→Basauri

Hondartza Eskubaloi txapelketa jokatuko da ekainaren 14tik 16ra, Maialen Aulestiaren alde

Basauriko V. Hondartza Eskubaloi Txapelketa jokatuko da ekainaren 14tik 16ra Bizkotxalden. Aurten bilduko duten dirua Maialen Austiarentzako izango da.

Hondartza Eskubaloia Txapelketa iaz // Argazkia: Geuria

Bosgarren urtez Basaurik hondartza izango du Bizkotxalde parkean. Hori bai, itsasorik gabe. Basauri Eskubaloi Taldeak, Udalaren laguntzarekin, Basauriko V. Hondartza Eskubaloi Txapelketa antolatuko du ekainaren 14tik 16ra bitartean. Aurrekoetan bezala eskolarteko eta federatutakoen arteko txapelketa izango da, eta guztira 73 taldek jokatuko dute: 25 federatu (emakumezkoen 11 talde eta gizonezkoen 14) eta 48 eskolarteko. Guztira 113 partidu jokatuko dira ostiraletik igandera Bizkotxaldeko hondartzan.

“Aurten ez da Arena 500 txapelketaren barruan jokatuko Basauriko txapelketa. Kantabriako eta Bizkaiko taldeak izango ditugu gurean”, dio Pablo Conejo Basauri Eskubaloi Taldeko presidenteak. Basauritik federatutako 6 taldek (emakumezkoen 3 eta gizonezkoen 3) eta eskolarteko 18 taldek jokatuko dute txapelketa. Aurreikuspenen arabera, 700 jokalari inguru bertaratuko dira asteburuan Basaurira. 

V. Hondartza Eskubaloia Txapelketaren aurkezpena gaur, Basauriko udaletxean // Geuria

Partiduak ostiralean hasiko dira 18:00etan (21:00ak arte), larunbatean egun osoan partiduak egongo dira (09:00-24:00) eta igandean finalaurrekoak eta final absolutuak jokatuko dituzte (09:00-14:30). 

Maialen Aulestiaren alde

Txapelketa hau Eskubaloi Solidarioaren XII. Jardunaldiaren baitan dago eta aurten bilduko duten dirua Maialen Aulestia 8 urteko bilbotarrarentzako izango da, Europa osoan Donohue sindromea duen neskatila bakarrarentzako. Gaixotasun arraroa da Donohue sindromea eta intsulinarekiko erresistentziarekin lotutako nahasmendu genetiko bat da. Hazkuntzan eta garapenean zailtasun handiak eragiten dizkio: “Maialenek oso adimen pribilegiatua du, baina bere gorputzak ez du normaltasunez funtzionatzen”, dio Iker Aulestia aitak. Gaur egun Munduan hiru pertsonek dute Donohue sindromea. Historia osoan 50 lagunek sufritu dute gaixotasuna.

“Egunerokoan mugak izan arren, oso alaia eta zoriontsua da Maialen. Sakrifizio handia egiten du Maialenek: eskolara joan ondoren, sei orduko fisioterapia egiten du. Gainera, oso aktiboa eta langilea da: pianoa edota lenguaia musikala ikasten ditu eta ahal duen neurrian arte martzialak ere praktikatzen ditu”, dio Iker Aulestiak. Arazo nagusiena zainketaren kostua dela dio Maialenen aitak: “Oso dieta zorrotza egin behar du, sendagaiak hartu eta zainketa zehatzak jaso. Gainera, Estatu Batuetara ere joan ohi gara tratamendua jarraitzera”, dio. Donohue sindromea dutenen bizi-itxaropena 18 eta 24 hilabete artekoa da gehienez. Maialenek, ordea, 8 urte bete ditu urtarrilean.

Partidak ikusteko sarrera doakoa izango da, baina izena ematen duten eskubaloi taldeen inskripzioa eta publizitatearen bidez lortuko duten diru-sarrerak izango dira dohaintzan emango dituztenak. “Ustez, 4.000 euro baino gehiago lortuko ditugu”, dio Conejok. Eskubaloi Solidarioari esker 72.000 euro baino gehiago lortu ditu Basauri Eskubaloi Taldeak azken 11 edizioetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak