→Basauri

Alokairu baxuko 36 etxebizitza San Migelen eraikitzeko proiektuak aurrera darrai

Eusko Jaurlaritzak 36 zuzkidura-bizitokiak egiteko exekuzio-proiektua aurkeztu du Basauriko Udalean, eta proiektua aurrera eramateko lizentzia eskatu du. 

Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du etxebizitza-sustapena diseinatzea, eraikitzea eta kudeatzea // Argazkia: Basauriko Udala

San Migel auzoan aldi baterako alokairu baxuko 36 etxebizitza eraikitzeko proiektuak aurrera darrai. Oraingo honetan, Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bitartez, 36 zuzkidura-bizitokiak egiteko exekuzio-proiektua aurkeztu du Basauriko Udalean, eta proiektua aurrera eramateko lizentzia eskatu du.

Lizentzia Basauriko Udalak berak eman behar du. Horretarako Udaleko teknikariak Eusko Jaurlaritzak bidalitako proiektua ari dira berrikusten. “Asmoa da lizentzia ahalik eta lasterren ematea, etxebizitzak lehenbailehen eraiki ahal izateko”, diote udal ordezkariek.

Udalak Eusko Jaurlaritzari lursaila lagatuko dio eta ondoren, eremuaren urbanizazio osagarria egiteko eta etxebizitzak eraikitzeko lanak kontratatuko ditu.

Bost altuera

Proiektuaren arabera, eraikinak beheko solairua eta beste bost solairu izango ditu eta ekialdean,  errepidearen ondoan, ekipamendu-erabilerako beste eraikin bat eraikiko dute. Etxe berrian solairu bakoitzeko sei etxebizitza egongo dira eta bakoitzerako sarbidea erdialdean egongo da.

Eusko Jaurlaritzak eta Basauriko Udalak hitzarmena sinatu zuten 2016an San Migelen aldi baterako alokairu baxuko 36 etxebizitza eraikitzeko. Aurreikuspenen arabera, bost urteko alokairuak izango dira, eta lehentasuna izango dute udalerrian erroldatutakoek, batez ere gazteek. Gainera, Basauriko Udalak 4 etxebizitza gordeko ditu gizarte-beharrizanei erantzuteko (gizarte-bazterkeria arriskuan daudenentzako edota genero-indarkeria pairatu dutenentzako) eta udal hirigintza-jarduketek eragindako herritarrentzako.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak