→Basauri

Iñigo Cabacas omenduko dute bere hilketaren seigarren urteurrenean

basauri cabacas kontzentrazioa 2012 apirilak 13

Apirilaren 7an omendia egingo diote Iñigo Cabacasi, bere hilketaren seigarren urteurrenean. Omenaldi “masiboa” izatea eskatu dute senideek eta lagunek.

2012ko apirilaren 13an kontzentrazioa deitu zuten Cabacasen omenez Arizgoiti plazan // Bidebieta Irratia

Apirilaren 7an omendia egingo diote Iñigo Cabacasi Kirruli plazan, Bilbon, 13:30ean. Cabacasen senideek eta lagunek omenaldi “masiboa” izatea eskatu dute. Bere semeari gertatutakoa “edozeini” gerta zekiokeela adierazi du Manuel Cabacas gaztearen aitak, eta inor gehiagori ez gertatzea gustatuko litzaiokeela erantsi du. Duela sei urte hil zen Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilokada batek eragindako zaurien ondorioz.

Era berean, Iñigoren lagunek apirilaren 6an beste ekitaldi bat antolatuko dute Justizia Jauregiaren aurrean. Hain zuzen ere, gomazko piloten eskaintza egingo dute bertan.

Bere heriotza argitzeko epaiketa, urrian

Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko sei ertzainen aurkako epaiketa hasiko da urriaren 15ean. Jone Goirizelaia Cabacas familiaren abokatuak dioenez, “behingoz ahozko epaiketa zabalduko da, froga guztiak aurkeztuko ditugu eta Iñigorentzat eta bere familiarentzat justizia izango da“. Fiskaltzak bere aldetik ez du sei ertzainentzat zigorrik eskatzen, ez baitu polizia-kargan delitu zantzurik ikusten: “Deliturik ez badago, ezin da erantzulerik zehaztu“. Hori dela eta, Fiskaltzak absoluzioa eskatu du haientzat.

2016ko martxoaren 31n ahozko epaiketa abiatu zuen Ana Torres Bilboko Instrukziozko 10. Epaitegiaren arduradunak Ertzaintzako erdi-mailako hiru arduradunen aurka, eta beste hiru ertzainen aurkako izapideak artxibatu zituen. Geroago, Probintzia Auzitegiak ebatzi zuen hiru agente horiek ere epaitu behar zirela, gomazko pilotak ere bota zituztelakoan.

Epaileak bere ebazpenean adierazi zuenez, “gaztea hil zuen pilota nork bota zuen zehaztea erabat ezinezkoa da“. Dena dela, erdi-mailako hiru arduradun horiek “tiroak botatzeko agindua eman zuten, edo ertzainek gomazko pilotak botatzea baimendu zuten, eta horrek zuhurtzia pofesionaleko oinarrizko arauak urratu zuen, bertan bildutakoen segurtasuna arriskuan jarri zutelako“. Pilotekin egindako polizia-kargari dagokionez, epaileak esan zuenez, “ez ziren pilotak erabiltzeko baldintza larririk eman“.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak