→Basauri

San Migelgo Maisu-maistren Etxea eraisteko lanak hasi dituzte Basaurin

San Migel Mendebaldeko bigarren faseko urbanizazio-obrak hasi dituzte asteazkenean. Hain zuzen ere, SR1 sektoreari dagozkion lanak dira eta besteak beste, eremuko irisgarritasuna hobetu, Ramon Kareaga kalea Gernika kaleraino luzatu, Taberna Nagusirako sarrera egokitu, eta hilerrirako zein Gernika 62 etxebizitzarako bidea hobetuko dituzte.

Jarduketaren lehen urratsak dagoeneko eman ditu Udalak, eta Maisu-maistren Etxea eraisteari ekin diote. “Lehenik eta behin eraikina hustu genuen eta kableatze elektrikoa kendu genuen. Ondoren, eraiste-lanak hasi ditugu”, diote udal ordezkariek. Maisu-maistren Etxea eraitsita, Castilnovo plaza eraldatuko dute: “Castilnovo plaza handituko da. Modu horretan, hiri-parke berri bat izango du San Migelek”, diote. Obrak iraun bitartean gunea hesituta egongo da, eta skate pista erabili ahal izango da.

Basauriko Udalak, Bidebi sozietatearen bitartez urria hasieran esleitu ditu San Migel Mendebaldeko bigarren faseko urbanizazio-obrak 1.270.245,79 euroan (BEZa gabe). Obrak Viconsa enpresak egingo ditu eta aurreikuspenen arabera, 28 astez luzatuko dira lanak, beraz, 2019ko udarako bukatuta egongo da eremu horretako urbanizazioa.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak