→Basauri

Txarraska Gaztetxea 20 urtez autogestioan

Txarraska Gaztetxeak 20 urte bete ditu Basaurin. Kaleratzeko arriskua izan dute zenbait urtetan, baina oraindik bizirik dirau Gaztetxeak. Hego Uribe eskualdeko zaharrena da.

Txarraska Gaztetxearen 20. urteurreneko ospakizunetan // Argazkia: Geuria

Txarraska Gaztetxeak 20 urte bete ditu Basaurin. Kaleratzeko arriskua izan dute zenbait urtetan, baina oraindik bizirik dirau Gaztetxeak. Hego Uribe eskualdeko zaharrena da

80. hamarkadan gazte mugimenduek leherketa izan zuten Euskal Herrian, eta horrekin batera gaztetxeen okupazioak. Gaur egun ehunka gaztetxe daude Euskal Herrian, baita Hego Uribe eskualdean ere. Txarraska eta Arrigorriagakoa dira momentu honetan bizirik dirauten gaztetxeak eskualdean, eta Basaurikoa da bietan zaharrena. Hain zuzen ere, aurten 20 urte beteko ditu Txarraska Basauriko Gaztetxeak. 1999. urtea zen Basauriko zenbait gaztek La Basconia fabrikako bulegoak izandakoak eta gerora Arizko Ikastola izandakoa okupatu zutenean. Maiatzean izan zen hori. 20 urteren ondoren bertan jarraitzen dute.

Kultura alternatiboak garatzeko

Herri kultura garatzeko guneak dira gaztetxeak, eta asanblada autogestionatu batek kudeatzen ditu, normalean Gazte Asanblada batek. Basaurin Txarraska Gazte Asanblada bazegoen Gaztetxea sortu aurretik.

90eko hamarkadaren bukaeran Basauriko Gazte Asanbladako kideek lokal bat nahi zuten kultur jarduera ezberdinak eta alternatiboak herrian bertan garatu ahal izateko. Proiektu berri bat zuten buruan, eta horretarako espazio fisiko baten beharra ikusi zuten. Basauriko beste eraikin abandonatu batzuk 1998an okupatzen saiatu ondoren (hala nola, Basozelaiko etxe bat eta Basauriko anbulatorio zaharra, orain arte beilatokia izan dena), Basconiako bulegoak izandakoak eta gerora Arizko Ikastola izan zena okupatzea lortu zuten 1999ko maiatzean, bertan beste hainbat saiakera izan eta gero.

Basauriko Gazte Asanbladako kideak, Gaztetxearen hasieran // Argazkia: Txarraska Gaztetxea

Gazte Asanbladako kideen helburua argia zen: “Proiektu kultural alternatiboa eratu nahi genuen, guk geuk gestionatua. Besteak beste, kontzertuak, ikus-entzunezkoetarako zein hitzaldietarako gela edota tailer ezberdinak egitea zen gure hasierako asmoa”, diote. Eta hala egin zen: “1999an hasi genuen autogestio proiektua eta azken 20 urtetan lanean aritu gara. Hala nola, Txarraska Gaztetxean gune hauek eratu ditugu: liburutegia, teteria eta sukaldea, rokodromoa eta gimnasioa, Txarraskate gela, serigrafia-gela eta kopistegia, grabaketa-estudioa, entsegu-gelak eta kontzertu-gela”, diote. Txarraska Gaztetxearen inaugurazioa 1999ko maiatzean izan zen, eta Gazte Asanbladatik kontzertuak antolatu zituzten. Kontzertuak, herri bazkariak eta herriko beste mugimenduekin ekimenak elkarlanean antolatzeaz gain, tailerrak ere eskaintzen dituzte Gaztetxean (esaterako, maskulinitate tailerra, graffiti tailerra, autodefentsa feminista, skate tailerra, sukaldaritza beganoa edota txalaparta ikastaro euskalduna), baita antzerki, film labur eta zine emanaldiak ere. Gainera, irteerak, Inauteriak eta umeentzako jolasak, eskulanak eta tailerrak ere antolatzen dituzte kalean, udalerriko jaietan.

Huste mehatxuak presente

Eraikin hauek askotan pertsona fisiko edo juridikoen izenean daude legalki, eta ondorioz, huste mehatxuak normalak izaten dira. Txarraska Gaztetxearen lehen urtean bertan lehen huste mehatxuak sufritu zituzten, “baina, herriaren erantzuna izugarria izan zen. Asanbladetan parte-hartzea handitu zen eta manifestazioak eta kalejirak egin ziren”, diote: “Azkenean, Gazte Asanbladari esker, Basauriko Udalak eraikina laga zigun akordio baten bitartez 1999ko maiatzean. Hitzarmenaren arabera, ezin genuen eraikinaren kanpoko itxura ukitu eta erabilera mugatuta geneukan sarrera eta beheko solairura”, diote.

Hala ere,  gaur egun Gaztetxea dagoen lursailean zenbait proiektu abian jartzeko proposamenak egon izan dira udaletxeko mahai gainean: “Hasiera batean hotel bat eraikiko zuten bertan, ondoren 2005-2006an enpresentzako gunea egiteko proiektua aurkeztu zuen garaiko udal gobernu taldeak (EAJ-EA-EB), eta 2009-2010ean arte garaikideko museo bat eraikitzeko proiektua zabaldu zuten PSE eta PPk”, diote: “Azken kasu bietan Udalarekin negoziazioetan ibili ginen, eta erabaki genuen berriro ere kalera ateratzea. Batez ere, museoaren proiektuaren harira, manifestazioak eta protestak hasi genituen. Negoziazio horietan guztietan gainditu ezineko marra gorria autogestioa izan da beti. Herriaren onarpena  eta babesa ere nabaritu izan ditugu beti”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak