→Basauri

Basaurik lau milioi emango dizkio ADIFi trenbide multzoa eta geltoki berriagatik

basauri pozokoetxe trenbide multzoa 2017 garbiketa lanak

Lurralde-Politikako eta Kontratazioko ezohiko batzordea deitu du udal gobernu taldeak maiatzaren 11n. Datorren astean ezohiko osoko bilkura ospatuko dute hitzarmena sinatu aurretik. Herriak 14.500 metro karratuko lur eremua berreskuratuko luke.

Iazko uztailaren 10ean egin zituen ADIFek garbiketa lanak Pozokoetxeko trenbide multzoan // Geuria

Lurralde-Politikako eta Kontratazioko ezohiko batzordea deitu du udal gobernu taldeak maiatzaren 11n. Datorren astean ezohiko osoko bilkura ospatuko dute hitzarmena sinatu aurretik. Herriak 14.500 metro karratuko lur eremua berreskuratuko luke

ADIFek, argitaratu duen hitzarmenaren arabera, 14.435 metro karratu eta alokatuta dauden bi etxebizitza dituen Pozokoetxeko trenbide multzoaren eremua Basauriko Udalari emango lioke eta tren geltoki berria egiteko konpromisoa hartuko luke. Horren ordez, Udalak 4.037.029 euro ordainduko lizkioke Adifi. Hitzarmena sinatu ahal izateko udalbatzak onartu beharko du. San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe proiektuaren alde agertu dira EAJ eta EH Bildu, hortaz, hitzarmena onartuko dutela aurreikus daiteke. Gainontzeko alderdiek, ordea, –PSE, Basauri Bai, PP eta alderik gabeko zinegotzia– kontrako bozka eman zuten. Behin hitzarmena onartuta, bi aldeek sinatu, balioetsi eta orduan lanak hasiko lituzke Udalak.

Maiatzaren 11n Lurralde-Politikako eta Kontratazioko ezohiko batzordea deitu du udal gobernu taldeak. Ondoren, ezohiko osoko bilkurara eramango lukete gaia. Aurreikuspenen arabera, ezohiko osoko bilkura hori datorren astean ospatuko da, eguna oraindik zehazteke.

Udalaren eta ADIFen arteko negoziaketak luze joan dira. ADIFek badaki trenbide multzoaren lurzoruak garrantzia handia duela herri erdian dagoelako eta erdiguneko auzoak bitan banatzen dituelako. Trenbide multzoaren lurzorua aspalditik erabiltzen ez den arren, erabat utzita dagoen arren, eta urte askotan herriari eragindako kaltea kontutan hartu barik, ADIFek negoziaketetan trukean erabilitako txanpona izan da, beti bere onurarako.

Baina hitzarmena “aurrerapauso erraldoia” izango dela dio Andoni Busquet alkateak: “Orain hogei urte hasi ziren udal ordezkariak proiektu honi buruz berba egiten eta orain esan dezakegu herriarentzat lur eremu estrategikoa izango dena berreskuratzeko atarian gaudela”. San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe plana onartu izanak ahalbidetu du hitzarmena aurrera ateratzea: “Degradatuta dauden eremuak berrituko ditu proiektu honek, eta orain arte trenbide multzoak mozten zituen auzoen arteko loturak posible izango dira”. Trenbide multzoak 9.663 metro karratutan eraikitzeko lurzorua edukiko du.

25 milioi euroko plana

Plan honek guztiak 25 milioi inguruko aurrekontua du eta horietatik lau milioi euro ADIFek jasoko ditu tren geltoki berria eraiki dezan eta aspalditik erabili gabe egon den Pozokoetxeko trenbide multzoaren lur eremuaren truke.

Eraberritzea ehuneko ehunean betez gero honakoak ekarriko lituzke: 277 etxebizitza berri; maisuen etxea eraitsi; 120 aparkaleku publiko lurpean; 15.000 metro karratuko parkea Pozokoetxen; Bidebieta tren geltoki berria; San Fausto-Bidebieta auzoetako 59 familiei ostatu ematea tasatutako etxebizitza berrietan, besteak beste.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|