→Basauri

Ana Riaño bilbotarrak irabazi du 2018ko Otaola Beka, ‘Sare sozialak’ proiektuagatik

basauri otaola beka 2018 ana riano

Ana Riaño bilbotarrak (Bilbo, 1985) irabazi du aurtengo Juan eta Pablo de Otaola Beka, RRSS (sare sozialak) proiektua aurkeztuta.

Argazkian: Jesus Mari Lazkano, Pablo Otaola, Andoni Busquet, Ana Riaño artista irabazlea, Miguel Zugaza eta Iker Serrano // Maider Ibañez

Ana Riaño bilbotarrak (Bilbo, 1985) irabazi du aurtengo Juan eta Pablo de Otaola Beka, RRSS (sare sozialak) proiektua aurkeztuta. Artearen eta artisten ekosistemaren irakurketa egiten du, pinturaren lengoaia baliatuta. Hau da, margo eta irudien bidez sare sozialen sistemari buruz hausnarketa  egitea du helburu proiektuak, aztertzera nola sare sozialek eragiten dioten artistari, bere buruaren ikusle gisa diharduenean. “Bizirik zein zendutako artistak izango dira proiektuko ardatz, eta nola erabiliko lituzketeen sare sozialak euren buruak eta euren lanak ezagutarazteko. Esate baterako, Facebookeko arbela eta lagunak, Twitterreko egoera edota Instagrameko argazki galeria”, dio Riañok: “Hasierako planteamendua Photoshopen egiten dut eta ondoren oihalaren gainean margotzen dut”.

basauri otaola beka 2018 ana riano rrss proiektua francis bacon argazkia anarianoinfo

RRSS proiektuko lanetariko bat. Francis Bacon margolariaren (1909-1992) Facebook profila izango litzatekeena // anariano.info

Otaola beka irabazteagatik Riañok lau hilabeteko egonaldia egingo du Parisko (Frantzia) Cité Internationale des Arts Fundazioan 2018ko irailaren 5etik abenduaren 27ra bitartean, egonaldi- eta ikasketa-gastu guztiak ordainduta. Era berean, 3.600 euro jasoko ditu manutentziorako, bidaietarako eta proiektua ekoizteko. Egonaldia bukatu eta gero, proiektua aurkeztuko du Arizko Dorretxean 2019ko maiatzean.

Aurten 18 proiektu aurkeztu dira eta epaimahaiak, Cité des Artsen berrikusketarekin, Ana Riañoren proiektua hautatu du. Epaimahaia osatu dute, besteak beste, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak (Prado Museoko zuzendari izandakoa), Jesus Mari Lazkano artistak, Iker Serrano Kultur Basauriko irakasle eta artistak eta Fernando Nieva Kultur Basauriko kultura-jardueren zuzendariak.

Nazioarteko proiekzioa

Basauritik mundura. Juan eta Pablo de Otaola beka nazioartekoa bilakatu berri da. Hain zuzen ere, Parisko Cité Internationale des Arts Fundazioarekin lankidetzan ariko da hemendik aurrera. Lankidetza horri esker Otaola bekako irabazleek ospe handiko eta interes publikoko egonaldia egingo dute Parisen.

Juan eta Pablo de Otaola Beka 1990. urtean sortu zen eta 2014an Eusko Jaurlaritzaren GureArtea saria jaso zuen, arte-sormenean 25 urtez egindako ibilbidearen aintzatespen gisa. Beka Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du. Helburua da prestakuntza artistikoa sustatzea eta Euskal Herrian bizi diren artistei laguntza ematea arte plastiko eta bisualen eremuan sortzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak