→Basauri

Indarkeria matxistaren biktimen 28 egoera erreal aurkezten ditu Memoria Eraikiz erakusketak

Memoria Eraikiz ikuskizuna Basaurin izango da martxoaren 29an eta 30ean. Indarkeria matxista jasan eta bizirik atera diren munduko hainbat tokitako emakumeren ahots eta kontakizunen bitartez, 28 errealitate ezberdin ezagutzeko aukera ematen du ikuskizunak.

Arizgoiti plazan egongo da erakusketa zabalik martxoaren 28an eta 29an // Argazkia: Geuria

Memoria Eraikiz ikuskizuna Basaurin izango da martxoaren 29an eta 30ean. Indarkeria matxista jasan eta bizirik atera diren munduko hainbat tokitako emakumeren ahots eta kontakizunen bitartez, 28 errealitate ezberdin ezagutzeko aukera ematen du ikuskizunak. “Zentzumen esperientzia berezi bat bizitzeko aukera eskaintzen du ikuskizunak. Emakume horien kontakizunen bidez indarkeriak beraien bizitzan izandako eragina ezagutu eta horri nola aurre egin dioten ikusiko dugu. Eta beraien ingurutik eta jendartetik zer espero duten jakingo dugu”, diote antolatzaileek: “Indarkeria matxisten aurrean dugun jokaeraz hausnartzera eta jabetzera gonbidatzen gaitu”.

Martxoaren 29an eta 30ean egongo da ikusgai ikuskizuna Arizgoiti plazan jarri duten karpan. Ostiralean 17:30ean, 18:15ean, 19:15ean eta 20:00etan izango dira emanaldiak, eta larunbatean 12:30ean, 13:30ean, 17:30ean, 18:15ean, 19:15ean eta 20:00etan. Erakusketa 16 urtetik gorakoei dago zuzenduta eta sarrera doakoa da.

Mugarik Gabe, Hortzmuga Teatroa eta Basauriko Udaleko ordezkariak // Argazkia: Geuria

Memoria Eraikiz ikuskizuna Mugarik Gabe erakundeak jarri du martxan Hortzmuga Teatroarekin batera, eta Basauriko Udaleko Berdintasun eta Lankidetza arloaren babesa dauka.

Asfalto arteko loreak

Emakumeen ahotsak berreskuratzea da ekimenaren helburua: “Ez dugu naho ahots horiek historiako bazterrean utzi, gure memorian gorde nahi ditugu, memoria kolektibo bat berreraiki eta berriz gerta ez dadila oihu egin”, dio Joana Etxano Gandariasbeitia Mugarik Gabe erakundeko kideak.

Memoria Eraikiz erakusketak, ‘Asfalto arteko loreak. Indarkeria matxisten kausak eta eragina biziraun duten emakume biktimen bizitzetan’ ikerketan jasotako bizitza-istorioak batzen ditu. El Salvador, Kolonbia, Guatemala, Euskal Herria eta Espainiako 28 emakumeren bizipen errealak kontatzen ditu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak