→Basauri

Kirol instalazioetan lanuzteengatik eman ez diren ikastaroen zenbatekoa itzuliko du Basauri Kirolakek

basauri artunduaga igerilekuak

Lanuzteen ondorioz eman ez diren saioengatik dirua itzuliko die Basauri Kirolak erakundeak erabiltzaileei. Itzulketa uztailaren 15etik aurrera eskatu ahal izango dute erabiltzaileek.

Itzulketa uztailaren 15etik aurrera eskatu ahal izango dute erabiltzaileek // Argazkia: Geuria

Bizkaiko udal kiroldegietako langileak protestan ari dira eta zenbait lanuzte egin dituzte maiatzetik aurrera. Basauriren kasuan, lanuzteen ondorioz eman ez diren saioengatik dirua itzuliko die Basauri Kirolak erakundeak erabiltzaileei, eta maiatzean egin bezala, ekainaren 15etik 27ra bitartean eman gabe geratutako ikastaroen zati proportzionala itzuliko die zerbitzu horietan izen emandako erabiltzaileei.

Diru-itzulketa izango duten ikastaroak dira: Cicling TC, Yoga, Aerobika, GAP, Zumba eta Haur Eskalada 0-1 gelako ikastaroei dagokienez, eta Oinarrizko 4-5, Haur Hastapena 0-1 eta Haur Mantenimendua ur-jarduerei dagokienez.

Itzulketa uztailaren 15etik aurrera eskatu ahal izango dute erabiltzaileek eta Basauri Kirolak-etik adierazi dutenez, “hiru hilabeteko epean” itzuliko diete zenbatekoa Artunduaga eta Urbiko kiroldegietako harreretan.

Lanuzteak uztailean ere

Maiatzean hasi zituzten lanuzteak Bizkaiko udal kirol instalazioetako langileek, eta badirudi lan gatazkak, momentuz, ez duela gertuko irtenbiderik. Langileak kexu dira hainbat arrazoirengatik: jardun murriztu eta aldi baterako kontratu gehiegi daudelako, ikastaroetan finkatutako pertsonen gehienezko kopurua sarritan gainditzen delako, ikastaroen artean atsedenik ez dutelako, klaseen prestakuntzak lan orduetatik kanpo egin behar dituztelako, lan arropa egokiak ematen ez dizkietelako edota langile gutxiegi direlako.

Ildo horretan, uztailean ere lanuzteekin jarraituko dutela iragarri dute: hilaren 18an (17:30etik 21:30era), 19an (08:30etik 12:30era) eta 23an (jardunaldi osokoa) greba egingo dute langileek. “Grebak langileen artean izango duen erantzuna jakin ez arren, igerilekuak itxi behar izango ditugula aurreikusten dugu soroslerik ez baita egongo. Era berean, baliteke hainbat ikastaro ere ez egotea”, diote Basauri Kirolaketik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak