→Basauri

Europar proiektuak gauzatu dituzte Urbi Institutuak eta Soloarte ikastetxeak

Urbi Institutuan Beauty is subjective proiektuarekin jarraitu dute eta Soloarte ikastetxeak A New Way for New Talents in Teaching proiektuan parte hartu du azken bi ikasturteetan.

Enara Menoyo Soloarte ikastetxeko ordezkari bezala Bruselan // Argazkia: Soloarte ikastetxea

Urbi Institutuan Beauty is subjective proiektuarekin jarraitu dute eta Soloarte ikastetxeak A New Way for New Talents in Teaching proiektuan parte hartu du azken bi ikasturteetan

Euskal Autonomia Erkidegoko gero eta ikastetxe gehiagok ateak zabaltzen dituzte Europara begira. Horren adibide dira, besteak beste, Basauriko zenbait eskola, tartean Urbi Institutua eta Soloarte ikastetxea.

Urbi Institutuari dagokionez, bertako Hizkuntza Klasikoen departamentuak jarraipena eman dio Erasmus+ B.I.S. (Beauty is subjective) proiektuari, 2019ra arte. Europako hiru ikastetxeen arteko kolaborazioa bilatzen du proiektuak, “inklusioa eta hizkuntza-aniztasuna balioztatzeko”: Tito Livio lizeoa (Milan, Italia), Atheneum Pottelberg  ikastetxea (Kortrijk, Belgika) eta Urbi Institutua.

Kolaborazio horri esker, elkartrukea egiten dute hiru ikastetxeek. Azaroaren 25etik abenduaren 2ra bitartean Milaneko eta Kortrijkeko ikasleak eta irakasleak etorri ziren Basaurira, jarduera, ekintza eta bisita askotan parte hartzeko. Ondoren, urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra Belgikara joan ziren eta maiatzaren 4tik 11ra Italiara joango dira Urbi Institutuko hizkuntza klasikoen ikasleak: “Bertan proiektuko ekintzekin jarraitzeko aukera izango dute”, dio Karmele Lopez de Abetxuko Urbi Institutuko irakasleak.

Urbi Institutuko ikasleak ongi etorria egiten Italiako eta Bruselaseko ikasleei // Argazkia: Urbi Institutua

Mugikortasun programa honetan parte hartzeagatik diplomak banatu zituzten Urbi Institutuan azaroaren 29an. Era berean, iaz Urbi Institutuko 8 ikaslek lortu zuten eTwinning OORE (Olim Omnes Romani Eramus; Behin Denak Ginen Erromatarrak) proiektuaren sari nazionala ere banatu zuten. Conchi Bergera Eusko Jaurlaritzako Europako Proiektuen Arduraduna, Nora Pereda Basauriko zinegotzia eta Koldo Lekunberri Urbi Institutuko zuzendaria izan ziren sari banaketan.

Ekitatezko hezkuntza inklusiboa

Soloarte ikastetxeak bere aldetik, A New Way for New Talents in Teaching proiektuan parte hartu du bi ikasturtez, 2016-2017an eta 2017-2018an. Proiektua  Europar  Batasunak  kofinantzatzen  du  Erasmus+  programaren  bitartez, Teach fot All nazioarteko sarearen barne. Euskadiko Empieza por Educar (ExE) fundazioa bertako kide da eta egun,  mundu  osoko  46  erakunde  daude  sare  horretan. Programaren  helburua da  irakasleak  prestatzea,  aukera  gutxien  dauzkaten  haurrengana  hurbiltzeko  asmoarekin. Hain zuzen ere, hori da Erasmus+en helburu nagusietako bat: ekitatezko hezkuntza inklusiboa lortzea.

Soloarte ikastetxeak proiektuan parte hartu du eta ExE irakasleen prestakuntza planeko bi hautagai jaso ditu: Lara Aresti eta Enara Menoyo. Parte hartze horren ondorioz, Soloarte  ikastetxea  hautatu  egin  zuten,  beste  10  ikastetxeren  artean,  Bruselara  joateko abenduaren 5ean eta proiektuari itxiera emateko. Euskadiko programaren ikasle guztien ordezkaria Enara Menoyo arrigorriagarra izan zen, eta bere esperientziaren inguruko hausnarketak azaldu zituen Bruselan.

“Soloarteko  Ikas  Komunitatearentzat  esperientzia  paregabea  izan  da nazioarteko  proiektu  horretan  elkarlanean  aritzea,  bokaziozko  bi  irakasle  berri  horiei  babesa  emateko  aukera  izan  baitu,  ez  soilik  eskolako  haurrentzat  helburu  hezigarri  onenak  jorratzeko  asmoz,  baita  Soloarte  ikastetxean  aspaldi  erabiltzen  diren  jarduera  arrakastatsuak  eskolaz  kanpoko  profesionalei  helarazteko  asmoz  ere”, diote Soloarte ikastetxeko ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak