→Basauri

Pozokoetxe, San Fausto eta Bidebietako hiri-plangintza 15 urteko epean burutuko dute

basauri pozokoetxe bidebieta san fausto 2016 plana airetik

Pozokoetxeko trenbide multzoa Basauriko Udalari laga dio Adif-ek. Hitzarmena ekainaren 19an sinatu dute Udalak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak.

Urte amaieran edo 2019an hasiko dituzte obrak aurreikuspenen arabera // Geuria

Pozokoetxeko trenbide multzoa Basauriko Udalari laga dio Adif-ek. Hitzarmena ekainaren 19an sinatu dute Udalak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak

Basaurik Pozokoetxeko trenbide multzoa Adif-engandik berreskuratu du. Gauzak horrela, Pozokoetxe, San Fausto eta Bidebieta auzoak berronetzeko proiektua errealitate bihurtuko da hemendik urte batzuetara. “Plangintzak 10 edo 15 urteko epeak ditu, baina udal gobernutik aurreikusten dugu lau edo bost urtetan aldaketa nabariak ikustea”, dio Asier Iragorri Basauriko EAJko bozeramaileak. Udal ordezkarien arabera, urte amaieran edo urte hasieran hasiko dituzte obrak.

Zentzu horretan, Arizgoitiko Maisu-maistren etxeko orubea saltzeko lehiaketa publikoa aterako du Udalak. Hori izango da erdigunea berritzeko lehen pausoetako bat. “Hurrengo urratsa Fauste kaleko 4 eta 6 (Bidebieta) eraistea izango da eta eremu horretan etxebizitza berriak eraikitzen hastea”, dio Nerea Renteria Hirigintza arloko zinegotziak.

Udala-Adif hitzarmena

Basauriko Udalak 4.037.029 euro ordaindu dizkio Adif-i Pozokoetxeko trenbide multzoagatik eta horren trukean, tren geltokia berrituko dute. Hitzarmena ekainaren 19an sinatu dute Udalak eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileak. Behin desjabetzea gauzatuta, bertan esku hartuko du Udalak: behin betiko proiektua egin bitartean, aisialdirako gune bat egokitu eta bide batzuk zabalduko dituzte, “behin-behinean Pozokoetxe auzoa erdigunearekin konektatzeko”, dio Renteriak: “Herria bitan banatzen duen oztopo hori desagertzen denean, denok benetan gogoraraziko dugu”.

Basauriko udalbatzak onartu egin zuen maiatzeko osoko bilkuran Udalaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen artean hitzarmena sinatzeko eta Pozokoetxeko trenbide multzoa berreskuratzeko. EAJren eta PSEren aldeko botoa izan zuen aztergaiak; EH Bilduk, PPk eta Basauri Baik abstentziora jo zuten eta atxiki gabeko zinegotziak kontran bozkatu zuen. Hilabete hasieran gertatutako gobernu aldaketak ez du eraginik izan Udalaren eta Adif-en arteko hitzarmenean.

 Bilbao Ria 2000

Udal gobernu taldearen asmoa da “berehala” Bilbao Ria 2000 erakundearekin hitzarmena bertan behera uztea: “Espero dugu hilabete hauetan akordioa edukitzea Bilbao Ria 2000 erakundearekin, aurreko hitzarmena bukatzeko eta ditugun konpromisoak bukatutzat emateko”, dio Iragorrik.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|