→Basauri

Basauriko sexu abusuen bi urteko prozesua osorik kontatu du biktima batek

Pepe Godoy basauriarrak bigarren bideo bat zabaldu du, sare sozialen bitartez, duela bi urte Ertzaintzan sexu abusuak salatu zituenetik hona bizitako prozesua osorik azaltzeko. Besteak beste, entrenatzailaren aurkako sexu abusuen inguruko epaiketa laster burutzea eskatu du Godoyk, eta atxiloketaren ostean epaileak akusatuaren aurkako kautelazko neurririk jarri ez izana gaitzetsi du. Halaber, Baskonia Futbol Eskolaren jarrera “lotsagarria” izan dela uste du basauriarrak, zuzendaritzak “modu ofizialean jakin bazekielako, Ertzaintzaren bitartez, entrenatzailearen aurkako sexu abusuen inguruko zenbait salaketa jarriak zeudela”, eta hala ere, “ez zuelako entrenatzailearen aurkako neurririk hartu, ez eta biktimak babestu”. Prozesu judiziala martxan jartzea ahalbidetu duen adin txikikoaren balentria nabarmendu du Pepek, “oso zaila delako adin horrekin sexu abusuak jasan dituzula onartzea eta salatzea”.

BI URTEKO PROZESUA
Pepe Godoy basauriarrak duela bi urte salatu zituen Basauriko 60 urteko entrenatzaile ohiarengandik jasandako sexu abusuak. Eskola kirolean izan ziren sexu abusuak, Godoyk 8 eta 11 urte artean zituenean. 36 urteren ondoren umetan gertatutakoa bere bikotekideari kontatu zion eta honek Ertzaintzan salatu zuen. Gertaerek Godoyk 28 urte zituela preskribatu zutenez, ezin izan zen epaiketarik egin. Hala ere, Baskonia Fubtol Eskolarekin harremanetan jarri zen, ustezko abusatzailea bertan ari zelako umeak entrenatzen. Zentsu horretan, “lotsagarritzat” jo du eskolako zuzendaritzaren jarrera, “salaketa publiko egin aurretik bazekitelako, nire ahotik eta Ertzaintzak konfirmatuta, entrenatzaile horren aurkako sexu abusuen inguruko salaketak zeudela”. “Nahiz eta abisua jaso zuten”, dio Pepek,  “salaketa publiko egin arte eskolak ez du entrenatzailaren aurkako neurririk hartu”, eta gaineratu du, “eskolak ez dituela biktimak defendatu”.

Halaber, prozesu judiziala martxan jartzea ahalbidetu duen adin txikikoaren balentria nabarmendu du Pepek, “oso zaila delako adin horrekin sexu abusuak jasan dituzula onartzea“. Usteko abusatzailearen balizko biktimei salatzera animatu ditu Pepek, “kontatzerakoan hobeto sentituko direlako”. Pepek lehen salaketa publiko egin zuenetik (2018ko azaroaren 13an), sei izan dira guztira gizon beraren aurka herrian jarritako denuntziak, bide beretik denak. Halaber, Pepek uste du biktima gehiago egon daitezkela, “akusatuak 40 urte pasa dituelako Basaurin umeak entrenatzen”.

Basauriko Udalak, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sexu abusuen biktimentzako laguntza psikologikoa bermatu dezatela eskatu du Pepek, bai eta epaiketaren zain dagoen adin txikikoarentzako babes judiziala, epaiketan abokatu batek defendatu dezan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak