→Basauri

Amiantoagatik gaixotutako langile bati 311.000 euro ordaindu beharko dizkio Sidenorrek

basauri gerdau 2014 id sidenor

Sidenor eta Cofivacasa enpresek amiantoaren ondorioz pelurazko minbiziaz gaixotutako Basauriko langile ohi bat indemnizatu beharko dute.

Argazkia: Sidenor

Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak (ASVIAMIE) jakinarazi duenez, Sidenor eta Cofivacasa enpresek amiantoaren ondorioz pelurazko minbiziaz gaixotutako Basauriko langile ohi bat indemnizatu beharko dute. Hain zuzen ere, Bilboko Gizarte arloko 2. Epaitegiaren arabera, bi enpresek 311.438,20 euro ordaindu beharko dizkiote Julian C. G. langile ohiari.

1972an hasi zen lanean Julian C. G. Basauriko Echevarria SA lantegian ijele bezala. Aurretiko erretiroa hartu zuen 2003an, eta 2010ean behin betiko erretiratu zen. “2018an JCGk Epiteloide Mesotelioma kaltegarria zeukala diagnostikatu zioten Galdakaoko Ospitalean, eta urte bereko urrian lanerako ezintasun absolutua aitortu zion Gizarte Segurantzak, gaixotasun profesional batengatik ondorioztatua”, diote ASVIAMIEtik. Era berean, Osalan eta Lanaren Ikuskaritzak egindako txostenen arabera, JCGk amiantoarekin lotura zuzena izan zuen bere lan-jardun osoan.

“Langilearen jarduerak honetan zetzan: altzairu-barrak esmerilatzea, eta ondoren labeetan mantentze-lanak egitea. Mantentze-lan horietarako amianto-matazak erabiltzen zituzten, labeen egituran ihesaldiak ekiditeko. Gainera, tutu malguen estaldura amiantoaz estalita zeuden, eta noizean behin amiantoa bertatik kendu edo ordezkatu behar zuten. Hau da, amiantoa edonon zegoen enpresan: estalkietan zein labeen isolamenduetan”, diote ASVIAMIEtik. Halaber, Amiantoaren Biktimen Elkartetik gaineratu dute langileak ez zuela izan arnasteko zaintza ekipamendurik, ezta enpresak berak ez zuela amiantoarekin lan egiteagatik zegoen arriskuen berri inoiz eman: “Enpresak ez zuen bete ez Segurtasun ezta Higiene legerik ere”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak