→Basauri

San Migelgo liburutegia, Basauriko lehen udal liburutegi publikoa

San Migelgo liburutegiak 50 urte beteko ditu ekainean. Urteurrena ospatzeko erakusketa antolatu dute ekainetik irailera bitartean.

San Migelgo liburutegiari buruzko erakusketa zabalik egongo da ekainaren 12tik irailaren 20ra arte // Argazkia: Geuria

San Migelgo liburutegiak 50 urte beteko ditu ekainean. Liburutegia sortzeko espedientea 1967an hasi zuten, baina bibliotekak ez zituen ateak zabaldu 1969ko ekainaren 12ra arte. Basauriko lehen udal liburutegi publikoa da, hortaz, San Migelgoa.

50. urteurrena ospatzeko apiriletik abendura bitartean kultura-ondareari buruzko 50 testu argitaratuko dituzte Facebooken, Kultur Basauri-ren profilean. “Liburutegiaren lana herri-ondarea biltzea, gordetzea eta zabaltzea da, eta beraz, gure urteurrena ospatzeko, San Migelgo kulturaren ondareari buruzko 50 argitalpen elkarbanatuko ditugu, abendura bitartean”, diote. 

Dagoeneko 15 testu publikatu dituzte: Finaga-Malmasineko kultura-multzoari buruzkoak, Maria Sofia Taramona Ortiz de la Rivaren inguruko biografia, 1909ko iraileko hauteskunde-erroldako dokumentuak, Industriari monumentuaren inaugurazioa, San Migelgo Elizatearen sorrera eta Parrokiaren eraketa, Taberna Nagusian izandako sutea 1859an, 1937ko bonbardaketak, Elexaldeko ‘Casas Baratas’ak eraikitzeko lehen harriak jartzea 1924an, Arrigorriagarengandik desanexioa, edota San Migelgo elizako erlojuari buruzkoak. 

Erakusketa liburutegian

Kultura-ondareari buruzko testuak publikatzeaz gain, San Migelgo liburutegiari buruzko erakusketa antolatuko dute ekainetik irailera bitartean. Eraikinaren eta liburutegiaren beraren historian zeharreko gertaera gogoangarriak jasotzen dituzten panelak eta garai hartako liburutegietan erabilitako materialak egongo dira ikusgai, San Migeleko Kultur Etxeko ludotekan (hantxe egon zen liburutegia, hasieran). Inaugurazioa ekainaren 12an izango da 18:00etan (txokolatada barne) eta irailaren 20ra arte luzatuko da.

Hauek erakusketaren irudiak, inaugurazio egunean:

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak