→Basauri

Zuhaitz berriak landatuko dituzte Basaurin, Soloartekoak ordezkatzeko

Soloarte parkean “zuhaitz osasuntsuen mozketa basatia” gertatu dela salatu du Podemos-Ahal Dugu Basauri alderdiak.

Argazkia: Podemos Basauri

Elkarrekin Podemos Basauri alderdiak Soloarte auzoan “zuhaitz osasuntsuen mozketa basatia” gertatu dela salatu ondoren, Basauriko Udalak jakinarazi du zuhaitz berriak landatuko dituztela, “Soloarte inguru horretan bertan edota beste leku batzuetan, teknikariek hala egoki ikusten ez badute”. “Lorezaintza zerbitzuko teknikariek Soloarten egoera okerrean zeuden zenbait zuhaitzen berri eman zigun. Alde batetik txankroa zuten eta bestetik tamaina handiko adar batzuk lurrera jauzi ziren, hori herritarrentzako arriskutsua izan daitekeelarik”, diote Udaletik. Hori dela eta, udal ordezkariek erabaki dute zuhaitz horiek moztea eta kentzea, “segurtasun kontuengatik”.

Alderdi moreak adierazi duenez, “aste honetan Soloarteko parkean 50-60 urte bitarteko hiru makal osasuntsu moztu dituzte”, eta obraren bat “izaten den guztietan” zuhaitzak mozten dituztela salatu dute. “Ekainean aldaketa klimatikoari aurre egiteko planaren txostena eskatu genion Udalari, baina oraindik ez digute eman. Gobernu batzordeak antolatuta daudenera arte ez digutela emango esan digute”, diote.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak