→Basauri

Gazte Eguna antolatuko du San Migeleko jaietan La Fabrica Kolektiboak

Auzo-sentimendu kolektiboa sortzea, etxebizitzaren arazoa hurbiletik ezagutaraztea, elkarrekiko laguntzarako sare solidarioa eratzea, Diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) errealitatea azaleratzea eta sistema patriarkalaren kontra borrokatzea dira La Fabrica Kolektiboaren bost ardatz nagusiak.

Aurten izan du sorrera kolektiboak San Migelen, Basaurin. 20 eta 24 urte bitarteko 12 kidek osatzen dute kolektiboa, gehien-gehienak San Migelekoak. “Komunikabide batzuen bitartez, San Migeleko mediku baten bitartez edota bertako banku zuzendari baten bitartez jakin genuen, adibidez, eraso sexitak gertatzen zirela edota DBEz bizi diren familia asko dagoela San Migelen bertan. Orduan ikusi genuen hutsunea zegoela gurean, inork ezagutzen ez zuen errealitatea, eta horregatik erabaki genuen kolektibo bat sortzea, arazo horiek auzokideen artean ezagutarazteko”, dio Lorea Iglesias La Fabrica Kolektiboko kideak.

La Fabrica Kolektiboko zenbait kide // Argazkia: Geuria

Apirila eta maiatza artean hasi ziren kolektibo bezala mugitzen: “Hego Uribeko gazte asanbladetan parte hartzen hasi ginen. Herri bakoitzak bere gazte asanblada du, eta ikusi genuen San Migelen gazte asko ez zirela mugituko gazte asanblada bat martxan jartzeko. Orduan pentsatu genuen gauza handiago bat egitea: herri guztia hartzen duen kolektiboa eratzea, alegia”, dio Iglesiasek.

Hamaika ekintza prestatzen

La Fabrica Kolektiboa bi zatitan banatu dute: alde batetik gazteentzako zuzendutakoa, eta bestetik, asanblada irekien bitartez jende gehiagorengana iristekoa. Dagoeneko bi asanblada ireki egin dituzte, eta harrera “oso ona” izan dela diote: “Oporretatik bueltan asanblada ireki gehiago deituko ditugu. Asanblada hauen bitartez auzokideak biltzea eta dauden arazoei irtenbidea ematea bilatuko dugu”, diote.

Asanblada irekiez gain, beste ekintza batzuk antolatuko ditu La Fabrica Kolektiboak. “Udarako zenbait ekintza prestatzen gabiltza. Esate baterako, kaleko zinema, areto futbol txapelketa edota hitzaldiak. Era berean, Talde Feminista bat eratzen ere hasi gara”, diote. San Migeleko jaiei begira, Gazte Eguna antolatuko dutela adierazi dute: “Pentsatu dugu jaietako bigarren ostiralean antolatzea, Txosnagunean. Gazte Egunerako Txarraska Gazte Asanbladaren laguntza izango dugu”, diote.

Finantziazio kanpaina

La Fabrica Kolektiboaren proiektua aurrera ateratzeko finantziazio kanpaina bat zabaldu dute. “Hego Uribeko eta Larrabetzuko gaztetxe eta proiektu ezberdinek olioa salduko dugu finantziazio-iturri berriak bilatzeko asmoz”, diote: “Granada iparraldeko mendialdekoa -Campotejarrekoa- da guk eta eskualdeko beste batzuek salduko dugun oliba-olioa. 5 litroko garrafak dira eta 20 euroan egongo dira salgai (4 euro litroko). Era berean, aukera egongo da hiru garrafako kutxa erosteko, 58 euroan (3,87 euro litroko)”. Bilduko duten dirua ekintza ezberdinak martxan jartzeko erabiliko dute.

Oliba-olioa erosteko interesa dutenek eskaria egin dezakete 634 403 242 telefono zenbakiaren bitartez.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak