→Basauri

1.245 abisu eta kexa kudeatu ditu Basauriko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak

basauri herritarrentzako arreta zerbitzua 2018 udaletxea

%65a abisuak, iradokizunak, esker onak edo galderak izan dira, eta %35a kexak. Basauriko HAZak 47.000 izapide inguru egin ditu iaz.

Udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzua // Basauriko Udala

%65a abisuak, iradokizunak, esker onak edo galderak izan dira, eta %35a kexak. Basauriko HAZak 47.000 izapide inguru egin ditu iaz

Basauriko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (HAZ) 27.413 pertsona hartu ditu 2017an eta 47.000 izapide inguru egin ditu, 2016an baino 1.000 gutxiago. Ildo berean, abisuak, kexak, iradokizunak eta galderak beretsu mantendu dira: 2017an 1.245 abisu, kexa, iradokizun eta galdera kudeatu dituzte. “%65a abisuak, iradokizunak, esker onak edo galderak izan ziren, eta %35a bakarrik izan ziren kexak“, dio David Díez Herritarrentzako Informazio eta Arretarako Bulegoko zinegotziak. Jasotako gorabehera gehienak zerbitzuen ingurukoak izan dira. Besteak beste, zabor-bilketa, lorategien zaintza edo garbiketa eta bide publikoan egiten diren lanak (argiteria edota hiri-altzariak).

Abisuak edota kexak egiteko herritarrek erabili duten komunikazio-kanala telematikoa izan da (%67). Izapidetze elektronikoen harira, 2017an %27an hazi egin dira eta 2.527 herritarrek erabili dute sareko bide hori.

Aurrez aurre 24.886 herritar hurbildu dira HAZ bulegoetara. Biztanleen erroldarekin zerikusia zutenak (13.767) eta administrazioari buruzko informazioa jasotzeko (7.384) gerturatu dira bulegoetara, baita kulturari lotutako informazioa, udalerriko hainbat esparruri buruzkoa eta gure erakunde publikoei dagokiena jasotzeko ere.

7 minutuko itxaron denbora

Bulegoetan arreta jasotzeko batez beste herritarrek itxaron behar izan zuten denbora 06:48 minutukoa izan zen, eta izapidetzeen batez besteko iraupena 12:12 minutukoa. Basauriko HAZen, herritarren %81ek hamar minutu baino gutxiagoan jaso zuen arreta, eta 10 minutu baino gutxiagoan arreta emateari dagokion Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean atariko ehunekoarekin alderatuta (%56), emaitza oso ona lortu du Basaurikoak, udal-arduradunen arabera.

Herritarrentzako arreta bulegoetan herritar gehien egon diren ordutegiari dagokionez, 10:30etik 13:00etara izan da, eta arratsaldeko txandari dagokionez, 17:00etatik 19:30era (arreta emateko ordutegia 08:00etatik 20:00etara dago zabalik). “Herritarrentzako zerbitzua hobetze aldera, 2017. urtean eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoz, beste eragile bat jarri da goizez (arratsaldeko txandatik goizekora pasa da), eta, horrela, herritarren eskaria handiagoa den denbora-tarte horretan arinago eta eraginkorrago erantzun da“, dio Diezek.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|