→Basauri

Kaleartean ekimena Bidebieta eta Kareaga auzoetara hedatuko da aurten

basauri kaleartean 2017 argazkia kaleartean facebook

Aurten berrikuntza bezala, bi asteburu hartuko ditu Kaleartean ekimenak eta Bidebieta eta Kareaga auzoetara hedatuko da. 

Iaz bisita gidatuak antolatu zituzten 10 esku-hartzeak ezagutzeko // Kaleartean (Facebook)

Kaleartean ekimenaren laugarren edizioa ospatuko da maiatza eta ekaina bitartean. Aurten berrikuntza bezala, bi asteburu hartuko ditu ekimenak (maiatzaren 25etik 27ra eta ekainaren 1etik 3ra) eta Bidebieta eta Kareaga auzoetara hedatuko da. Kaleartean ekimenaren helburua da udalerrian erabiltzen ez diren merkataritza-lokalen irudia eraldatzea, arte, diseinu eta sormenezko esku-hartzeak eginez. Aurreko urteetan bezala, aurten ere 10 lokal huts eraldatuko dituzte.

Esku-hartzeak hasi arte hutsik zeuden espazioen bitartez inguruetako ostalaritza-lokalak eta saltokiak bisitatuko dituzten pertsonen fluxuak erakartzen dira. Negozio horietatik gertu jarduera sortzeari esker, bisitari gehiago hurbiltzen dira, eta hortaz, jarduera ekonomikoa hobetzen da“, dio Aitor Aldaiturriaga Basauriko Udaleko Ekonomia Sustapeneko zinegotziak.

Apirilaren 9ra arte

Ekimenean parte hartu nahi duten sortzaileek izena eman behar dute apirilaren 9a baino lehen eta honako gai hauen gainean aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak: arte murala, sormen digitala, sormen grafikoa, sormen musikala edo interaktiboa, arkitektura eta hirigintza, erakusketa-formatu berriak, arte eszenikoak, bideo-sormena, esperimentazioa, diseinua, laborategiak edo beste diziplina batzuk. Proposamenak Basauriko Udaleko Herritarrei Informazioa emateko Bulegoan aurkeztu ahal izango dituzte edo udal webgunearen bitartez. Iaz 30 proposamen jaso zituen antolakuntzak.

Artean, kulturan, hirigintzan eta diseinuan lan-ibilbide luzea duten pertsonek osatutako batzorde bat arduratuko da esku-hartze horiek egingo dituzten sortzaileak hautatzeaz. Proposamenak hautatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat: espazioaren ezaugarrietara egokitzea, proposamena teknikoki bideragarria izatea, baliabide materialak modu jasangarrian erabiltzea, originala eta berritzailea izatea.

Aurreko edizioetan bezala, Hasiberriak, Seniorrak, Bertakoak eta Orokorra kategoriak ezarriko dituzte. Hautatutako lan bakoitzari 900 euro emango dizkio antolakuntzak proposamena gauzatzeko. Parte-hartzaileek esku-hartzea gauzatzeko behar duten material guztia, ahal den neurrian, Basauriko saltokietan eskuratu beharko dute.

Basauriko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Arloak sustatzen du Kaleartean eta Maraka taldeak zuzendu eta koordinatzen du.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak