→Basauri

Adin txikikoen aurkako abusuak prebenitzeko programa jarriko du martxan Basauriko Udalak

Adin txikikoen aurkako abusuak prebenitzeko eta biktimei arreta emateko programa abiarazi du Basauriko Udalak. Udaleko indar politiko guztiek eta Ez Naiz Isilduko plataformak adostutako plana da

Urtarrilean Basaurin egin zuten manifestazioko irudia // Argazkia: Geuria

Adin txikikoen aurkako abusuak prebenitzeko eta biktimei arreta emateko programa abiarazi du Basauriko Udalak. Udaleko indar politiko guztiek eta Ez Naiz Isilduko plataformak adostutako plana da

Adin txikikoen aurkako abusuak prebenitzeko eta biktimei arreta emateko programa izango du Basaurik hemendik aurrera. Horrela adostu dute Basauriko Udaleko indar politiko guztiek eta Ez Naiz Isilduko herri plataformak. Programa horren barruan, besteak beste, biktimak hartzeko eta haiei arreta emateko leihatila bakarra, prestakuntza- eta prebentzio-jardunaldiak edota programari buruzko informazio-kanpaina jarriko dute martxan. “Biktima guztiei gure elkartasuna helarazten diegu berriro ere; eta, jakin arren salatzeak ahalegin pertsonal eta emozional itzela eskatzen duela, halaxe egitera animatzen dugu”, diote.

Basaurin salatutako sexu abusuen harira jarri dute martxan programa hau. Pepe Godoy basauriarrak lehen salaketa publiko egin zuenetik, iazko azarotik, sei izan dira guztira gizon beraren aurka herrian jarritako denuntziak, bide beretik denak. Basauriko Udalak herri-akusazio gisa jardungo du udalerrian agertzen diren adin txikikoen aurkako sexu-abusuen prozesu judizialetan.

Jakinarazi dutenaren arabera, datorren astean hasiko da martxan leihatila bakarra, eta lehen ekintzetako bat izango da Basauriko Udaleko Gizarte Zerbitzuei prestakuntza ematea. Arreta-puntu horrek harremanetarako 944 666 348 telefono-zenbakia eta 688 731 509 WhatsApp zenbakia ere eskainiko ditu, zuzenago komunikatu ahal izateko, baita abusurikez@basauri.eus helbide elektronikoa ere. Gizarte-zerbitzuetako leihatila bakarrean harrera eta balorazioa egin eta gero, beharrezko ikusiz gero, Eusko Jaurlaritzaren Biktimari Laguntzeko Zerbitzura (BLZ) bideratuko dute herritarra. Zerbitzu horrek askotariko diziplinetako adituak biltzen ditu, hala nola, juristak, gizarte-langileak eta psikologoak.

“Benetan pozten gara, eta udal talde guztiei bihotzez eskertu egiten diegu, urtarrileko osoko bilkuran aurkeztu genituen neurri-proposamenak jaso ondoren, izandako bileretan neurri horiek adostu eta martxan jarri izanaz”, diote Ez Naiz Isilduko herri plataformatik.

Ikastetxeetan prestakuntza-moduluak

Abusuak prebenitzeko planaren baitan prestakuntza-moduluak egingo dituzte ikastetxeetan, irakasleei zuzendutakoak (batez ere, tutoreentzako). Prestakuntza saio horiek 4 orduko iraupena izango dute eta helburua izango da tutoreak prestatzea, gaitzea eta haiei tresnak ematea, tutoretza-orduetan ikasleekin landu ditzaten sexu-abusu egoera baten berri izateak eragindako zirrara eta gaiaren inguruko uste okerrak. Era berean, familientzako hitzaldiak antolatuko dituzte, ikastetxeetako guraso-elkarteen bitartez. Prestakuntza-ekintza hauek iraila eta urria bitartean hasiko dituzte.

Esandakoaz gain, abusuak prebenitzeko baldintzak ezarriko dira adin txikikoekin lan egiten duten elkarteei, erakundeei eta abarri emandako udal diru-laguntzetan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak