☉ Basauri
Gala Knörr gasteiztarrak irabazi du 2019ko Otaola Beka, ‘Tumbleweeds’ proiektuarekin
Basauriko Otaola bekak 30 urte beteko ditu 2019an. Aurten Gala Knörr gasteiztarrak irabazi du beka eta lau hilabeteko egonaldia egingo du Parisen.

Basauriko Otaola bekak 30 urte beteko ditu 2019an. Beka honen helburua da arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea eta horretarako diru-laguntza jasotzen du bekaren irabazleak. Aurten Gala Knörr gasteiztarrak (Gasteiz, 1984) irabazi du beka, ‘Tumbleweeds’ proiektuarekin.
Irailetik aurrera Knörrek lau hilabete emango ditu Pariseko Cité Internationales del Arts-en bere proiektua garatzeko. “Aurkeztu dudan proiektua Parisen egitekoa zen. Ostantzean, ez nukeen egingo”, dio Knörrek: “Medio plastikoak eta ikus-entzunezkoak landuko ditut: norabiderik ez duten espirituen erretratuak egingo ditut”. Parisen lau hilabeteko egonaldiaz gain (egoitza- eta ikasketa-gastuak ordainduta izango ditu), 3.600 euro jasoko ditu Knörrek bere kontuetarako.
Lau hilabeteko egonaldia behin bukatuta, egindako lanari buruzko memoria bisuala eta idatzia aurkeztu beharko du Knörrek, eta ondoren erakusketa egingo dute Basaurin. Era berean, irabazleak jarduera artistikoren bat egin beharko du Basauriko ikastetxe edo kultur etxeetan, gazteenei arte garaikidea ezagutzera emateko, etorkizuneko publikoa hezteko, balizko publikoarengana hurbiltzeko edota bestelako kultura-bizipen bat eskaintzeko.
Aurtengo deialdian 18 proiektu aurkeztu dira eta azkenean Gala Knörren lana hautatu du epaimahaiak. Nora Pereda Basauriko Udaleko Kultura zinegotziak, Iker Serrano Kultur Basauriko ordezkariak, Bénédicte Alliot Cité-ko zuzendariak, Javier Gonzalez de Durana EHUn Historia Garaikideko irakasleak, Aitor Ortiz argazkilari eta artistak, eta Fernando Nieva Kultur Basauriko beste ordezkariak osatu dute aurten epaimahaia.
30 urtez artea bultzatzen
90. hamarkada hasiera zen Pablo de Otaolak beka hau sortu zuenean. 1990ean, bere aita Juanen omenez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren artista plastikoen prestakuntzan laguntzeko helburuarekin sortu zuen beka. 30 urte hauetan zehar EAEko 32 artistek eskuratu dute beka.
Halaber, 2014an Eusko Jaurlaritzaren GureArtea saria jaso zuen Otaola Bekak (bere 25. urteurrenean), Euskal Autonomia Erkidegoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpenaren aintzatespen gisa. Beka Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du Kultur Basauriren bitartez.
Ana Riañoren erakusketa Basaurin ikusgai
2018an Ana Riaño bilbotarrak irabazi zuen Otaola Beka. Bekari esker, Riaño Parisen izan zen iaz. Hain zuzen ere, iaz zabaldu zuten beka nazioartera, bekadunak lau hilabeteko egonaldia Cité Internationales del Arts-en egiteko. Orain, Riañok bere proiektua bukatuta, bere erakusketa ireki dute Basauriko Arizko Dorretxean. Ekainaren 9ra arte egongo da ikusgai RRSS bere proiektua.

Ana Riañoren erakusketa zabalik dago Arizko Dorretxean ekainaren 9ra arte // Geuria
RRSS (sare sozialak) proiektuarekin, Riañok bizirik zein zendutako artistak izan ditu ardatz eta horien perfilak sortu ditu sare sozialetan, margoaren bitartez. “Artista horiek euren buruak eta euren lanak ezagutarazteko sare sozialak nola erabiliko lituzketeen da aurkeztu nuen proiektua. Esate baterako, Facebookeko arbela eta lagunak, Twitterreko egoera edota Instagrameko argazki galeria”, zioen Riañok proiektua iaz aurkeztu zuenean: “Hasierako planteamendua Photoshopen egin dut eta ondoren oihalaren gainean margotu dut”.
☉ Basauri
‘Jone, batzuetan’ filma euskaraz proiektatuko dute Social Antzokian, Basaurin
Gaur, irailak 19, eta hilaren 22an eta 23an proiektatuko dute ‘Jone, batzuetan’ filma Basauriko zineman

Basauriko Social Antzokiak irailaren 18an hasiko du zine programazio berria. Eta, hasteko, euskarazko film bat proiektatuko dute: ‘Jone, batzuetan’.
Bilboko jaietan oinarrituta, Jone da protagonista, 20 urtekoa. Aitarekin eta ahizparekin bizi da eta Bilboko Aste Nagusian maiteminduko da lehen aldiz Olgarekin. Lehen maitasunaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz bakarrik geratzeko beldurraren artean biziko da Jone.
Irailaren 19an, 22an eta 23an proiektatuko dute filma Social Antzokian 20:00etan. Sarrera 5 eurokoa da.
☉ Basauri
800 metro karratuko baso autoktonoa sortu dute Basaurin, nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzeko
Fruta-arbolak, usain-belarrak eta basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak ditu Iruaretxetako baso autoktonoak. Abendura bitarte lau tailer antolatu dituzte

Baso autoktono jasangarria sortu dute Basaurin, Iruaretxetan. Guztira 800 metro karratuko azalera du basoak eta Udala aitzindaria izan da administrazio publikoen artean horrelako proiektu bat aurrera eramaten.
Basoak arbola, zuhaixka eta belar espezie ugari ditu: intxaurrondoak, arteak, haltzak, intsusak, artelatzak, haritzak, pinuak, hurritzak, pagoak eta abar landatu dituzte, eta, horiekin batera, sagarrondoak, madariondoak, aranondoak, limoiondoak eta laranjondoak; izpilikua eta erromeroa; eta marrubiak, ahabiak eta mugurdiak bezalako basa-fruitu gorriak ematen dituzten zuhaixkak landatu dituzte bertan. Gainera, txorientzako eta saguzarrentzako etxolak ere jarri dituzte.
“Baso jangarri sintropikoak dira basoko ekosistema naturalen egitura eta funtzioak imitatzeko diseinatutako nekazaritza- eta baso-sistemak. Ekoizpen, erresilientzia eta birsortze-gaitasun handia dute, eta, batez ere, gizakiontzat jangarriak era erabilgarriak diren espezieak hartzen dituzte. Ekologia eta elikadura-subiranotasuna uztartzen dituen nekazaritza birsortzaile eta jasangarri mota bat dira”, esan du Irene Garcia Basauriko Udaleko Ingurumen arloko zinegotziak.
Zentzu horretan, horrelako basoek “onura asko” dituztela adierazi du Garciak: “Leheneratze ekologikoa sustatzen dute, biodibertsitatea eta lurzoruaren osasuna hobetzen dute, klima-aldaketaren eraginak arintzen dituzte, karbonoa atzitzen dute, eta, finean, mikroklima ontzen dute”.
Baso autoktonoa herritarrek bozkatu zuten 2024ko aurrekontu parte hartzaileetan, eta Udalak 2025ean zehar gauzatu behar zuen, “berdeguneak handitzeko”.
Tailerrak baso autoktonoan
Proiektuak nekazaritza-sistema berriei buruz sentsibilizatzea eta horien zabalkundea egitea aurreikusten du, eta, horretarako, lau tailer antolatu ditu Udalak irailetik abendura bitartean, hilean bat.
Tailerren helburuak honakoak dira: herritarrak baso-kontzeptu horretara hurbiltzea lurzoruaren kudeaketa ekologikoaren alorreko oinarrizko teknikak aplikatuta (inausketa, konpostatzea eta landatzea); biodibertsitatea, erresilientzia eta tokiko elikadura bultzatzea, eta auzolana eta jakintza agroekologikoa sustatzea.
Irailaren 27an izango da lehen tailerra eta hizpide izango dute ‘Baso jasangarriak: hastapenak eta oinarrizko diseinua’. Hurrengoa, urriaren 25ean izango da: ‘Konpostatze ekologikoa eta zoru bizia zaintzea’. Hirugarren tailerra izango da ‘Inausketa, biomasa erabiltzea eta mulch bizia’ eta azaroaren 15ean antolatuko dute. Eta azkenik, abenduaren 13an ‘Udazkenean landatzekoak eta negurako prestaketa-lanak’ tailerra eskainiko dute.
Tailerretan izena eman nahi dutenek mezu elektronikoa bidali behar dute jurgivuriarte@hotmail.com helbidera. Udaletik zehaztu dutenez, 15 plaza baino ez dituzte eskainiko.
☉ Basauri
Amaia Bonachera basauriarraren kartelak iragarriko ditu 2025eko San Fausto jaiak

Basauriko jaietarako atzera kontaketa hasi da. Urriaren 11n, larunbatez, hasiko dira sanfaustoak eta jaiak iragarriko dituen kartela aurkeztu dute gaur.
Sari nagusia Basaurin geratu da eta irabazlea Amaia Bonachera izan da. Basauriarrak 1.500 euro jaso ditu, ‘San Fausto zeruan’ izeneko lanagatik.
Tokiko mailan, Iñaki Zorriketa basauriarraren kartelari eman diote saria. Zorriketak ‘Bere alde ona’ izena jarri dio bere lanari eta 300 euroko saria jaso du.
Eta, Gazte eta Txiki kategorietan irabazle izan dira Unai Fernandez eta Asier Ortiz.
Zoroak kuadrillak herriko saltokietan erabiltzeko 50 euroko bonua eman dio Asierri, Txiki kategoriako irabazleari.
Unaik, Gazte kategoriako irabazleak 100 euroko bonua jaso du.
☉ Basauri
San Fausto plazako obrak azaroa bukaeran amaituko dituzte, Basaurin
Hainbat arrazoiengatik atzeratu da plaza irekitzeko momentua. Basauriko Udalak arrazoi horien berri eman du

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Aurtengo udaberrirako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen iaz Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.
Jaietan erabiliezin
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere —iaz ere ezin izan zen erabili— ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
☉ Basauri
San Fausto plaza ez da Basauriko jaietarako bukatuta egongo
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili

Iazko maiatzean hasi zituzten San Fausto plaza guztiz berritzeko obrak Basaurin eta oraindik lanean ari dira.
Urrian Basauriko jaiak izango dira —urriaren 11tik 19ra— eta Trintxera ezizenez ezagunagoa den plaza hainbat ekitaldi egiteko erabiltzen du Herriko Taldeakek.
Baina aurten ere ez du erabilgarri izango San Fausto jaiak antolatzen dituen elkarteak.
Basauriko Udalak dagoeneko jakinarazi dio Herriko Taldeaki plaza ezingo dela aurtengo jaietan erabili.
Azarorako bukatuta
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, plaza azaroa bukaerarako egongo da amaituta.
Obrak iazko maiatzean hasi eta 12 hilabeteko epean erdi bukatuta egongo zela eta ordurako plazaren zati bat erabilgarri egon zitekeela adierazi zuen Udalak, baina hainbat arrazoiengatik atzeratu egin da.
Arrazoi horien berri eman dute udal arduradunek: “Plaza eraitsi ondoren, egiaztatu zen plazaren egiturazko geometria ez zetorrela bat 90eko hamarkadaren hasieran amaitutako obraren planoetan jasotakoarekin. Plano horietan oinarritu zen proiektua, eta, ondorioz, metalezko egitura birdimentsionatu behar izan da, zimendatu eta urbanizatu, lurraren errealitatera egokitzeko. Horrek, eta inguruneko benetako baldintzetara egokitzeko goiko plazaren diseinua hobetzeak, obrak atzeratzea eragin du”.