→Basauri

Bideoa // Soloarteko pasealekuko zati bat behera etorri da Nerbioi ibaian

Azkenaldiko eta batez ere gaurko eguraldi euritsuak Soloarteko pasealekuaren zati bat lurretik askatzea eta Nerbioi ibaira erortzea eragin du. Udatik itxita egon da pasealekua zati horretan, bere garaian agertu ziren arraildura handiengatik. Basauriko Udalak orduan pasealekua berreraikitzeko proiektua idazteari ekin zion, eta orain obra hasi ahal izateko URA Uraren Euskal Agentziak baimena ematearen esperoan da.

Nerea Renteria Lurralde-Politika eta Kontrataziorako udal ordezkaria eta Udaleko teknikariak Soloartera hurbildu dira goizean eta egoera aztertu dute. “Eremu horretan obrak egiteko URAri eskatu diogu lehenbailehen baimena eman dezan, Udalak ahalik eta azkarren jardun ahal izateko”, dio Renteriak. Pasealekua itxita dago, baita Soloarte ikastetxeko beheko jolastokia ere, “neurri gehigarri bezala”, diote udal ordezkariek.

Milioi euroko obra

Soloarteko pasealekua berreraikitzeko aurrekontua zehaztuta du dagoeneko Basauriko Udalak, martxoko osoko bilkuran talde politiko guztien oniritzia izan zuela. Obra egiteko 1.173.736 euro bideratuko ditu guztira Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 500.000 euroko diru-laguntza emango dio.

Ez da aurreneko aldia Soloarteko pasealekua behera etortzen dena. Hain zuzen ere 2010eko maiatzean futbol zelaiaren ondoko 100 metro inguruko zati bat ere lurretik askatu eta Nerbioi ibaira erori zen. Garai haietan aparkalekua eraikitzen zebilen Udala futbol zelaiaren azpikaldean. Orain dela zortzi urte Basauriko Udalak esan zuenaren arabera, Nerbioi ibaiaren “uraldi jarraituak eta zuhaitzen sustrai handiak” izan ziren futbol zelaiaren ondoko pasealekua behera etortzearen arrazoi nagusienetarikoak.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|