→Basauri

Kontratazioetan basauriarrei lehentasuna emateko konpromisoa hartu du Sidenor enpresak

Basauriko Udalak eta Sidenorrek hitzarmena sinatu dute, Basaurin bizi direnek lehentasuna izateko enpresak langileak hautatzeko egindako prozesuetan.

Andoni Busquet Basauriko alkatea eta Jose Antonio Jainaga Sidenorreko lehendakari exekutiboa hitzarmena sinatzen // Argazkia: Basauriko Udala

Datozen urteotan egingo dituen kontratazioetan basauriarrei lehentasuna emateko konpromisoa hartu du Sidenor enpresak. Hain zuzen ere, hitzarmena sinatu dute Sidenorrek eta Basauriko Udalak konpromiso hori bete dezaten zehazteko. Bi administrazioek sinatutako hitzarmenak jasotzen du Basaurin bizi direnek lehentasuna izango dutela enpresak langileak hautatzeko egindako prozesuetan, baldin eta lanpostu baterako hautagai bat baino gehiago egon, eta guztiek ezaugarri berak badituzte.

Bestalde, etengabe harremanetan egoteko borondatea agertu dute Udalak eta Sidenorrek, herriko enpleguari buruz, sinatutako akordioari buruz edota haientzat garrantzitsua den beste edozein gairi buruz aritzeko. Horren harira, konpromisoa hartu dute urteko lehen hiruhilekoan, gutxienez, biltzeko, eta aztertzeko kontratatutako basauriarrei buruzko datuak.

Udalak eta Sidenorrek sinatutako akordioa “oso positiboa” dela adierazi dute Andoni Busquet alkateak eta Jose Antonio Jainaga Sidenorreko lehendakari exekutiboak. “Izan ere, udalerrian enplegua hobetzeko balioko baitu”, diote. Era berean, azpimarratu dute zein garrantzitsua den erakunde publiko eta pribatuak elkarlanean aritzea: “Horrek onura dakarkio gizarteari eta, kasu honetan, herriaren garapen ekonomikoari ere bai. Gainera, Sidenorrek Basaurirekin duen konpromisoa islatzen du”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak