→Basauri

Zurrumurru matxistarik ez: “Gazteok ere parte hartu behar dugu egunerokoan”

Zurrumurru matxisten kontra egiteko taldea eratu zuten iaz Basaurin. Gazte gehiagok parte hartzea bilatzen dute.

Basauri eta Arrigorriagako emakume gazteek osatzen dute taldea // Argazkia: Maider Ibañez Espinosa

Zurrumurru matxisten kontra egiteko taldea eratu zuten iaz Basaurin. Gazte gehiagok parte hartzea bilatzen dute

Iazko martxoan zurrumurru matxisten kontrako formakuntza saioetan parte hartu zuten Basauriko hamar emakume gaztek eta talde propioa sortzea erabaki zuten, euren kabuz elkartzen jarraitzeko eta ekintza ezberdinak antolatzeko. Gaur egun, Basauriko gazteez gain, Arrigorriagakoak ere batu dira taldera. Taldea irekia da eta emakume gazte gehiagori deia zabaltzen diete eurekin bat egiteko. Bego Moreno, Paula Trueba, Leire Delgado, Helena Perez eta Aitziber Borgas basauriarrek eta Itoitz Serna eta Nora Martin arrigorriagarrek osatzen dute gaur egungo taldea.

Zurrumurru matxistei aurre egiteko taldea eratu berri duzue.
Bai. Zurrumurru matxistei aurre egiteko Bizkaiko zenbait lagunek formakuntza-saioetan parte hartu genuen 2018ko martxoan, Emagin elkartearen bitartez. Ermuako, Ondarroako eta Basauriko Emakumeen Etxeetatik joan ginen eta ekintza hori behin bukatuta, gure kabuz elkartzen jarraitzeko konpromisoa hartu genuen. Izan ere, gogo handia dugu eta nahiko aktiboak gara. Formakuntza-saioetan ikasi genuen zurrumurru matxista asko daudela gizartean, eta uste dugu aurrera egiteko horiei aurre egin behar zaiela. Identifikatu, hausnartu eta egoera aldatzen saiatu.

Zenbat emakume zaudete taldean?
Taldea ez dago guztiz itxita, orain ari gara taldea muntatzen. Zurrumurru matxistarik ez saioetan Basauriko 10 emakumek hartu genuen parte, 16 eta 38 urte bitartekoak. Gaur egun zazpi gara. Talde gaztea gara eta hori da asmoa, neska gazte gehiago erakartzea.

Taldetxoa eratu zenutenetik batzen jarraitzen duzuela aipatu duzue.
Hala da. Marienean biltzen gara eta laguntza ematen digute, baina talde autogestionatua gara. Zurrumurru matxisten arloan lehenengo hausnarketak egin eta gero elkartzen jarraitu genuen, batez ere iazko Basauriko jaiei begira zenbait ekintza antolatu nahi genituelako. Gure lehenengo aldia zen talde bezala gizarteari zuzentzen gintzaizkiola, guk pentsatutako ekintzak zabaltzen. Hardbass kalejira prestatu genuen edota pegatinak banatu genituen. Baina noski, Basauriko jaiek epe bat dute eta erabaki genuen batzen jarraitu behar genuela, hasitako proiektu honi jarraikortasuna emateko. Gaur egun, Basauriko neskez gain, Arrigorriagakoak ere etorri izan dira taldera.

Zein da taldearen helburu nagusia?
Batez ere zurrumurru matxistak gizartetik ezabatzea da helburu nagusia, baina ekintza zehatzei begira -esaterako, igaro berri diren Inauteriak edota Martxoak 8-, emakume gazte bezala egun horietan zer egin dezakegun ari gara hausnartzen. Ikusarazi nahi eta egin behar dugu emakume gazteak ere aktiboak garela. Elkarri laguntza eskaintzen diogula adierazi; ez bakarrik Basaurin, baizik eta eskualde osoan. Pentsatzeko beste modu bat ere badagoela ikusarazi nahi dugu. Izan ere, adibidez, Basauriko Mugimendu Feministako adin-tartea nagusitxoa da eta garrantzitsua da jakitea gazteok ere horrelakoetan parte hartu behar dugula.

Era berean, taldearen beste helburuetako bat izango litzateke gazteontzako beste espazio bat aldarrikatzea. Hau da, jaietan, adibidez, zerbait zehatza egin behar dela uste baduzu, guregana etorri eta esan: “Aizue, jaietan hau egin beharko litzatekeela uste dut. Zer deritzozue? Ondo? Bada, egingo dugu”. Orduan, hausnarketa berriak egitea bilatzen dugu jakiteko zehazki zer behar dugun gizarte honetan eta zergatik dugun beharrizan hori zerbait egiteko. Agian ez dugu jakingo zer behar dugun, baina printzipioz denok dakigu zerbait egin behar dela.

Orain arte zeintzuk izan dira gauzatu dituzuen ekintzak?
Aipatu bezala, Basauriko jaietan egin genuen lehenengo ekintza izan zen zurrumurru matxisten kontrako pegatinak banatzea eta Hardbass kalejira antolatzea. Gero, Inauteriei begira beste ekintza bat prestatu izan dugu: Basaurin eta eskualdean informazio-orriak banatu genituen adieraziz Inauterietan mozorro sexistarik ez janzteko, eta alternatiba asko badaudela zabaldu genuen. Horrek emakumeoi ez digu mesederik egiten, beste estereotipo matxista bat delako. Arrigorriagako Institutuan, esaterako, Ez mozorrotu sexismoa kanpaina abiarazi genuen.

Nola identifikatzen dira zurrumurru matxistak?
Zurrumurru matxisten inguruan oraindik gizartea ez dago kontzientziatua. Egunero entzuten dira kalean horrelako zurrumurruak. Guk, adibidez, zenbait saio behar izan genituen zurrumurru matxistak identifikatzeko. Hausnarketa asko egin dugu. Hain zuzen ere, zurrumurru horiek identifikatzeko gakoa da hausnarketa egitea. Batzuetan pentsatu gabe esaten ditugu gauzak eta baliteke hitz horietan adierazpen matxistarik botatzea. Orduan, gauzak esan aurretik hausnartu behar ditugula uste dugu. Horregatik, horrelako ekintzak martxan jartzea beharrezko ikusten dugu, behintzat, gogoeta egiteko aukera ematen dizutelako.

Gogoeta piztea erraza izan daiteke, baina oraindik zaila da asanbladetan gazteek parte hartzea.
Egia da hori. Asanbladetan gazteak badaude, baina oso gutxi. Berez jende gaztearengana iristea ez da zaila, baina azkenean bileretara edo asanbladetara joateko konpromisoan dago zailtasuna. Esate baterako, greba feministan gazteon parte-hartzea handia izan zen iaz, baina greba aurretiko prozesuetan parte hartzea oraindik kostatzen da. Eguneroko lanean faltan ditugu gazte gehiago. Ez dakigu zehazki zergatik. Faktore nagusia lotsa izan daiteke. Hemen gaudenok, adibidez, binaka etorri ginen Basauriko asanblada batera, bakarrik etortzeak lotsa ematen zigulako. Baina denborarekin konturatzen zara beste leku bat duzula sostengua izateko. Marienean beste mundu berri bat deskubritzen duzu: hausnartzeko, ikasteko eta harreman berriak sortzeko balio dizu.

Arrigorriagan jende gaztea joaten da asanbladetara, baina ez du hitzik egiten lotsagatik. Horregatik, honelako taldeak badaudela ezagutzean, uste dugu neska gazte gehiago animatu daitezkeela. Gainera emakume antolatuak ikusteak, beste emakume gehiago batzea ekar lezake. Modu indibidualean gauzak lor ditzakezu, baina are gehiago lortuko dituzu emakume gehiagorekin borrokatzen baduzu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak