→Basauri

745.000 euro bideratuko ditu Basauriko Udalak aurten herrian hobekuntzak egiteko

Irisgarritasun arazoei aurre egiteko eta igogailu publikoak eraikitzeko azterketa teknikoak egingo ditu Udalak. Era berean, espaloiak handitzeko obren lizitazio prozesuak zabaldu ditu.

Beltran de Heredia kaleko berrurbanizatze lanak egiteko lizitazio prozesua zabaldu du Udalak // Geuria

Irisgarritasun arazoei aurre egiteko eta igogailu publikoak eraikitzeko azterketa teknikoak egingo ditu Udalak. Era berean, espaloiak handitzeko obren lizitazio prozesuak zabaldu ditu

2018ko kontabilitate-ekitaldia itxita, Basauriko Udalak 4,6 milioi euroko geldikina du aurten erabiltzeko. Besteak beste, Kareaga eta Basozelai auzoen arteko lotura hobetzeko, Karmelo Torre kalean igogailua eraikitzeko azterketa teknikoa idazteko bideratuko dute zenbateko bat (Kareaga Auzo Elkarteak proposatuta), baita Forua eta Kareaga Goikoa 105 artean beste igogailu bat jartzeko azterketa bat egiteko ere.

Era berean, Uribarriko hareazko parkea berritzea eta estaltzea (300.000-400.000 euro), San Migelen tren geltokiaren ondoan doako aparkalekua egokitzea (121.000 euro) eta Etxegarai ikastetxera doan bidegorria berregitea (85.000 euro) aurreikusten du udal gobernu taldeak.

Lizitazio prozesuak, martxan

Halaber, Clemente Beltran de Heredia, eta Landa Doktorren eta Marcelino Gonzalez kaleak hobetzeko obrak egiteko lizitazio prozesuak zabaldu ditu dagoeneko Udalak.

Lehenengoari dagokionez, kalearen alde bateko aparkalekuak kendu eta bi aldeetako espaloiak handituko dituzte. Udal arduradunek aurreikusi dute hilabete eta erdi inguru beharko dutela lanak kontratatzeko eta esleitzeko, eta beraz, baliteke obrak ekainean hastea. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 62.468 euroko da eta obrak egiteko epea bi hilabetekoa.

Eta bestetik, Landa Doktorren 14. zenbakian eta Marcelino Gonzalez kaleko 1. eta 7. atarien artean oztopo arkitektonikoak ezabatuko dituzte: espaloiak handitu, oinezkoentzako pasaguneak beheratu eta  aipatutako atarietara sartzeko arrapalak jarriko dituzte. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 75.155 eurokoa da eta lanak burutzeko epea hilabete eta erdikoa izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak