☉ Basauri
Basauriko alkateak eta liberatuek orain arteko soldatak mantenduko dituzte
Ardunaldi partziala eta esklusiboa izango duten kargudunen kopurua zehaztu dute gaur Basauriko osoko bilkuran, baita udalbatzako kideen ordainsariak ere.

EAJk eta PSEk gobernu akordioa erdietsi ondoren, legegintzaldiko lehen osoko bilkura egin dute gaur, uztailak 24, Basaurin. Besteak beste, ardunaldi partziala eta esklusiboa izango duten kargudunen kopurua zehaztu dute gaur, baita udalbatzako kideen ordainsariak ere.
Asier Iragorri alkatea (EAJ), Maria Larrinaga (EAJ), Nerea Renteria (EAJ), Berta Montes (EAJ) eta Isabel Cadaval (PSE) % 100ean egongo dira liberatuta, eta Txomin Carro (EAJ) eta Idoia Ortego (PSE) % 50ean. Era berean, oposizioko zinegotzia bat % 100ean liberatuta egoteko aukera dago. Kasu honetan, EH Bilduko ordezkari bati dagokio liberatuta egotea. “Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeari dagokionez, 33. artikuluak dio 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerri bateko oposizioko kide bat gutxienez ardunaldi eskluboan jardun dezake, eta kasu honetan EH Bilduri dagokio”, diote Udaletik. Exabier Arrieta (EH Bildu) izango da oposizioko zinegotzia liberatua, % 100ean.
Gauzak horrela, zazpi zinegotzi egongo dira guztira liberatuta (sei % 100ean eta bi % 50ean), aurreko legegintzaldian baino bat gehiago. “Legearen arabera, udaletxe honetan 11 zinegotzi liberatu izatera pasa gintezke”, dio Asier Iragorri alkateak.
Soldatak bere horretan mantendu
Asier Iragorri alkateak 78.420,50 euroko soldata gordina jasoko du urtean, Andoni Busquet aurreko alkateak kobratzen zuen bezala. Era berean, bere horretan mantendu dituzte gainontzeko liberatuen soldatak: % 100ean dauden hiru alkateordeek (Maria Larrinaga, Nerea Renteria eta Berta Montes) 70.578,45 euro irabaziko dituzte urtean, % 100ean dagoen beste zinegotziak (Isabel Cadaval) 66.657,42 euro jasoko ditu, % 50ean dauden bi zinegotziek (Txomin Carro eta Idoia Ortego) 33.328,71 euro, eta oposizioko buruak (EH Bildu) 59.991,38 euro. Guztira, 483.462,07 euro bideratuko ditu urtean Basauriko Udalak soldata horietan.
Iazko datuak kontuan hartuta, aurreko oposizioko buruak (PSE) 59.991,38 soldata zuen: “Gure kasuan, EH Bildutik zehaztuko digute kopuru horretatik zenbateko soldata izango duen gure liberatuak”, diote Basauriko EH Bildutik.
EH Bildu eta Podemos alderdien proposamenei ezezkoa
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek emendakinak aurkeztu dituzte uztaileko osoko bilkura berezian, besteak beste, soldaten inguruan. EH Bilduren proposamenei dagokienez, aipatzekoak dira: alkatearen, alkateordeen eta zinegoztzigoen ordainsariak % 20an murriztea, baita % 20an murriztea ere organo kolegiatuetarako, dieten eta talde politikoen ordainsariak. “Agerikoa da ardura bat ordaindua izan behar dela, baina ez dugu ondo ikusten Eudelek markatutako topean mantentzea soldata horiek. Basaurin indarrean dauden soldatak probintziako hiriburuen alkateen edo ministroen soldaten parean daude, eta gure ustez gehigizkoak dira. Gainontzeko udalerrietan EH Bilduk proposatu bezala, guk ere Basaurin % 20ko murrizketa proposatzen dugu liberatu guztien soldatetan”, dio Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak.
Elkarrekin Podemosen emendakinei dagokienez, kargu hautetsien ordainsariak % 30ean murriztea proposatu du, baita batzordeetara joateko dietak eta organo kolegiatuetarako dietak beste % 30 murriztea ere. Era berean, liberatu kopurua aurreko legegintzaldiko bera izatea proposatu du talde moreak, hau da, oposizioko ordezkariaren liberazioa kentzea. “Indarrean dauden soldatak legalak direla eta Eudelek proposatzen duen kopuruen barruan daudela erantzun diguzue. Hori egia da, baina bitxia da kopuru hauek Eudelek proposatutakoen tope gorenean daudela. Adierazgarria da ministro batek 73.210 euro irabazten dituela; gure alkateak baino gutxiago. Gure proposamenaren arabera, 176.000 euro aurreztuko genituzte beste gauza batzuetara bideratzeko”, dio Maria Angeles Cantero Elkarrekin Podemoseko ordezkariak.
Hala eta guztiz ere, udalbatzak ez du onartu aurkeztutako emendakinik, EAJren eta PSEren kontrako botoekin.
Gobernu ardurak, adostuta
EAJk eta PSEk gobernu-ardura bakoitza nork kudeatuko duen ere zehaztu dute. Zortzi batzorde izango ditu Udalak: Lurralde politika eta Kontratazioa; Gizarte politika; Enplegua, Berdintasuna eta Kooperazioa; Berrikuntza, Gobernu irekia eta Parte-hartzea; Ogasuna, Ondasuna, Sustapen ekonomikoa eta Merkataritza; Euskara, Kultura eta Hezkuntza; eta Gazteria, Jaiak eta Kirola.
Gobernuaren antolaketari dagokionean, honakoak dira arloetako buruak: Maria Larrinaga (Gizarte politika eta Kultura), Nerea Renteria (Lurralde politika eta Kontratazioa), Berta Montes (Ogasuna, Berrikuntza, Gobernu irekia, Parte-hartzea eta Jaiak), Txomin Carro (Giza-baliabideak), Agurtzane Cebrecos (Udaltzaingoa), Nora Pereda (Euskera), José Ramón Suárez (Ondasuna), Marieli de Pedro (Merkataritza eta Sustapen ekonomikoa), eta Jon Zugazagoitia (Kirolak, Gazteria eta Informatika). Isabel Cadaval sozialisten burua Enplegu, Berdintasun eta Lankidetza arloen arduraduna izango da. Idoia Ortego sozialistak, halaber, Hezkuntza, Osasuna eta Kontsumoa sailak kudeatuko ditu.
Batzorde informatiboei dagokienez, honakoa izango da osaketa: EAJko 4 zinegotzia, PSEko 2, EH Bilduko 1, Elkarrekin Podemoseko 1 eta PPko 1.
Osoko bilkurak hilero izango dira, azken ostegunetan, 18:00etan.
☉ Basauri
Iñaki Artola pilotariak eta Iker Iriarte botilleroak hitzaldia eskainiko dute bihar Basaurin
‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia eskainiko dute bihar, azaroak 27, Artunduagako pilotalekuan. Sarrera doakoa izango da

Esku Pilota profesionalaz berriro gozatzeko aukera izango da Basaurin. Aurten ere Basaurik pilota profesionalaren aldeko apustua egin du eta Binakako Txapelketaren jardunaldietako bat jokatuko da Artunduagako frontoian azaroaren 28an, ostiralez.
Peio Etxeberria lau t’erdiko txapeldunak jokatuko du Beñat Rezustarekin batera, eta aurkari izango dituzte Javi Zabala (lau t’erdiko txapeldunordea) eta Julen Marija.
Bigarren mailako partida ere jokatuko da Artunduagan Peña II-Salaverri eta Zubizarreta III-Aranguren bikoteen artean.
Partida profesionalen aitzakian, Bidebieta Pilota Elkarteak bihar, azaroak 27, 18:45ean jarduera bat antolatuko du Artunduagako pilotalekuan: Iñaki Artola pilotariaren eta Iker Iriarte botilleroaren hitzaldia, hain zuen.
“Iñaki Artola pilotari profesionala eta Iker Iriarte bere botileroa Artunduagara etorriko dira, nahi duten pilotari eta familia guztiekin arratsalde atsegin bat pasatzera”, diote. Hitzaldia euskaraz izango da eta ordu eta erdi inguru iraungo du.
☉ Basauri
Musika, kirola eta umorea Basaurin, Euskararen Nazioarteko egunaren harira
Ekintzak azaroaren 27tik abenduaren 12ra luzatuko dira, eta besteak beste, ‘Miñan’ antzezlana, PlayBack lehiaketa, hitzaldi musikatuak edo Baskot gaua antolatu dituzte

Basauriko Udalak Euskararen Egunaren bueltan antolatutako ‘Euskararen bide berriak’ ekintza sorta aurkeztu du. Azaroaren 27tik abenduaren 12ra bitartean, musika, antzerkia, kirola eta euskal kultura izango dira ardatz nagusiak, basauriarrei zuzendutako hamaika jarduerarekin.
Musika eta lehiaketei dagokionez, Playbacka izango da protagonistak: Laugarren Playback Herri Lehiaketa (8-12 urte) azaroaren 28an izango da Solobarrian.
Urtero bezala, Hitzaldi Musikatuak ere antolatu dituzte: Abenduaren 2an, Udal Musika Eskolako ikasleen emanaldi bereziarekin batera, Alex Sardui (Gatibu / Exkixu) eta Maitane Iruiñ (Mirua) artistek hitzaldi musikatuak eskainiko dituzte Social Antzokian. Sarrerak doan jaso daitezke Musika Eskolan eta Social Antzokian.
Bada, antzerkia, kirola eta umorea era ez dira faltako, eta protagonismo handia izango du azaroaren azken astetik aurrera: Azaroaren 28an, ‘Miñan’ antzezlana taularatuko da Social Antzokian. Bestalde, azaroaren 30ean, ‘Bertso garbitzailea’ umore-ikuskizuna egingo da Basozelaiko Zortziko plazan, familia osoarentzat.
Kirolari dagokionez, azaroaren 27an, Iñaki Artola pilotari profesionalak eta Iker Iriarte bere botilleroak ‘Kirolarien psikologia’ hitzaldia emango dute Artunduagako frontoian. Egun bi geroago, azaroaren 29an, larunbatez, egun osoko plan zabala antolatu da: Eguerdian, Emoiok herriko trikitilari taldearen kalejira izango da, eta 12:30ean Solobarrian ‘Txakolin eta Gazta dastaketa’ (izen-ematea beharrezkoa da). Gauean, 21:30etatik aurrera, Oihan Vega DJaren euskarazko musika saioak jarriko du jai-giroa Solobarrian.
Eta bukatzeko, Euskararen Nazioarteko Egunean, abenduaren 3an, ‘Basauriko Umeak Kantari’ ekintza egingo da herrian zehar. Azkenik, abenduaren 12an, Bolintxu AEK-k kudeatutako ‘Baskot Gaua’ euskal jaia ospatuko da San Jose ikastetxean, txano eta kapela bereziekin (gaia: Korrika).
☉ Basauri
Basauriko Guraso Elkarteak: “Hezkuntza Sailak ez digu eskola-sukaldearen inguruko bileraren berririk eman”
Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”

Eusko Jaurlaritzak eskola-sukaldea martxan jarriko du Basaurin inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko.
Ekainean eman zuen horren berri, eta asmoa zen eskola-sukalde hori ikasturte honetarako prest egotea, baina oraindik ez da proiektua gauzatu.
Ildo horretan, eta Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantokian pasa den astean ikasle baten babarrun-platerean zizare bat agertu ostean, Basauriko sei ikastetxe publikoetako guraso elkarteek euren “kezka eta ezinegona” adierazi dute eskola-jantokien egungo egoeragatik.
Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak “ez du oraindik ekainean iragarri zuen promesa bete”.
Itxaronaldia “luzea” dela adierazi dute Basauriko guraso elkarteek, “proiektuaren egoerari eta ezaugarri zehatzei buruzko berririk gabe”, diote, eta gaineratu dute: “Haurrek atzerapen hori jasaten jarraitzen dute”.
Gurasoen kexak publiko egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berretsi du Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko bere “konpromiso irmoa”.
“Hilabeteak daramatzagu lanean irtenbide onenaren bila Basauriko ikastetxeetan kalitatezko jantoki zerbitzua bermatzeko”, adierazi dute Hezkuntza Saileko ordezkariek.
Basaurin dagoeneko “hainbat alternatiba tekniko” aztertu dituztela esan dute, “herriko hezkuntza-zentroen beharrei eraginkortasunez erantzuten dien proiektu bat definitzeko”.
Era berean, Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”.
Basauriko guraso elkarteko ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA, eta adierazi dute oraindik ez dutela bilera horren berririk: “Bilera guk eskatu genuen, baina oraindik ez digute erantzunik eman”.
Basauriko Udalak, bere aldetik, guraso elkarteen eskaerei babesa eman die, eta “behar horiek dagozkien erakundeei helarazteko egindako lan bateratua eta etengabea” azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko harremana mantentzen dugu proiektuaren berri izateko, eta esan digute proiektua aurrera doala”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazi du proiektu hau “ahalik eta azkarren” gauzatu dadin eta, “kalitatezko zerbitzu baten adibide izan dadin”, beharrezkoa den guztian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela.
☉ Basauri
Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko “konpromiso irmoa” berretsi du Eusko Jaurlaritzak
Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantokian pasa den astean ikasle baten babarrun-platerean zizare bat agertu ostean, Basauriko sei ikastetxe publikoetako guraso elkarteek euren “kezka eta ezinegona” adierazi dute eskola-jantokien egungo egoeragatik.
Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak “ez du oraindik ekainean iragarri zuen promesa bete”: Basaurin eskola-sukalde bat martxan jartzea, inguruko bederatzi ikastetxe publikori zerbitzu emateko, hain zuzen.
Jaurlaritzaren asmoa zen eskola-sukalde hori martxan egotea ikasturte honetan, baina oraindik ez da proiektua gauzatu.
Itxaronaldia “luzea” dela adierazi dute Basauriko guraso elkarteek, “proiektuaren egoerari eta ezaugarri zehatzei buruzko berririk gabe”, diote, eta gaineratu dute: “Haurrek atzerapen hori jasaten jarraitzen dute”.
Gurasoen kexak publiko egin ostean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berretsi du Basaurin eskola-sukaldea martxan jartzeko bere “konpromiso irmoa”.
“Hilabeteak daramatzagu lanean irtenbide onenaren bila Basauriko ikastetxeetan kalitatezko jantoki zerbitzua bermatzeko”, adierazi dute Hezkuntza Saileko ordezkariek.
Basaurin dagoeneko “hainbat alternatiba tekniko” aztertu dituztela esan dute, “herriko hezkuntza-zentroen beharrei eraginkortasunez erantzuten dien proiektu bat definitzeko”.
Era berean, Basauriko guraso elkarteekin bilduko direla zehaztu dute Hezkuntza Sailetik, “egindako aurrerapenak partekatzeko eta hurrengo urratsak azaltzeko”.
Basauriko guraso elkarteko ordezkariekin harremanetan jarri da GEURIA, eta adierazi dute oraindik ez dutela bilera horren berririk: “Bilera guk eskatu genuen, baina oraindik ez digute erantzunik eman”.
Basauriko Udalak, bere aldetik, guraso elkarteen eskaerei babesa eman die, eta “behar horiek dagozkien erakundeei helarazteko egindako lan bateratua eta etengabea” azpimarratu dute.
“Eusko Jaurlaritzarekin etengabeko harremana mantentzen dugu proiektuaren berri izateko, eta esan digute proiektua aurrera doala”, diote udal ordezkariek.
Ildo horretan, Basauriko Udalak adierazi du proiektu hau “ahalik eta azkarren” gauzatu dadin eta, “kalitatezko zerbitzu baten adibide izan dadin”, beharrezkoa den guztian laguntzeko eta lankidetzan aritzeko prest dagoela.
☉ Basauri
Basauriko guraso elkarteek salatu dute ez dagoela udal-sukaldearen proiektuaren inguruko berririk
“Epe laburrean benetako aldaketa aldarrikatzen jarraituko dugu, eta familia guztiak animatzen ditugu jantokien eredua behingoz alda dadin exijitzera”, diote

Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jantoki zerbitzuan ikasle baten babarrun-platerean zizare bat agertu zela salatu zuen pasa den astean guraso elkarteak.
Gertakari horren aurrean, Basauriko sei ikastetxe publikoetako guraso elkarteek euren “kezka eta ezinegona” adierazi dituzte eskola-jantokien egungo egoeragatik.
“Zerbitzu honen azpikontratazioak gertakari onartezinak eragiten ditu oraindik ere: menu ez osasungarriak, kalitate eta kantitate txikikoak; osagai izoztu eta aurreprestatuekin egindako elaborazioak eta janari ultra prozesatua; entregak ez betetzeagatik termoetan denbora gehiegi ematen duten janariak: ikastetxeen errealitatearekin bat ez datozen ratioak dituzten langile gutxiegi; eta langileen ordezkapen falta… Horrek guztiak gure seme-alaben beharrak betetzen ez dituen elikadura eta behar bezala eman ezin den zerbitzua eragiten ditu”, salatu dute Bizkotxalde, Sofia Taramona, Basozelai-Gaztelu, Arizko Ikastola, Kareaga Goikoa eta Etxegarai ikastetxeetako guraso elkarteek.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak ekainean iragarri zuen promesa ikasturte honen hasieran Basaurin eskola-sukaldea martxan jarriko zuela adierazten zuena kritikatu dute guraso elkarteek.
“Alderdi guztiei gogorarazi nahi diegu oraindik gauzatu gabe dagoela iragarri zuten promesa jangela-sistema aldatzekoa eta udal-sukalde bat ezartzekoa”, diote.
Itxaronaldia “luzea” dela adierazi dute, “proiektuaren egoerari eta ezaugarri zehatzei buruzko berririk gabe”, diote, eta gaineratu dute: “Haurrek atzerapen hori jasaten jarraitzen dute”.
“Onartezina gure haurren ongizatea gutxiesten jarraitzea. Epe laburrean benetako aldaketa aldarrikatzen jarraituko dugu, eta familia guztiak animatzen ditugu jantokien eredua behingoz alda dadin exijitzera”, diote.









