→Basauri

Basauriko Meeting Proben 20. edizioak argazki erakusketa ibiltaria dakar

Maiatzaren 20an, igandez, ospatuko dira Basauriko Meeting Probak Artunduaga kiroldegian. Aurten 20. edizioa izango da eta urteurren hori ospatzeko hainbat jarduera berri antolatu dituzte.

Maiatzaren 20an, igandez, ospatuko dira Basauriko Meeting Probak Artunduaga kiroldegian. Aurten 20. edizioa izango da eta urteurren hori ospatzeko hainbat jarduera berri antolatu dituzte. Besteak beste, maiatzaren 9tik 25era bitartean topaketa paralinpikoari buruzko argazki erakusketa izango da Basauriko txoko ezberdinetan. Hogei urte hauetan zehar topaketan parte hartu duten atleten argazkiak egongo dira ikusgai.

Maiatzaren 9tik 14ra bitartean San Migeleko Hernan Cortes plazan izango da erakusketa; hilaren 15etik 19ra bitartean Kareaga Goikoa kalean; maiatzaren 20an, Meetingaren egunean, Artunduaga kiroldegiko harmailetan; eta hilaren 21etik 25era Bentako plazan.

Zigilu pertsonalizatua

Argazki erakusketaz gain, Meeting Proben antolakuntzak, Basauriko Merkatari Elkartearen eta San Jose ikastetxeko Ikasle Ohien Elkartearen laguntzarekin, topaketa paralinpikoari buruzko zigilu pertsonalizatua argitaratu du. Horretarako, San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak 1970. urtetik antolatzen duen margo eta marrazki lehiaketatik (aurten 48. edizioa) hautatu dute zigilua. Zigilu pertsonaizatuaren egilea eta lehiaketako irabazlea Uxue Elorriaga etxebarritarra izan da (11 urte). Zigilua maiatzaren 5ean aurkeztu zuten publikoki eta hilaren 7tik aurrera salgai dago.

basauri meeting 2018 zigilua lehiaketa irabazlea etxebarri uxue elorriaga

Uxue Elorriaga etxebarritarra da zigiluaren egilea // Geuria

Margo eta marrazki lehiaketak aurten 590 partaide izan ditu. Batez ere Basauriko ikasleek parte hartu dute, “baina baita Galdakao edo Etxebarrikoek ere. Gainera, irabazlea etxebarritarra da”, dio Javi Landeta San Jose Ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteko kideak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak