→Basauri

Pozokoetxe eta erdigunea erdibitzen duen horma bota eta trenbide multzoan esku hartuko dute

Pozokoetxe auzoko etorkizuneko parkea eraikitzeko lehen fasea abiaraziko du Udalak. Lizitazio prozesua zabaldu du enpresek eskabideak egiteko.

Pozokoetxeko bide-horma botatzea ekarriko du lehenengo faseak // Google Maps

Pozokoetxe eraberritzeari ekingo dio Basauriko Udalak. Hain zuzen ere, Pozokoetxe auzoko etorkizuneko parkea eraikitzeko lehen fasea abiarazi du Udalak urtarrilean. Proiektuaren arabera, Pozokoetxeko bide-horma botatzea, ezponda bat eraikitzea bertan, Erronkari Ibarra kalean ezpaloi berria egitea, eta gune berdeak sortzea da lehenengo fase horren helburua. Era berean, saneamendu-sare berria eta argiteria jarriko dituzte, eta aparkaleku berriak ipiniko dituzte Erronkari Ibarra kalean, trabes aparkatzeko.

Esku hartzea Pozokoetxeko trenbide multzoa zegoen zati batean izango da. Hau da, oraingoz mantendu egingo dituzte behin behineko bi aparkalekuak, eta obrak Pozokoetxe ondoko zatian burutuko dituzte. “Kudeaketa eta itxaronaldi urte luzeak eta gero, azkenean Pozokoetxeko trenbide multzoan esku-hartzen hasiko gara. Horma hori botatzea ezinbestekoa da; gaur egun oztopo da Pozokoetxeko herritarrentzako eta hori behin botata ateak zabalduko dizkie erdigunera. Gainera, herritarrek gune berria izango dute”, dio Andoni Busquet Basauriko alkateak.

Lehenengo fase honi ekiteko Basauriko Udalak lizitazio prozesua zabaldu du. Enpresa interesdunek eskabidea aurkez dezakete urtarrilaren 17ra bitartean. Aurreikuspenen arabera, obrak 2019ko lehen hiruhilekoan hasiko dira eta bederatzi hilabetez luzatuko dira.

San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe plana, abian

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eraldatzeko planak urrats berriak eman zituen 2018ko azaroan, eta lehiaketa publikoaren bitartez, Basauriko Udalak Arizgoitiko Maisu-maistren etxea dagoen lursaila saldu zuen. Salmenta horri esker Udalak 4.701.000 euro jasoko ditu (BEZa gabe), aurreikusita zegoen baino 1.080.000 euro gehiago. Milioi horrekin Udalak Pozokoetxeko etorkizuneko parkea eraikitzeko lehen fasea finantziatuko du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak