Sareak

☉ Basauri

Basauriko merkataritzari buruzko dokumentala aurkeztuko dute gaur

Kontsumoa Basaurin: atsegin handiz! dokumentala aurkeztuko dute azaroaren 22an. Basauriko merkataritza du ardatz ikus-entzunezkoak.

|

basauri kontsumoa merkataritza 2017 dokumentala frame
Kontsumoa Basaurin: atsegin handiz! dokumentalaren zati bat // Sagarrak

Kontsumoa Basaurin: atsegin handiz! dokumentala aurkeztuko dute gaur, azaroak 22 dituen honetan. Ikus-entzunezkoak Basauriko merkataritza du ardatz, eta bertan merkatariak eta kontsumitzaileak dira protagonistak. Hain zuzen, merkataritza-eredu gizatiarraren eta hurbilagokoaren alde egiten dute apustu.

Dokumentala azaroaren 22an, asteazkenez, aurkeztuko dute Pozokoetxeko Kultur Etxean 19:00etatik aurrera. Ikus-entzunezkoa azpimarratutako jatorrizko hizkuntzak izango da. Aurkezpenean izango dira proiektua sustatu eta aurrera eraman dutenak. Sagarrak, Ekologistak Martxan, Dorretxea, Setem Gobernuz Kanpoko erakundea eta Kultur Basaurik antolatu dute jarduera, Udalaren laguntzarekin.

Bizimodu jasangarrirantz

Beste alde batetik, Kontsumo arduratsu eta eraldatzailerako kanpainaren barruan, azaroaren 23an Tipi-tapa Bagoaz! Bizimodu jasangarrirantz dokumentalaren aurkezpena izango da Basaurin. “Elkarrekin aurrera egiteko ahalegin honetan, egungo garapen-ereduaren aurrean alternatibak bilatu behar direla sentitzen dugun kolektibo desberdinetako hainbat erakundek (gizarte-mugimenduak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak, sareak edota sindikatuak) gaude sartuta, eta denok batera honakoa adostu genuen 2016an: Euskal Herritik kolektibotasunean eraikiz: Bizi estilo jasangarrietan oinarritutako gizarte justu eta bidezko baten eraikuntzarako analisi eta aldarrikapenak” diote antolatzaileek. Eta, aldarrikapen horiek dira: Elikagai-Subiranotasuna, Ekonomiaren birlokalizazioa, Eredu energetikoa eta Zainketa.

Dokumentala azaroaren 23an, ostegunez, aurkeztuko dute Nai Lua Teterian, 19:30etik aurrera.

☉ Basauri

Argazkiak / 2.000 ikasletik gora egin dute Korrika Txikia Basaurin

Kolore uholdea izan da gaur arratsaldean Basaurin. Arrazoia? Korrika Txikia! Ikusi GEURIAn atera ditugun 60 argazki (eta zuzenekoa!)

|

Kolore uholdea izan da gaur arratsaldean Basaurin. Arrazoia? Korrika Txikia! Herriko 2.000 ikasletik gora egin dute bat euskararen aldeko ekimenarekin.

Aurten Bizkotxalde ikastetxeko ikasleek eraman dute lekukoa, eta euren atzetik herriko beste ikastetxeetako ikasleak, irakasleak eta baita gurasoak ere!

Ikusi GEURIAn atera ditugun 60 argazki! Topatu zaitez (edo zure seme-alaba)!

 

Ver esta publicación en Instagram

 

Una publicación compartida de Geuria (@geuria.eus)

Osorik irakurri

☉ Basauri

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua martxan dago jada Basaurin

Igogailua bertikala da eta lau geraleku ditu. Guztira 13 lagunentzako lekua du

|

Igogailua gaur jarri dute martxan // Basauriko Udala

Foruak eta Kareaga Goikoa kaleen arteko igogailua martxan dago gaurtik. Lanak iazko martxoan hasi zituzten eta urtebete ondoren bukatu dituzte.

Igogailua bertikala da eta lau geraleku ditu: behekoa, Foruak kalean; hurrengoa Kareaga Goikoa kaleko 105. atarira sarbidea ematen duena; bestea garajeetara sartzeko geralekua; eta, azkenik, goiko geralekua, Kareaga Goikoa kalean. Guztira 13 lagunentzako lekua du igogailuak.

“Igogailuak beirazko estaldura du aurrealdeetan eta aluminiozko panelak alboetan, aurrez aurre dauden etxebizitzei pribatutasun handiagoa emateko”, diote udal ordezkariek, eta gaineratu dute 13,24 metroko desnibela saihestu eta irigarritasuna hobetzen duela.

Basauriko Udalak milioi bat euroko inbertsioa egin du esku hartze honetan. Udalerriko zortzigarren hiri-igogailua da.

Udal arduradunen arabera, laster bederatzigarren igailua jarriko dute martxan: San Migel mendebaldekoa, alegia. Era berean, pasa den astean iragarri zuen Udalak lau igogailu eraikitzeko asmoa duela Kareaga eta Basozelai auzoak lotzeko.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Argazkiak / Herriko Taldeak eta Sofia Otero omendu dituzte 25. Ixatxak Sarietan, Basaurin

|

Ixatxak Sarien 25. edizioa izan da gaur, martxoak 17. Aurten Herriko Taldeak eta Sofia Otero omendu dituzte. Ekitaldian Basauri Koral Elkarteak, Danbolin Txistulari Elkarteak eta Edurre Dantza Taldeak parte hartu dute, aurreko edizioetan bezala.

San Jose ikastetxeko Ikasle Ohien Elkarteak banatzen ditu sariok; iaz azken sariak banatu zituztela esan zuten, baina elkarteko batzordea berritu eta sariak errepikatu dituzte.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Lau igogailu eraikiko ditu Basauriko Udalak Kareaga eta Basozelai auzoak lotzeko

Bosgarren igogailu bat eraikitzea ere aurreikusten du Basauriko Udalak. Igogailuak hiru urte eta erdian eraikita egon litezke eta inbertsioa 5 eta 7 milioi euro artekoa izango da

|

Kareagako bizilagunek urteak daramatzate auzoko irisgarritasuna hobetzeko igogailu eske. Zehazki, 2018tik.

Urte hauetan zehar zenbait proposamenen berri izan dute, baina gaur, bost urte ondoren, egingarri izan daitekeen proiektu baten berri izan dute.

Basauriko udal gobernu taldea Kareaga eta Basozelaiko bizilagunekin bildu da bi auzoak modu irisgarrian lotuko dituen konponbide teknikoaren berri emateko. Bilera irekia izan da Kareagako parrokian. Bertan izan dira gobernu taldeko zinegotziak, Unai Pomposo Udaleko ingeniaria, oposizioko ordezkariak eta auzotarrak.

Kanpoko ingeniaritzako enpresa batek alternatiben bideragarritasun teknikoak aztertu ditu azken hilabeteetan, eta azterlan horren ondorioak aztertu ondoren, Basauriko Udalak gutxienez lau igogailu eraikiko ditu lursail publikoan.

Lau igogailu horien kokapena izango da: lehen igogailuak Karmelo Torre kaleko haurren parkea (parrokia ondokoa) eta bidegorria lotuko ditu; bigarrenak bidegorria eta Bidasoa Ibaia kalea; hirugarrenak Iparragirre eta Jazinto Benabente kaleak; eta laugarrenak Jazinto Benabente eta Axular.

Kareaga eta Basozelai auzoak lotzeko aurreikusita dauden bost igogailuak // Basauriko Udala

“Lehen igogailua Karmelo Torreren haur-jolasen eta elizaren arteko gunetik aterako da, eta, horren ondoren, beste hiru igogailu igoko dira bidegorritik Jazinto Benabenteren atzealdera, eta hortik Basozelaiko Axular kalera”, dio Unai Pomposo udal ingeniariak. Igogailu bakoitza pasabide batek lagunduko du.

Bosgarren igogailu bat

Lau igogailu horiez gain, bosgarren bat eraikitzea ere aurreikusten du udal gobernu taldeak: “Elizaren atzeko aldeko bidegorria (lursail pribatua) eta Karmelo Torreren 19. eta 21. atariak lotuko lituzte bosgarren igogailuak, baina horretarako jabeen baimena beharko genuke”, dio Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotziak, eta gaineratu du aukera horrek ere “hobekuntzak” ekarriko lituzkeela bidegorrian.

Bost igogailu hauen kokalekua zehatza ez dela jakinarazi du Asier Iragorri alkateak: “Hau azterketa baten aurkezpen publikoa izan da. Ondoren, proiektuaren idazketa lizitatu beharko genuke, eta gero hasiko ginateke obrekin”.

Epeez galdetuta, gaurtik hasita gutxienez lehen lau igogailuak hiru urte eta erdian eraikita egon litezke; hau da, 2027rako. “Gauzak ondo bidean, urte eta erdian proiektu zehatz bat izan genezake, eta ideia da lehen lau igogailuen obrak aldi berean hastea”, dio Iragorrik.

Basauriko Udalak 5 eta 7 milioi euro arteko inbertsioa egingo du esku hartze honetan.

Kareaga Auzo Elkarteko kideak “pozik” agertu dira Udalak aurkeztutako proposamenarekin: “Bost urtetan geldirik egon da gaia, eta orain urrats garrantzitsu bat eman da. Azterketa sakon aztertu behar dugu balorazio bat eman aurretik, baina aurrerapauso bat eman dela uste dugu”, diote.

Baztertutako proposamenak

Hainbat proposamen baloratu dituztela adierazi du Unai Pomposo udal ingenariak aurkezpen publikoan. “Horietako bat arrapala mekanikoak jartzeko aukera zen, baina ondorioztatu da aukera horrek ez duela irisgarritasun unibertsala ematen, igotzeko baino ez liratekeelako izango. Gainera, Karmelo Torre kaleko espaloi bakoitiko aparkalekuak kendu beharko lirateke”, dio Pomposok.

Igogailu inklinatu bat jartzea ere baloratu dute, baina kostua handiagoa dela eta egitea “zailagoa” izango litzatekeela azaldu du Pomposok, “mendi-hegalaren zati bat kendu eta lur pribatuan eraiki beharko litzatekeelako”.

Etxebizitzen atzealdetik igogailu bertikalak jartzeko proposamenari dagokionez, atarietarako sarbide zuzenik ez luketela izango adierazi du Pomposok: “Herritarrek jende gutxi dabilen eremuak zeharkatu beharko lituzkete, eta hori segurtasun-arazo litzateke. Aukera hori ez da oso funtzionala, egiteko konplexua da, eta, gainera, igogailuak lur pribatutik joango lirateke”.

“Anbulatorioaren eta Karmelo Torreko goiko aldean dauden etxebizitzen arteko irisgarritasuna hobetzeko aukerarik egokiena igogailu bertikala litzateke, erabilera publikoko plaza pribatuan sortuko liratekeen bi pasabiderekin. Baina aukera hori baztertu egin da, jabeen erkidegoaren baimenik ez dagoelako”, dio udal ingeniariak.

“Ingeniaritzaren txostenaren ondorioetan zehazten da igogailu bertikalek irisgarritasun unibertsala konponduko luketela, eta hainbat proposamen jaso dira, eremu desberdinetarako sarbidea ematen dutenak eta banaka edo konbinatuta egin daitezkeenak”, dio.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Unai Arroita basauriarra entrenatzaile onena izendatu dute Bizkaia Kirol Sarietan

Arroitak urrezko 14 domina eta zilarrezko hiru irabazi izan ditu Euskadiko txapelketetan 2008tik 2020ra artean kadete, junior, sub21 eta absolutu kategorietan

|

Unai Arroita, Juan Solisekin // Utzitakoa

Unai Arroita Larrinaga Basauriko The Masters gimnasioko kideak entrenatzaile onenaren saria jaso du Bizkaiko Kirol Sarietan. Sari-banaketa joan den martxoaren 11n egin zuten eta Arroita harrituta agertu da aintzatespen honen aurrean: “Oso pozik jaso dut sari hau, eta egia esan, ez nuen espero”, aitortu dio GEURIAri Basauriko kirolariak. Bigarren aldia da Federazioak sari hau jasotzeko gomendatzen duela: “Aurreko aldian saria jasotzeko proposatu ninduten baina boxeoko entrenatzaileak jaso zuen saria”.

Joan den astean Diputaziotik deitu zuten Arroita, saria jasoko zuela iragarriz. “Ilusio handiagoa egiten dit argazkietan kirolariekin euren garaipenak ospatzen agertzea sari indibidualak jasotzea baino; oraingo honetan, ordea, kirolariek nire saria ospatu eta nirekin agertu dira argazkian”, azaldu du pozik Basaurikoak.

Unai Arroita: “Oraingo honetan, kirolariek nire saria ospatu eta nirekin agertu dira argazkian”

Arroitak kargu ugari bete izan ditu kirolaren esparruan lanean hasi zenetik: Basauriko The Masters gimnasioko entrenatzailea izateaz gainera 2017an Espainiako Selekzioko entrenatzailea izan zen Egipton; 2017tik gaur egun arte Euskadiko selekzioko kadete eta junior kategorietako hautatzailea da; 2020tik Euskadiko hautatzaile absolutua da eta Euskadiko Unibertsitate selekzioko hautatzailea 2019tik gaur egun arte.

Basauriarrak marka nagusi bi hautsi ditu: alde batetik, selekzio nazional batekin mundu mailako txapelketa batera joan den entrenatzaile gazteena izan da 21 urterekin. Beste alde batetik, Euskadiko lehen entrenatzailea izan da Euskadiko Txapelketako kategoria guztiak irabazten.

Kirolari modura, Espainiako selekzioko junior kategorian debutatu zuen 2012an eta zilarrezko domina bi eta brontzezko beste bi irabazi ditu Espainiako junior kategorietako txapelketetan. 2015ean zilarrezko domina irabazi zuen 21 urte azpiko Espainiako txapelketan. 2016an brontzezko domina irabazi zuen Espainiako txapelketa absolutuan. Euskadiko txapelketei dagokienez, Arroitak urrezko 14 domina eta zilarrezko hiru irabazi izan ditu 2008tik 2020ra artean kadete, junior, sub21 eta absolutu kategorietan.

Apirilean, Estoniara

Arroitaren hurrengo erronka Estonian dago. Apirilean bertara joango da The Masterseko kirolariekin taekwondoko Presidente Kopa jokatzera. Txapelketa horretan lehen hiru postuak lortuko dituzten kirolariak Europako Txapelketarako sailkatuko dira zuzenean.

Osorik irakurri