→Basauri

Haur-parkeak eta aisialdirako guneak berritzen 700.000 euro inbertitu ditu Basaurik 2011tik

Bizkotxalde parkean street workouterako eta gimnastikarako gune berriak jarriko ditu Basauriko Udalak datozen egunotan, 37.000 euro inbertituz.

Bizkotxalde parkean street workout gunea eraikiko du Udalak datozen egunetan // Argazkia: Basauriko Udala

Basauriko haur-parkeak eta aisialdirako guneak hobetzen eta berritzen 700.000 euro bideratu ditu Udalak azken zortzi urteetan, 2011tik. Zenbateko handiena Kareagako plaza berria atontzen eman dute udal ordezkariek: 206.385 euro. Besteak beste, haurrentzako jolasgunea, txirristak, saskibaloi-saskia eta argitazte eta hiri-altzari berriak jarri ditu Udalak Kareagako plazan.

Bestetik, Basozelaiko skateparka berritu eta handitu egin zuen Udalak 2015ean eta horretara 177.021 euro bideratu zituen. Era berean, Basauriko bi haur-parke estaltzeko inbertsioa egin du: 2013an Soloartekoa (74.531 euro) eta 2014an San Migelgoa (58.072 euro).

Zoladurak ere berrituko dituzte udalerriko zenbait haur-parketan, hala nola, Arizgoiti plazan (15.925 euro) eta Madril kalean (4.628). Madril kaleko haur-parkeari dagokionez, duela gutxi zola eta jolas berriak ipini ditu Udalak 23.337 euro inbertituz.

Bi kirolgune berri Bizkotxalden

Bizkotxalde parkean street workouterako eta gimnastikarako gune berriak jarriko ditu Basauriko Udalak. Kirolgune berriko obrak datozen egunotan hasiko dituzte eta gimnastikarako gailuak urmaeletik gertu jartzeaz gain (unitate eliptiko bat, kulunka-unitate bat, eta bularraldea lantzeko gailua), kalistenia gunea eraikiko dute saskibaloi kantxen ondoan (gorputzaren pisua baliatzen duen entrenamendu fisikoa da kalistenia): barra paraleloak, barra finko altuak, freestyle barra finkoak, esekidurazko barra finkoak eta estazio bat. Bi gune berri hauen inbertsioa 37.000 eurokoa izango da.

Gure asmoa da inbertsioak egiten jarraitzea, haur-parkeak eta aisiarako guneak hobetzeko apurka-apurka eta modu jarraian”, dio Nerea Renteria Basauriko Udaleko Hirigintzako zinegotziak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak