→Basauri

Bizi berria lokal hutsei emana

Hori da Kaleartean ekimenaren helburua: Basaurin hutsik dauden lokalak eraberritzea eta horretarako artea erabiltzea. 2019ko Kaleartean programan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute otsailaren 25a baino lehen

Argazkia: Kaleartean

Hori da Kaleartean ekimenaren helburua: Basaurin hutsik dauden lokalak eraberritzea eta horretarako artea erabiltzea. 2019ko Kaleartean programan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute otsailaren 25a baino lehen

Jarduerarik gabeko merkataritza-lokaletan esku-hartze iragankorrak egiteko topaketa berriro ospatuko da Basaurin. Kaleartean da ekimen hori eta aurten bosgarren edizioa beteko du. Maiatzaren 31n, eta ekainaren 1ean, 2an, 7an, 8an eta 9an ospatuko da iaz bezala, Kareaga auzoan.

“Kaleartean ekimenaren helburu nagusia da erabilerarik ez duten udalerriko merkataritza-lokalen irudia eraldatzea, sormenezko esku-hartzeen bitartez”, dio Irune Jimenez Maraka lantaldeko kideetako batek. Hain zuzen ere, Kaleartean ekimenaren diseinua, zuzendaritza eta koordinazio orokorra Maraka lan-taldearen esku dago, Basauriko Udaleko Ogasun eta Ekonomia-Sustapena sailak bultzatuta.

Nazioarte mailako esperientzia ezberdinek frogatu dutenez, erabilerarik ez duten lokaletan esku-hartze iragankorrak egitea arrakastatsua da. Horretarako lokalaren barnealdean, kanpoaldean edota pertsianetan lan sortzaileak egitean datza proiektuak, “bisitarientzako erakargarriago egiteko helburuarekin”, diote udal ordezkariek: “Esku-hartze horiek bizitza soziala zein ekonomikoa suspertu egiten dituzte”.

Emaitza onaren adierazleak

Kaleartean ekimenak bost urte beteko ditu aurten eta antolatzaileen esanetan erantzun oso ona izan du Basaurin: “Bost urte betetzeak ekimenak erantzun ona izan duela adierazten du. Eta, erantzun ona izan du proiektua posible egiten duten eragile guztien aldetik: deialdira aurkezten diren sortzaileengandik (urtero erantzun polita izaten du eta jende berria zein errepikatzaileak izaten dira), lokal hutsak uzten dituzten jabe pribatuengandik, bisitariengandik eta ekimena bultzatzen duen Udalarengandik”, dio Jimenezek.

Iazko esku-hartzetako bat // Argazkia: La Absurda Zurda / Kaleartean

Urtero hamar esku-hartze hautatzen dituzte Basauriko lokal hutsak eraldatzeko, baina askoz proposamen gehiago jasotzen dituzte. Lau edizioetan 119 izan dira aurkeztu dituzten proposamenak: “Lehenengo urtean, 2015ean,  54 proposamen jaso genituen. Gure errekorra. 2016an 24 izan ziren aurkeztu ziren proiektuak, 2017an 30 eta 2018an 11″, dio Jimenezek: “Azkenengo edizioan, 2018koan, proposamen gutxi jaso genituen deialdian arazo bat egon zelako eta izena emateko epea berandu atera zelako”.

Negozio berriak irekitzea

Aipatu bezala, Kaleartean ekimenaren xedea da udalerrian dauden lokal hutsak artearen bidez erakargarri egitea eta lokal horiek saltzea beste jarduera ekonomiko batzuk bultzatzeko. “Helburua da lokalak ikustaraztea, zabaltzea. Kontutan hartu behar dugu salgai edota alokagai dauden lokaletako askok pertsiana jaitsita dutela eta horrela zaila dela bertan ezer ezartzea imajinatzea. Kaleartean ekimenak lokalak zabaldu eta bertara sartzea posible egiten du”, dio Irunek. Bada, aurreko lau edizioetatik honako hauek izan dira emaitzak: 2015ean 7 lokal hutsetatik 4 erabiliak izan ziren, 2016an 9 lokal hutsetatik 5 erabiliak izan ziren, 2017an 7 lokal hutsetatik 2 erabiliak izan ziren, eta 2018an 7 lokal hutsetatik 1 erabilia izan zen. “Guztira 30 lokal hutsek hartu dute parte lau urte hauetan (batzuek errepikatu dute edizioren batean) eta horietatik 12tan negozio berriak ireki dira eta hauetako batzuetan aldi-baterako beste era bateko ekimenak burutu dira, besteak beste, Emakumeen Gabonetako Merkatu Solidarioa edota Herriko Taldeakeko zenbait kuadrilen lonjak sanfaustoetan”, dio Irunek.

Guztira 30 lokal hutsek hartu dute parte lau urte hauetan eta horietatik 12tan negozio berriak ireki dira // Argazkia: La Absurda Zurda / Kaleartean

Izena emateko epea, zabalik

Basauriko Udalak epea zabaldu du 2019ko Kaleartean ekimenean parte hartu ahal izateko. Interesdunek otsailaren 25era arte dute aukera euren proposamenak bidaltzeko. “Proposamenak zenbait arlotakoak izan daitezke: horma-artea; sormen digital, grafiko edo musikala; arkitektura eta hirigintza; erakusketa-formatu berriak; arte eszenikoak; bideo-sormena; saiakera; diseinua; edota laborategiak”, diote udal ordezkariek. Kalearteanen esku-hartzeak Kareagako 10 gunetan egingo dira.

Izena eman daiteke Basauriko Herritarren Arretarako Zerbitzuaren bulegoetan (HAZ), udaletxearen beheko solairuan, 08:30etik 19:30era; San Migeleko HAZ bulegoetan 08:30etik 14:00etara; edota Basauriko Udalaren webgunean dagoen eskaera-orria beteta.

“Hautagaiak aukeratzeko epaimahaiak zenbait irizpide hartzen ditu kontuan. Esate baterako, proiektua espazioaren ezaugarrietara egokitzea, proposamenaren bideragarritasun teknikoa, baliabide materialen erabilera jasangarria, obra jatorrizkoa izatea edota ikus-entzuleekin elkarreragina sortzea”, dio Jimenezek. Epaimahaia nortzuk osatuko duten datozen hilabeteetan jakinaraziko dute antolakuntzatik.

9.000 euro saritan

Epaimahaiak 10 esku-hartze aukeratuko ditu eta hautatutako lan bakoitzak 900 euroko saria jasoko du proiektua aurrera eramateko. “Ahal dela, Basauriko dendetan erosi beharko dute irabazleek proposamena gauzatzeko beharrezko materiala”, diote Basauriko Udaletik.

“Ekimenak tokiko merkataritza bultzatu nahi du, lan hauek egiteko materialak bertan ere topatu daitezke. Aholkularitza honetan Merkatari Elkarteak laguntza eskaintzen digu, hornitzaileen inguruko informazioa eskainiz”, dio Irunek.

Bisita gidatuak eta tailerrak

2019ko Kaleartean maiatzaren 31tik ekainaren 9ra arteko bi asteburuetan ospatuko da, eta aurrekoetan bezala bisita gidatuak eta umeentzako tailerrak antolatuko dituzte: “Artera, diseinura eta sormenera hurbiltzea errazteko bidea ikusi dugu bisita gidatuetan. Bada bere kabuz era honetako ekimenak bisitatzera ohituta dagoenik, baina bultzada behar dutenentzat erraztasunak jarri behar direla uste dugu. Sortzaileak espazioetan egoten dira, bisitariekin hartu-emana izateko, baina bisita gidatuaren bidez, elkartruke hori bideratzen da eta bisitari batzuek nahiago dute horrela bizi”, dio Irunek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak