→Basauri

Open Rubik Txapelketak 10 urte beteko ditu aurten Basaurin

basauri open rubik 2017 argazkia zirtzart 1

Basauri Open Rubik Txapelketaren 10. edizioa ospatuko da aurten. Azaroaren 17an eta 18an izango da lehiaketa Ibaigane Kultur Etxean.

2017ko Basauri Open Rubik Txapelketa // Argazkia: ZirtZart Basauri, Facebook

Basauri Open Rubik Txapelketaren hamargarren edizioa ospatuko da aurten. Azaroaren 17an eta 18an izango da lehiaketa (goizez eta arratsaldez) eta eskualdeko zein nazioarteko jokalariak bilduko ditu. Aurreko edizioak Basozelai Gizarte Etxean izan dira, baina aurten, nobedade bezala, Ibaigane Kultur Etxean izango da txapelketa, Basauri erdigunean. Jokalariez gain, adituak, zaleak eta jakin-mina dutenak gerturatu ahal izango dira Ibaiganera.

Txapelketan parte hartzeko interesa dutenek aukera dute aldez aurretik izena emateko Kuboaren Mundu Elkartearen (WCA) webgunearen bitartez. Azaroaren 17an ere, 10:00ak baino lehen izena emateko aukera egongo da. Joan den urtean 45 gaztek hartu zuten parte Basauri Open Rubik txapelketan.

Rubik Kuboaren Euskal Elkarteak antolatzen du txapelketa, Basauriko Udaleko Zirt Zart Gazte Bulegoaren eta Kultur Basauri erakundearen laguntzarekin. Kuboaren Mundu Elkarteak (WCA) araututako txapelketa ofiziala da Basaurikoa.

Markak hausteko tokia

Aurreko edizioetan nazioarteko zenbait marka hautsi dituzte Basauriko Open Rubik Txapelketan. Aipatzekoa da Daniel Gracia Ortiz gasteiztarrak Basauriko ordura arteko markarik onena finkatu zuela: 3x3x3ko kuboa hiru saiakerako batez bestekoarekin, 10,81 segundotan ebatzi zuen.

Graciak azken bi urteetako txapelketak irabazi ditu. Aurretik, Eder Olivencia arrigorriagarra suertatu izan da garaile 2014an eta 2015ean. GEURIAk elkarrizketa egin zion Olivenciari, Bilbao Open Rubik txapelketako lehenengo edizioan hainbat kategoria irabazi baitzituen: 3×3, 4×4, 5×5 eta 7×7 kategoriak, alegia. Aipatzekoa 3x3x3 kuboa 9.46 segunduan egin zuela.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak