→Basauri

Sexu abusuen epaiketan herri akusazio bezala aurkeztuko da Basauriko Udala

Bozeramaileen ezohiko batzarra izan dute gaur Basauriko Udaleko udaltalde guztiek, sexu abusuen kontrako epaiketan herri akusazio gisa aurkezteko aztertzeko.

Bozeramaileen ezohiko batzarra izan dute gaur Basauriko Udaleko udaltalde guztiek, sexu abusuen kontrako epaiketan akusazio popular gisa aurkezteko aztertzeko. Bada, alderdi guztiek (EAJ, PSE, Basauri Bai, EH Bildu eta PP) eta atxiki gabeko zinegotziak adostu dute epaiketan herri akusazio bezala bertaratuko dela Udala. “Udal zerbitzu juridikoek aztertu dute ikuspuntu legal eta administratiboki Udala bera herri akusazio gisa aurkeztu daitekeela sexu abusuen kontrako epaiketan, eta horrela egingo dugu”, diote Basauriko Udaletik: “Udal bezala frogak eta alegazioak aurkeztuko ditugu prozesu judizialean”. Ildo horretan, herri akusazio gisa aurkezteak Udalari baimenduko dio prozesu judizialaren nondik norakoak gertutik jarraitzeko. “Prozeduran herri-askusazio gisa agertuta, Udalak, beharrezkoa bada, aukera izango du Ministerio Fiskalaren eta akusazio partikularraren (baldin badago) lana osatzeko”, diote gaur publikatu duten komunikatuan.

Era berean, instrukzioaren ostean ahozko epaiketa egotekotan, Udalak eskatu ahal izango ditu dagozkion erantzukizunak, zibilak zein penalak, kasua argitzeko. Horrez gain, helegitea jarri ahal izango du Udalak.

Ez naiz isilduko herri plataformak sare sozialetan zabaldu duenez, “begi onez” ikusten du Basauriko Udala herri akusazio gisa aurkeztea, “herrian gertatutako sexu abusuen azken kasuan”, diote.

“Babesa, hurbiltasuna eta elkartasuna”

Atzo komunikatu bidez Basauriko Udalak adierazi zuenez, “biktima guztiei eta haien senitarteko eta lagunei babesa, hurbiltasuna eta elkartasuna adieraziko diegu Udalean ordezkaritza dugun alderdi guztiek”. Bestalde, gainerako biktimeekin egin bezalaxe, salaketa egin duen adin txikikoaren eta haren senitarteko eta hurbilekoen esku jarri ditu Udalak gaur egun dituen baliabide guztiak, “erakundearengandik babesa eta sostengua jaso dezaten”.

2016an adin txikiko baten familiak entrenatzailearen aurka jarritako salaketaren harira atxilotu zuten asteartean Baskonia Futbol Eskolako (BFE) entrenatzaile ohia. Epaileak aske utzi zuen asteazken arratsaldean, karguekin eta kautelazko neurririk gabe. Horren harira, BFEk “mina, atsekabea eta gaitzespen irmoa” adierazi zuen komunikatu bidez.

Prozesu judiziala abiarazi bitartean, sexu abusuen inguruko epaiketaren zain geratuko dira Basauriko entrenatzaile ohiaren biktimak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak