→Basauri

Eskola futbolean sexu abusuengatik hirugarren salaketa bat jarri du beste basauriar batek

Hirugarren salaketa bat jarri du beste basauriar batek eta datozen egunotan gehiago argitara daitezke. Hiru salaketek preskribatu dute.

Goian elkarretaratzea eta behean Pepe Godoy eta Yoli Calonge bere bikotekidea // Argazkiak: Geuria

Hirugarren salaketa bat jarri du beste basauriar batek eta datozen egunotan gehiago argitara daitezke. Salatutako entrenatzailea 40 urtez aritu izan da eskolen arteko eta federatutako futbolean

Basauriko entrenatzailearen kontrako hirugarren salaketa bat jarri zuten atzo Ertzaintzan. Pepe Godoy basauriarra izan da entrenatzaile horren aurkako salaketa egiten lehena. Salaketa publiko egin eta lau egunera, Ertzaintzak ustezko erasotzailearen aurkako bigarren salaketa bat jaso zuen, Pepek salatutako egoera bera deskribatuz, garai berean. Azaroaren 27an, asteartean, hirugarren salaketa bat jarri du Ertzaintzan beste basauriar batek eta datozen egunetan denuntzia gehiago egon daitezke. Orain arteko guztietan salatutako delituek preskribatu dute gaurko egunez.

36 urte eta gero

Umetan futbol entrenatzailearengandik sexu jazarpena jasan zuela publikoki salatu zuen 46 urteko Pepe Godoy basauriarrak azaroaren hasieran. Eskola kirolean izan ziren sexu abusuak, Godoyk 8 eta 11 urte artean zituenean. 36 urteren ondoren umetan gertatutakoa bere bikotekideari kontatu zion eta honek Ertzaintzan salatu eta Garaitza Elkartean laguntza eskatu zuen. Gertaerak Godoyk 28 urte zituela preskribatu zuenez, ezin izan zen epaiketarik egin. Hala ere, Ertzaintzak ikerketa abiarazi zuen orain dela bi urte salatua izan zen entrenatzailearen urratsak jarraitzeko.

Entrenatzailea eta idazkaria

Salatutako entrenatzailea Baskonia Futbol Eskolako (BFE) lantaldean zebilen Godoyk bere salaketa bideo baten bidez argitara eman zuen arte. Aste horretan kanporatu zuten ustezko erasotzailea BFEtik. 40 urte baino gehiago zeramatzan gizonak umeak entrenatzen: Basauriko talde askotan entrenatu du, bai kirol federatuan, bai eskola kirolean, eta futbol eskolan 2007. urtetik aritu da. Gainera, entrenatzailea izateaz gain, BFEko idazkari nagusia izan da 2007tik. Dagoeneko, Eskolak zuzendaritza batzordea aldatzeko pausoak eman ditu eta osaketa berri horretatik kanpo utzi dute.

Uda aurretik Peperen salaketaren berri bazuten arren, Baskonia Futbol Eskolak Peperen salaketa publikoaren ostean kaleratu zuen entrenatzailea. Horrekin batera, adierazpen publikoa argitaratu zuen sare sozialetan. Horren arabera, eskolan bertan bestelako sexu abusurik gertatu izanaren berririk ez zuela adierazi zuen BFEk.

Elkarretaratzea Arizgoitin

Hilaren 18an, adin txikikoenganako sexu abusuen eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko egunaren bezperan, elkarretaratzea egin zuten Basaurin Peperi babesa adierazteko eta sexu abusuak salatzeko. Elkarretaratzera 2.000 lagun inguru hurbildu ziren.

Salaketaren ibilbide honetan guztian bidelagun izan duen bere bikoteak, Yoli Calognek hartu zuen hitza kontzentrazioan. “Sexu abusuen aurrean tolerantziarik ez” izatea exijitu zuen. Halaber, Peperenak bezalako kasu gehiago egon daitezkeela ohartarazi zuen eta hala balitz, salaketa jartzera animatu zituen biktimak. Basauriko Udalak deituriko elkarretaratzean, talde politikoen ordezkariak, herriko hainbat elkarteetako kideak eta milaka herritarrek bete zuten Arizgoiti plaza. Bertan, Baskonia Futbol Eskolako arduradunak ere izan ziren.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak