→Basauri

Itxaso Ferreras: “Orain urteko sasoi lehorra hasi da Burkina Fason, unerik gogorrena”

Itxaso Ferreras Burkina Fason izan da otsailean Oxfam Intermonekin. Esnearen industria eta emakumeen egoera hobetzeko ari dira bertan esku hartzen.

Ferreras Burkina Fason // Argazkia: Pablo Tosco, Oxfam Intermon

Itxaso Ferreras Burkina Fason izan da otsailean Oxfam Intermonekin. Esnearen industria eta emakumeen egoera hobetzeko ari dira bertan esku hartzen

Itxaso Ferreras (Basauri, 1980) basauriarraren berri 2015ean izan genuen, Mugarik Gabeko Medikuak erakundearekin Hego Sudanen izan zenean kooperante gisa. Lau urteren buruan, Ferreras Burkin Fason izan da otsailean, oraingoan Oxfam Intermonen bitartez. Erakunde horretan egiten du lan orain Itxasok, “lan laguntzaileen komunikazioa prestatzen”, dio. Besteak beste, Burkina Fason esnearen industria sustatzen ari dira lanean.

Zerk bultzatuta iritsi zinen Burkina Fasora?
Bisitan etorri nintzen otsailean Oxfam Intermon erakundeak egiten duen lanaren berri emateko. Bertako familiak nola bizi diren eta gure lanaren eragina zein izan daitekeen ikustera joan nintzen, ondoren gurera ekarri eta azaltzeko.

Oxfam Intermonen egiten duzuen lana ezagutaraztea da zure lana, beraz.
Hala da. Oxfam Intermon babesten duten pertsonei erakundetik bertatik egiten dugun lana azaltzea da nire beharra. Burkinan egin dudan lanaz arituta, bertako hegoaldean gauzatzen ditugun programak bisitatzen aritu naiz. Burkinan lan egiten duten gure lantaldeekin izan naiz, laguntzen ditugun pertsonak ezagutu ditut eta gurekin lan egiten duten herri-elkarteen arduradunak aurrez aurre ezagutu ditut. Informazioa, elkarrizketak, bideoak eta argazkiak bildu ditugu. Jasotakoa maiatzean hasiko gara komunikatzen, orain hasten baita sasoi lehorraren unerik gogorrena.

Itxaso Ferreras Fatourekin elkarrizketan // Argazkia: Pablo Tosco, Oxfam Intermon

Zer da Burkina Fason aurkitu duzuna?
Hego Sudanen izan nuen esperientziarekin konparatzea ezinbestekoa zen, baina egoera oso bestelakoa da. Burkina Fason ez dago guda egoerarik, garapenerako bidea hasia dutela ikus daiteke. Hala ere, oraindik pobretasuna nabaria da. Familiek adobe eta lastozko etxeetan bizitzen jarraitzen dute.

Modu pertsonalean Fatou ezagutu nuen. Berak bizitzeko modu bat badu ere, ez dauka ezer ziurtatuta. Orain urteko sasoi lehorra hasi da Burkinan, eta behientzako belarra bukatu da. Oraindik ere, laguntza behar dute behiei pentsua emateko. Klima aldaketak eragin handia du lurretik eta abereetatik bizi den jendearentzat sasoi lehorrak gero eta irmoagoak direlako.

Behiez ari zarela, esnearen industria ari zarete bertan bultzatzen.
Bai. Burkina Faso herrialdean pertsonak baino behi gehiago dago. Hala ere, bertan kontsumitzen den esne gehiena inportatutako hauts-esnea da. Burkinan 18 milioi biztanle dira eta biztanleriaren % 80a baino gehiago beren lurren edo abereen ustiapenetik bizi da. Landetan bizi diren familia gehienek behiak dituzte eta horri esker bizi dira, nahiz eta, batez beste, egunean bi dolar baino gutxiagorekin bizi diren. Afrikako beste herrialdeetan bezala familientzat oso garrantzitsuak dira behiak. Animalia horiek beren aurrezpenak dira, beren bankuak dira. Zerbait behar dutenean behi bat saldu behar dute. Ezkontzen direnean behiak ematen dituzte.

Emakumeen egoera hobetzen ere laguntzen duzue.
Hala da. Behi gehienak, beste guztia bezala, gizonenak dira. Emakumeak ez dira ezeren jabe, ez landak, ez etxeak, ez abereak, ezer ez da berea. Emakumeak familiaren zaindariak badira ere, diru iturri gutxi dute. Esaterako, behiek esnea emateaz baino ez dira arduratzen emakumeak.

Burkinan ezagutu nuen Hantouren egoera azalduko dizuet adibide gisa. Hantou familia handi bateko amama da. Bere senarrak hainbat behi ditu eta hark esplotatzen ditu, haragia batez ere. Hatou, berriz, esnea ematen duten behien arduraduna da. Tradizioz emakumeek behien esnea jetzi egiten dute, familiaren kontsumorako. Baina soberan litroren bat baldin badu, hiriko familiei sal diezaieke eta diru apur bat lor dezake, berak bakarrik gestionatuko duena.

Eta horretan nola esku hartzen du Oxfam Intermonek?
Emakumeek lan hori egiten dutela jakinda, Oxfamek aukera bat ikusi du emakumeen egoera hobetzeko. Beren behiek esne gehiago ematen badute Hantouk esne litro gehiago izango ditu saltzeko eta diru apur hori bizitzeko modu bat izan daiteke etorkizunean. Hantouk etxera diru gehiago ekartzen duen heinean, familian duen egoera aldatzen joango da. Eta ez bakarrik familia giroan, baita gizartean ere.

Hantou bezala, beste lagunik topatu duzu Burkinan?
Bai. Fatou ere ezagutu nuen bidaia horretan. Hura ere familia handi bateko amama da, baina berak bere behien esnea saltzeaz gain, bere inguruko familien esnea hirira eramaten du bertan saltzeko. Lan horrekin diru apur bat gehiago irabazten du. Gainera, Fatou aurrezten hasi da, etorkizunean taberna txiki bat ireki nahi duelako errepide alboan esnea eta yogurtak saltzeko.

Hego Sudanetik Burkina Fasora. Herrialde gazteenetik herrialde txikienera. Zein alde dago herrialde batetik bestera?
Alde handia dago, Hego Sudan guda batetik atera eta  beste batean sartu da. Sudanetik independizatu ostean barne guda batean jarraitu du. Ni bertan egon nintzenean oraindik egoera oso larria zen, bortizkeria handia jasaten zuten biztanleek. Gainera, orain dela bi urte, gosete bat jasan zuten. Burkina Fasok, berriz, bere lehen hauteskunde demokratikoak 2015ean izan zituen, eta egoera sozio-politikoa egonkorragoa izan da orain arte.

Lehen Mugarik Gabeko Medikuak erakundean zeunden lanean, eta orain Oxfam Internmonen. Osagarriak dira bi erakundeak?
Bi erakundeen lana osagarria da: MGM medikuntzan eta Oxfam Intermon ura, garapena eta emakumeen berdintasunean. Oxfam Intermon, larrialdietan lan egiteaz gain, herrialde txiroenetan lanean geratzen da bertakoek beren bizimodua ziurtatzen duten arte. Oxfamek larrialdietan medikuak jarri beharrean, ur garbia eta segurua jartzen du. Gainera, ez du bakarrik krisietan lan egiten, gerora ere bertan lanean geratzen da.

Burkina Faso eredutzat har dezakegu. Iparraldeko eta hegoaldeko errealitateak oso desberdinak dira, hortaz, gure lana ere bai. Iparraldean pobretasuna nabariagoa da, eta bertan egiten dugun lanen artean ura ziurtatzea dago. Hegoaldean, berriz, familien egoera larria da, baina ingurua ez da hain irmoa. Klima aldaketa dela eta, gero eta lehorragoa da hegoaldea eta gure lana geroz eta beharrezkoa da familien biziraupena ziurtatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak