurin (2010) dokumentuak kontuan hartuta.

Gaur egun indarrean dagoen HAPOa 1998koa da eta udal ordezkariek diotenez, “berrikusketa bat eskatzen du“. Orain dela hamasei urte, 2002an, Berdintasun Arloaren bitartez Basauriko Udalak emakumeontzako Debekatutako Hiriaren Mapa idazteari ekin zion. Generoaren eta herritarren eguneroko bizimoduaren ikuspegitik hirigintzaren analisi-mapak egiteko metodologia-eskuliburua da aipatutako dokumentua, eta emakumeentzako arriskutsuak izan daitezkeen puntuak biltzen ditu: “Sexu erasoak sufritzeko beldurrez, batez ere gauetan, askotan euren mugimendu askatasuna mugatuta ikusten dute emkaumeek, herriaren espazio desberdinez gozatzeko edota etxera lasai itzultzeko aukera murriztu egiten dietelarik puntu horiek“.

Genero ikuspegia HAPOan txertatzeko diru-laguntzak eskatzea proposatu zion Basauriko EH Bilduk udal gobernu taldeari iazko irailean, Berdintasun Batzordean. “Planean ikuspegi honen txertatzeak eremu publikoan emakumeen segurtasuna hobetze aldera herriko puntu beltzak identifikatu eta ezabatzeko baliagarria izango da edota ekipamendu eta hiri espazio berriak modu seguru eta diafanoan diseinatzeko ere“, diote ezkerreko koaliziotik.

Herritarren parte-hartzea

Hirigintza Planean genero ikuspegia txertatzeko prozesuak hiru fase izango ditu: hasierako diagnostikoa, berdintasunezko ikuspegi horretatik hiri-kalitatearen helburuak definitzea, eta helburu horiek betetzeko ekintzak diseinatzea. Fase guztietan herritarren parte-hartzea bilatuko du Basauriko Udalak, batez ere emakumeena.

Prozesua bukatuta, behin betiko dokumentua aurkeztuko du Udalak. Bertan adieraziko dira jarraitu beharreko estrategiak, helburu orokorrak eta zehatzak, eta jarduera programa (obrak egiteko epeak, aurrekontua edota finantziazio bideak).

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|