☉ Basauri
Naroa Intxausti eta Cecilia Solaguren basauriarrak Social Antzokian
Basauriko Social Antzokiak aurten 25 urte bete ditu eta azken lauhileko programazioa aurkeztu dute. Guztira 25 ikuskizun antolatu dituzte.

Basauriko Social Antzokiak aurten 25 urte bete ditu eta azken lauhileko programazioa aurkeztu dute. Guztira 25 ikuskizun antolatu dituzte irailetik abendura bitartean: antzerkia, dantza, musika, zirkoa eta umeei zuzendutako emanaldiak izango dira. Besteak beste, Aitana Sánchez Gijón, Bilboko Orkestra Sinfonikoa, Yllana antzerki taldea, Mushkum taldea, Andoni Egaña bertsolaria eta Ainhoa Garmendia sopranoa, Ander Lipus eta Patricia Urrutia, Kukai Dantza Taldea edota Korrontzi taldea igoko dira Social Antzokiko eszenatokira, baita Naroa Intxausti eta Cecilia Solaguren basauriarrak ere. SSocial Antzokiko bazkideek sarrerak eros ditzakete ekainaren 25etik uztailaren 6ra bitartean, eta bazkide ez direnek uztailaren 7tik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak.
Eszenatokia berritzea
Gerardo Ayo Social Antzokiko kudeatzaileak jakinarazi duenez, eszenatokia berrituko dute udan. Hain zuzen ere, uztailaren 1etik 15era bitartean egingo dituzte eszenatokiko zorua aldatzeko obrak.
Social Antzokia 2018 Iraila-Abendua
Irailak 28, ostirala
20:30 Antzerkia-Musika: El funeral (Teatro Che y Moche, Aragoi). Gazteleraz, 12 euro. Social Antzokiko bazkideek %50eko deskontua
Irailak 29, larunbata
20:30 Dantza: La maldición de los hombres Marlboro (Excéntrica Producciones, Andaluzia). 15 euro. Social Antzokiko bazkideek %50eko deskontua
Urriak 11, osteguna
20:30 Antzerkia: Espacio disponible (Perigallo Teatro, Gaztela eta Leoi). Gazteleraz, 15 euro. Social Antzokiko bazkideek %50eko deskontua
Urriak 12, ostirala
20:30 Antzerkia: Lo mejor de Yllana. 25 urte (Yllana Teatro, Madril). Testurik gabe, 15 euro
Urriak 20, larunbata
20:30 Musika: Artxipielagoa (Andoni Egaña eta Ainhoa Garmendia). Euskaraz, 15 euro
Urriak 21, igandea
12:30 Umeentzako antzerkia: Linbo planeta (Dejabu Panpin Laborategia, Euskadi). Euskaraz, 5 euro
Urriak 24, asteazkena
20:30 Musika: Mushkum: “Nire totem animalia”. 5 euro, Social Antzokiko bazkideek sarrera doan
Urriak 26, ostirala
20:30 Antzerkia: Hozkailua (Huts Teatroa: Ander Lipus eta Patricia Urrutia). Euskaraz, 10 euro. Social Antzokiko bazkideek %50eko deskontua
Urriak 27, larunbata
20:30 Musika: BOS + Naroa Intxausti. 18-22 euro
Urriak 28, igandea
12:30 Umeentzako antzerkia: Drag’e uraren bila (Logela multimedia, Euskadi). Euskaraz, 5 euro
Azaroak 3, larunbata
20:30 Antzerkia: Orlando (Teatro Defondo, Madril). Gazteleraz, 15 euro
Azaroak 10, larunbata
20:30 Dantza: Erritu (Sharon Fridman eta Kukai Dantza, Madril-Euskadi). 15 euro
Azaroak 11, igandea
12:30 Umeentzako antzerkia: Kontukantari 2. Mendian ibiltari (La enana naranja, Euskadi). 5 euro
Azaroak 18, igandea
20:30 Musika: Korrontzi: “Galbahea” + Iruñeako Orkestra Sinfonikoa + Leinu Dantza Konpainia. 12 euro
Azaroak 24, larunbata
20:30 Antzerkia: Los años rápidos (Radio para teatro, Madril). Gazteleraz, 18 euro
Azaroak 25, igandea
12:30 Dantza (umeentzako): Xihiko (Elirale, Euskadi). 5 euro
Abenduak 1, larunbata
20:30 Dantza: Martin Zalakain (Artedrama&Argia, Euskadi). Euskaraz, 15 euro
Abenduak 2, igandea
12:30 Umeentzako antzerkia: Inondik inora (Benetan Be, Euskadi). 5 euro
Abenduak 14, ostirala
20:30 Antzerkia: Zazpi senideko (Axut! + Artedrama + Le petit théätre de Pain, Euskadi). Euskaraz, 10 euro. Social Antzokiko bazkideek %50eko deskontua
Abenduak 15, larunbata
20:30 Antzerkia: Casa de muñecas 2 (Trasgo Producciones. Aitana Sánchez Gijón eta beste batzuk). Gazteleraz, 14-18 euro
Abenduak 22, larunbata
21:00 Musika: Guateque. 8 euro
Abenduak 28, ostirala
18:00 Zirkua: inTarsi (Cico Eia, Katalunia). 12 euro
Abenduak 30, igandea
12:30+17:30 Umeentzako antzerkia: El flautista de Hamelin. El musical (Nacho Vilar Producciones, Murcia). 10 euro
Urtarrilak 19, larunbata
19:00 Dantza: Play (Aracaladanza, Madril). 15 euro. Social Antzokiko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek %50eko deskontua
Urtarrilak 26, larunbata
20:30 Antzerkia: Espía a una mujer que se mata (Centro Dramático Nacional, Madril). Gazteleraz, 14-18 euro
☉ Basauri
Bideoa | Gure Artean erakusketak Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak aurkeztu ditu
Erakusketa martxoaren 1era bitartean ikus daiteke Arizko Dorretxean. Maria Cascon eta Andrea Mora sortzaileen berbak jaso ditugu bideoan!

Basauriko sortzaileen eta artisten lanak biltzen dituen Gure Artean erakusketak ateak zabaldu ditu gaur goizean Arizko Dorretxean.
Martxoaren 1era bitartean Maria Cascon, Andrea Mora eta Andoni Atrio tokiko artisten lanak ikusi ahal izango dira erakusketan.
Maria Cascon basauriarrak 27 urte ditu eta Arte gradua ikasi zuen EHUn. Erakusketa kolektibo ugaritan parte hartu du, hala nola, ‘Harriak (Eremuak): 90km aho-zirika’ (Zabalarte Etxea-Agurain), ‘Mesa Camilla’ (Okela Sormen Lantegia) eta ‘AE’21’ (EHU, Bizkaia Aretoa). Halaber, bideo bat proiektatu zuen, ‘Edonor denok inor ez,_’ Udaberri Festa erakusketan (Arabako Artium Fundazioa).
Andrea Mora aktorea (Goazen telesailean aktore gisa lan egin zuen eta GEURIAn elkarrizketa egin genion 2019an), disziplina arteko sortzailea eta flamenko dantzaria da. Duela lau urte, bere proiektuan lanean dihardu: ‘El Tablao del Quejío’, antzerki soziala eta flamenkoa uztartzen dituen ikuskizuna, Otxarkoagako eta Barakaldoko euskal emakume ijitoen testigantzetan oinarritua. Ikuskizunaren parte dira ere Espainiako flamenko gitarristen eta perkusionisten istorioak. Proiektua Dramaturgia Berriak 2023 programaren parte izan zen, eta Harrobia Eskena zentroaren Trantsizioak programaren babesa ere jaso du.

Maria Cascon eta Andrea Mora (bigarrena eta hirugarrena ezkerretik), Paula Fuentes komisarioarekin (basauriarra hau ere), Berta Montes zinegotziarekin eta Asier Iragorri alkatearekin // Geuria
Andoni Atrio artistak oso lotura berezia du Basaurirekin, bere nortasunaren funtsezko parte izaten jarraitzen duen herriarekin. Iaz Arte gradua amaitu zuen, eta diziplina ahalik eta gehienetan aritu da: lan-arloan, kirolean, alor artistikoan, akademikoan eta musikalean. “Ekoizteko premia ezarri diot neure buruari, neure buruarekin gustura sentitzeko”, adierazi du. Atrioren garapen pertsonala musikari estu lotuta dago, eta pintura izan da haren ihesbideetako bat. Azken urteetan, eskulturari ere erreparatu dio.
Aurtengoa Gure Artean erakusketaren seigarren edizioa da. Basauriko Udalak 2015ean sortu zuen bi helbururekin: alde batetik, dagokion balioa ematea Basauriren ondare artistiko zabalari; eta, beste alde batetik, herrian jaioak diren edo herriarekin lotura estua duten artisten lana ezagutaraztea.
☉ Basauri
Nerbioi ibaiertza basoberritzea eta ikastetxeetako jolastokiak hobetzea dira basauriarrek bozkatu dituzten proposamenak
Aurtengo aurrekontuan txertatuko dituzte proposamenak. Irisgarritasuna hobetzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea eta kaleko gimnasia-gune berriak jartzea eta daudenak hobetzea ere bozkatu dituzte herritarrek

Berdeguneak sortzea, Nerbioi ibaiertzak birnaturalizatzea eta basoberritzea, ikastetxeetako eta haurreskoletako jolastokiak hobetzea, barandak jartzea, liburutegiak liburu gehiagoz hornitzea, maskoten jabeak bizikidetzari buruz kontzientziatzeko kanpaina martxan jartzea, eta adinekoentzako gimnasia-gune berria jartzea eta daudenak hobetzea dira Basauriko Udalak 2026ko aurrekontuan txertatuko dituen esku-hartzeak.
Herritarrek bozkatu dituzte proposamen horiek aurrekontu parte-hartzaileen azken fasean, eta Udalak guztira 400.000 euro bideratuko ditu guztira.
Aurten 1.057 herritarrek hartu dute parte 2026ko aurrekontuan sartuko diren proiektuak hautatzeko bozketan, iaz baino 209 pertsona gehiago.
“Parte-hartze bidezko prozesua izan da, herritar guztiei zuzendua. Parte-hartzea % 24,6 hazi da, 2025eko prozesuarekin alderatuta, non 848 basauriarrek bozkatu baitzuten”, diote udal ordezkariek.
Herritarren parte-hartzea
Lehenengo fasean, 616 proposamen helarazi zizkioten basauriarrek Udalari. Proposamen horiek, gero, udal-atal teknikoetan aztertu zituzten, bideragarritasuna aztertzeko, besteak beste, eta ondoren 18 proiektu finalista aukeratu zituzten.
“Proposamenak baloratzerakoan, aintzat hartu zuten ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak izatea, Basaurin bizi diren herritar guztien interes orokorra eta ongizatea nagusi izatea interes partikularren gainetik, udalerriko lurralde-oreka bermatzea, eta GJH Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat egitea”, diote.
Herritarrek sei proiektu hautatu behar izan dituzte, eta besteak aurrekontutik kanpo geratu dira. Horiek dira: auzoetan Gabonetako argiztapena hobetzea; bide publikoan errokodromoak eraikitzea; euskarazko paisaia areagotzea horma-irudien bidez; jolas-instalazioak igerilekuetan; bBide-segurtasun kanpaina «RESQAR» erreskate-etiketen erabilera sustatzeko; hilerri atzealdeko sarbideak hobetzea; linean aparkatzeko, edo, zeharka aparkatuz gero, espaloia ez oztopatzeko elementuak jartzea; banku iskiatikoak jartzea; Basauriko kaleetako tokiko pertsonaiak nabarmentzea, informazio-kartelak jarrita; Kantabria kaleko futbito-zelaia berritzea; eta, udalerriko zenbait toki biziberritzea horma-irudi artearen bidez.
☉ Basauri
Itzuliako Basauriko etapak Basozelain izango du helmuga
Basauriko etapa Basozelain amaituko dela jakin ahal izan du GEURIAk. Oraindik ez dute iragarri apirileko zein egunetan izango den Basauri-Basauri etapa

Itzuliak protagonismo berezia izango du aurten Hego Uribe eskualdean. Izan ere, Galdakao-Galdakao eta Basauri-Basauri etapak egin beharko dituzte txirrindulariek.
Oraindik ez dute zehaztu zein egunetan izango diren eskualdeko bi etapa horiek, baina Itzuliako datak dagoeneko ezarrita daude: apirilaren 6tik 11ra bitartean. Eibar-Eibar eta Iruña-Astitz etapak ere izango dira, eta azken etapa Bergaran jokatuko da.
Eskualdeko ibilbideen inguruan, GEURIAk xehetasun gehiago jakin ahal izan ditu: Basauriko etapa Basozelain amaituko da eta Galdakaon Elexalde auzora igoko dira txirrindulariak.
Basauriko helmuga “zorrotza” izango da eta txirrindulariek % 12 eta % 16 arteko aldapa igo beharko dutelako.
Txirrindulari profesionalak izango dira Basozelaiko aldapa gogorrak igoko dituztenak, baina aurretik, amateurrek ere probatu egin dituzte: 2015eko ekainean Basozelaiko jaietan I. Kronoeskalada egin zuten, eta 2022an San Fausto jaietan ere Kronoeskalda egin zuten. Bietan Landa doktorren kalea igo zuten, baina Itzulian ez dakigu hori izango den igoera.
Eta, Galdakaoren kasuan, tropelak % 15eko desnibelera iristen diren aldapa handiak aurkituko ditu kilometro bat baino gehiagoko Elexaldeko igoeran.
☉ Basauri
Kepa Larrea idazleak ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Basaurin
Urtarrilaren 29an egingo du aurkezpena Ibaigane Kultur Etxean. Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da

Kepa Larrea idazleak -basauriarra jaiotzez baina Arrigorriagan 35 urte daramatzana-, bere azken lana aurkeztu zuen azaroan: ‘Zubia’ [hemen aurkezpenaren bideoa].
Eleberria 1936ko Gerraren eta diktaduraren hainbat pasartetan oinarritzen da, egileak berak azaldutakoaren arabera: “Asko eta asko txikitan entzundako kontuak dira; helduek ahotsa apaldu eta xuxurla batean hitz egiten zutenean horrek gure arreta pizten zuen, eta adi entzuten genituen kontu haiek”.
Hego Uribe eskualdea ere islatu nahi izan du idazleak bere azken lanean; izan ere, bertako herriek, kaleek, basoek eta mendiek protagonismo berezia dute eleberri osoan zehar: “Bolintxu”, “Izartza”, “Arguia” edo “Lapurzuloa” dira kapituloetako batzuen izenburua, hurrenez hurrenez.
Bada, urtarrilaren 29an, ostegunez, ‘Zubia’ eleberria aurkeztuko du Larreak Basaurin, Ibaigane Kultur Etxeko Eskarabilera aretoan.
Solasaldia euskaraz izango da eta 19:00etan hasiko da. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
☉ Basauri
Gazte bat atxilotu dute Basaurin joko-areto batean kaletak egiteagatik

Ertzaintzak 30 urteko gazte bat atxilotu du Basaurin, bertako joko- eta apustu-establezimendu batean kalteak egitea leporatuta.
Gertaerak atzo, urtarrilak 25, 21:00ak aldera jazo ziren Basauriko herriguneko joko-areto batean. Establezimendura sartzea debekatuta zuen gizon bat barrura sartu zen, makina bateko pantailak kolpatu zituen eta 300 euro inguruko kalteak egin zituen.
Ertzaintzako agenteak bertaratu eta gizonak aitortu zuen makina kolpatu zuela, “diru-kopuru handia galdu ostean”.
Atxilotuta eraman zuten ertzain-etxera eta eginbideak ireki ondoren, aske utzi zuten. Epailearen aurrean deklaratzera deituko dute.












