→Basauri

Gala Knörr gasteiztarrak irabazi du 2019ko Otaola Beka, ‘Tumbleweeds’ proiektuarekin

Basauriko Otaola bekak 30 urte beteko ditu 2019an. Aurten Gala Knörr gasteiztarrak irabazi du beka eta lau hilabeteko egonaldia egingo du Parisen.

Gala Knörr bigarrena eskubitik, Pablo Otaolaren ondoan // Argazkia: Geuria

Basauriko Otaola bekak 30 urte beteko ditu 2019an. Beka honen helburua da arte plastikoen eremuko prestakuntzan eta sorkuntzan laguntzea eta horretarako diru-laguntza jasotzen du bekaren irabazleak. Aurten Gala Knörr gasteiztarrak (Gasteiz, 1984) irabazi du beka, ‘Tumbleweeds’ proiektuarekin.

Irailetik aurrera Knörrek lau hilabete emango ditu Pariseko Cité Internationales del Arts-en bere proiektua garatzeko. “Aurkeztu dudan proiektua Parisen egitekoa zen. Ostantzean, ez nukeen egingo”, dio Knörrek: “Medio plastikoak eta ikus-entzunezkoak landuko ditut: norabiderik ez duten espirituen erretratuak egingo ditut”. Parisen lau hilabeteko egonaldiaz gain (egoitza- eta ikasketa-gastuak ordainduta izango ditu), 3.600 euro jasoko ditu Knörrek bere kontuetarako.

Lau hilabeteko egonaldia behin bukatuta, egindako lanari buruzko memoria bisuala eta idatzia aurkeztu beharko du Knörrek, eta ondoren erakusketa egingo dute Basaurin. Era berean, irabazleak jarduera artistikoren bat egin beharko du Basauriko ikastetxe edo kultur etxeetan, gazteenei arte garaikidea ezagutzera emateko, etorkizuneko publikoa hezteko, balizko publikoarengana hurbiltzeko edota bestelako kultura-bizipen bat eskaintzeko.

Aurtengo deialdian 18 proiektu aurkeztu dira eta azkenean Gala Knörren lana hautatu du epaimahaiak. Nora Pereda Basauriko Udaleko Kultura zinegotziak, Iker Serrano Kultur Basauriko ordezkariak, Bénédicte Alliot Cité-ko zuzendariak, Javier Gonzalez de Durana EHUn Historia Garaikideko irakasleak, Aitor Ortiz argazkilari eta artistak, eta Fernando Nieva Kultur Basauriko beste ordezkariak osatu dute aurten epaimahaia.

30 urtez artea bultzatzen

90. hamarkada hasiera zen Pablo de Otaolak beka hau sortu zuenean. 1990ean, bere aita Juanen omenez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren artista plastikoen prestakuntzan laguntzeko helburuarekin sortu zuen beka. 30 urte hauetan zehar EAEko 32 artistek eskuratu dute beka.

Halaber, 2014an Eusko Jaurlaritzaren GureArtea saria jaso zuen Otaola Bekak (bere 25. urteurrenean), Euskal Autonomia Erkidegoan arte plastiko eta bisualei egindako ekarpenaren aintzatespen gisa. Beka Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du Kultur Basauriren bitartez.

Ana Riañoren erakusketa Basaurin ikusgai

2018an Ana Riaño bilbotarrak irabazi zuen Otaola Beka. Bekari esker, Riaño Parisen izan zen iaz. Hain zuzen ere, iaz zabaldu zuten beka nazioartera, bekadunak lau hilabeteko egonaldia Cité Internationales del Arts-en egiteko. Orain, Riañok bere proiektua bukatuta, bere erakusketa ireki dute Basauriko Arizko Dorretxean. Ekainaren 9ra arte egongo da ikusgai RRSS bere proiektua.

Ana Riañoren erakusketa zabalik dago Arizko Dorretxean ekainaren 9ra arte // Geuria

RRSS (sare sozialak) proiektuarekin, Riañok  bizirik zein zendutako artistak izan ditu ardatz eta horien perfilak sortu ditu sare sozialetan, margoaren bitartez. “Artista horiek euren buruak eta euren lanak ezagutarazteko sare sozialak nola erabiliko lituzketeen da aurkeztu nuen proiektua. Esate baterako, Facebookeko arbela eta lagunak, Twitterreko egoera edota Instagrameko argazki galeria”, zioen Riañok proiektua iaz aurkeztu zuenean: “Hasierako planteamendua Photoshopen egin dut eta ondoren oihalaren gainean margotu dut”. 

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak