→Basauri

Lanean sexu jazarpena salatu zuen emakumea kaleratu du Berriztu elkarteak, “bere jardunean arau-hauste larri bat egin duelako”

basauri cervantes etorbidea 2018 berriztu elkartea

Berriztuko langile batek beste lankide bat salatu zuen urtarrilean sexu jazarpenagatik eta handik gutxira, “ustez beste arrazoi batzuengatik” kaleratu dute.

Uztailaren 12an kontzentrazioa deitu du LAB sindikatuak lantokiaren aurrean // Google Maps

Berriztu heziketa-elkarteko langile batek beste lankide batengandik sexu jazarpena pairatu zuela salatu zuen abenduan, eta “ustez beste arrazoi batzuengatik” jazarpena salatu zuen emakumea maiatzean kaleratu dutela salatu dute LAB sindikatutik. Horren harira, uztailaren 12an, ostegunez, elkarretaratzea deitu dute 13:00etan Berriztu elkartearen aurrean (Cervantes etorbidea 43, Basauri). Lanpostuan eraso sexistarik onartuko ez dutela salatzeko deitu du kontzentrazioa LABek. Berriztu Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lanean ari den enpresa da.

Berriztu elkartetik diotenez, “argi utzi nahi dugu ez dugula sexu jazarpena salatzeagatik emakumea kaleratu, baizik eta bere jardunean arau-hauste larri bat egin duelako”. “2017ko abenduan sexu jazarpen-egoera posible baten berri izan genuen lankide honen aldetik, eta Berriztutik jazarpen-egoeren protokoloa martxan jarri genuen Berdintasun batzordearen eskutik. Egoera ezberdinak dira gertatutakoak: alde batetik, ustezko sexu jazarpena eta bestetik, salatzailearen arau-hauste larria, zeinak lanetik botatzea eragin duen”, diote elkartetik.

Genero indarkeriaren aurka

Berriztu heziketa-elkarteak, besteak beste, genero indarkeriaren kontra lan egiten du eta, “sexu jazarpena salatzen dutenei, biktimei, arreta eta babesa ematen diegu. Kasu honetan, emakumea eta akusatua entzun genituen eta ikerketa bat abiarazi genuen. Joan den urtarrilean ikerketa-prozesua amaitu genuen: ez genuen froga nahikorik aurkitu, baina hala ere, biktima babesteko urratsak eman genituen”, diote. Zentzu horretan, Basauriko lantokian bere zerbitzua eskaintzen jarraitu nahi zuen galdetu zioten emakumeari: “Emakumeak bere jardunean jarraitu nahi zuela adierazi zigun. Hortaz, akusatua beste zerbitzu batean kokatzea erabaki genuen”, diote Berriztutik.

LABetik adierazi dutenez, emakumeak urtebeteko sexu jazarpena jasaten ari zela salatu zuen joan den abenduan: “Besteak beste, hitz deserosoak edota nahigabeko ukituak pairatu zituela salatu zuen emakumeak. Orduan, elkarteko arduradunari gertatutakoen berri eman eta salaketa jarri zuen emakumeak. Enpresatik adierazi zioten ikerketa zabaldu zutela, baina emakumeak ez zuen inolako informaziorik jaso ikerketa-prozesu hartan”, salatu dute LABetik. Era berean, egoera horrek bultzatuta emakumeak baja hartu zuela diote sindikatutik.

“Enpresaren arabera, sexu jazarpena demostratu ezin zutela jakinarazi zioten emakumeari eta beste aukera batzuk jarri zituzten mahai gainean: akusatuari lantokiz aldatzeko aukera eman edo txanda ezberdinetan lan egitea”, diote LABetik. Salaketa elkartean bertan jartzeaz gain, emakumeak epaitegietara ere jo zuen: “Gaur egun epaitegiko arlo laboralean dago salaketa jarrita. Epaia jakin bitartean -luzerako jo dezake- kontzentrazioak egingo ditugu. Biharkoaz gain, mobilizazio gehiago aurreikusten ditugu”, diote LABetik.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|