→Basauri

Basauriko alkateak eta liberatuek orain arteko soldatak mantenduko dituzte

Ardunaldi partziala eta esklusiboa izango duten kargudunen kopurua zehaztu dute gaur Basauriko osoko bilkuran, baita udalbatzako kideen ordainsariak ere.

Legegintzaldiko lehenengo osoko bilkura egin dute uztailaren 24an // Argazkia: Geuria

EAJk eta PSEk gobernu akordioa erdietsi ondoren, legegintzaldiko lehen osoko bilkura egin dute gaur, uztailak 24, Basaurin. Besteak beste, ardunaldi partziala eta esklusiboa izango duten kargudunen kopurua zehaztu dute gaur, baita udalbatzako kideen ordainsariak ere.

Asier Iragorri alkatea (EAJ), Maria Larrinaga (EAJ), Nerea Renteria (EAJ), Berta Montes (EAJ) eta Isabel Cadaval (PSE) % 100ean egongo dira liberatuta, eta Txomin Carro (EAJ) eta Idoia Ortego (PSE) % 50ean. Era berean, oposizioko zinegotzia bat % 100ean liberatuta egoteko aukera dago. Kasu honetan, EH Bilduko ordezkari bati dagokio liberatuta egotea. “Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeari dagokionez, 33. artikuluak dio 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerri bateko oposizioko kide bat gutxienez ardunaldi eskluboan jardun dezake, eta kasu honetan EH Bilduri dagokio”, diote Udaletik. Exabier Arrieta (EH Bildu) izango da oposizioko zinegotzia liberatua, % 100ean.

Gauzak horrela, zazpi zinegotzi egongo dira guztira liberatuta (sei % 100ean eta bi % 50ean), aurreko legegintzaldian baino bat gehiago. “Legearen arabera, udaletxe honetan 11 zinegotzi liberatu izatera pasa gintezke”, dio Asier Iragorri alkateak.

Soldatak bere horretan mantendu

Asier Iragorri alkateak 78.420,50 euroko soldata gordina jasoko du urtean, Andoni Busquet aurreko alkateak kobratzen zuen bezala. Era berean, bere horretan mantendu dituzte gainontzeko liberatuen soldatak: % 100ean dauden hiru alkateordeek (Maria Larrinaga, Nerea Renteria eta Berta Montes) 70.578,45 euro irabaziko dituzte urtean, % 100ean dagoen beste zinegotziak (Isabel Cadaval) 66.657,42 euro jasoko ditu, % 50ean dauden bi zinegotziek (Txomin Carro eta Idoia Ortego) 33.328,71 euro, eta oposizioko buruak (EH Bildu) 59.991,38 euro. Guztira, 483.462,07 euro bideratuko ditu urtean Basauriko Udalak soldata horietan.

Iazko datuak kontuan hartuta, aurreko oposizioko buruak (PSE) 59.991,38 soldata zuen: “Gure kasuan, EH Bildutik zehaztuko digute kopuru horretatik zenbateko soldata izango duen gure liberatuak”, diote Basauriko EH Bildutik.

EH Bildu eta Podemos alderdien proposamenei ezezkoa

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek emendakinak aurkeztu dituzte uztaileko osoko bilkura berezian, besteak beste, soldaten inguruan. EH Bilduren proposamenei dagokienez, aipatzekoak dira: alkatearen, alkateordeen eta zinegoztzigoen ordainsariak % 20an murriztea, baita % 20an murriztea ere organo kolegiatuetarako, dieten eta talde politikoen ordainsariak. “Agerikoa da ardura bat ordaindua izan behar dela, baina ez dugu ondo ikusten Eudelek markatutako topean mantentzea soldata horiek. Basaurin indarrean dauden soldatak probintziako hiriburuen alkateen edo ministroen soldaten parean daude, eta gure ustez gehigizkoak dira. Gainontzeko udalerrietan EH Bilduk proposatu bezala, guk ere Basaurin % 20ko murrizketa proposatzen dugu liberatu guztien soldatetan”, dio Exabier Arrieta EH Bilduko bozeramaileak.

Elkarrekin Podemosen emendakinei dagokienez, kargu hautetsien ordainsariak % 30ean murriztea proposatu du, baita batzordeetara joateko dietak eta organo kolegiatuetarako dietak beste % 30 murriztea ere. Era berean, liberatu kopurua aurreko legegintzaldiko bera izatea proposatu du talde moreak, hau da, oposizioko ordezkariaren liberazioa kentzea. “Indarrean dauden soldatak legalak direla eta Eudelek proposatzen duen kopuruen barruan daudela erantzun diguzue. Hori egia da, baina bitxia da kopuru hauek Eudelek proposatutakoen tope gorenean daudela. Adierazgarria da ministro batek 73.210 euro irabazten dituela; gure alkateak baino gutxiago. Gure proposamenaren arabera, 176.000 euro aurreztuko genituzte beste gauza batzuetara bideratzeko”, dio Maria Angeles Cantero Elkarrekin Podemoseko ordezkariak.

Hala eta guztiz ere, udalbatzak ez du onartu aurkeztutako emendakinik, EAJren eta PSEren kontrako botoekin.

Gobernu ardurak, adostuta

EAJk eta PSEk gobernu-ardura bakoitza nork kudeatuko duen ere zehaztu dute. Zortzi batzorde izango ditu Udalak: Lurralde politika eta Kontratazioa; Gizarte politika; Enplegua, Berdintasuna eta Kooperazioa; Berrikuntza, Gobernu irekia eta Parte-hartzea; Ogasuna, Ondasuna, Sustapen ekonomikoa eta Merkataritza; Euskara, Kultura eta Hezkuntza; eta Gazteria, Jaiak eta Kirola.

Gobernuaren antolaketari dagokionean, honakoak dira arloetako buruak: Maria Larrinaga (Gizarte politika eta Kultura), Nerea Renteria (Lurralde politika eta Kontratazioa), Berta Montes (Ogasuna, Berrikuntza, Gobernu irekia, Parte-hartzea eta Jaiak), Txomin Carro (Giza-baliabideak), Agurtzane Cebrecos (Udaltzaingoa), Nora Pereda (Euskera), José Ramón Suárez (Ondasuna), Marieli de Pedro (Merkataritza eta Sustapen ekonomikoa), eta Jon Zugazagoitia (Kirolak, Gazteria eta Informatika). Isabel Cadaval sozialisten burua Enplegu, Berdintasun eta Lankidetza arloen arduraduna izango da. Idoia Ortego sozialistak, halaber, Hezkuntza, Osasuna eta Kontsumoa sailak kudeatuko ditu.

Batzorde informatiboei dagokienez, honakoa izango da osaketa: EAJko 4 zinegotzia, PSEko 2, EH Bilduko 1, Elkarrekin Podemoseko 1 eta PPko 1.

Osoko bilkurak hilero izango dira, azken ostegunetan, 18:00etan.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak