→Basauri

Unai Medina basauriarrak Gijongo Sportingen jokatuko du datozen bi denboraldietan

Datozen bi denboraldietarako sinatu du Unai Medinak Gijongo Sportingekin eta aukera izango du hirugarren denboraldi bat ere jokatzeko.

Unai Medina Gijongo Sporting taldeko jokalari bezala aurkeztu dute gaur // Argazkia: Real Sporting

Gaur aurkeztu dute Gijongo Mareo Futbol Eskolako instalazioetan Unai Medina basauriarra Sporting futbol taldeko jokalari bezala. Datozen bi denboraldietarako sinatu du jokalari basauriarrak Bigarren Mailako taldearekin eta aukera izango du hirugarren denboraldi bat ere jokatzeko.

Soriako Numantzia taldean lau denboraldi eman ondoren heldu da Medina Gijongo Sportingera. “Sporting talde handia da eta bere instalazioak ikusgarriak dira. Sailkapenean goiko postuetan egon behar du taldeak”, dio Medinak aurkezpenean: “Erasoan ondo dabilen jokalaria naiz, baina azken urteotan defendatzen asko hobetu dut. Atzelari batek aurrena defendatu behar du eta ondoren, erasoan lagundu”, dio.

Athletic Clubeko harrobian hazi zen Unai Medina jokalari bezala, eta Basconia (2008-2010), Bilbao Athletic (2010-2012), Barakaldo (2012-2013), Alaves (2013-2015) eta Numancia (2015-2019) taldeetatik igaro da.

Lopez Garai, Tenerifera

Azken denboraldian Numantzia taldean aritu da ere Aritz Lopez Garai basauriarra, entrenatzaile bezala. Taldean izan dira, beraz, hiru basauriar: Medina, Ganea (Athleticek lagatuta) eta Lopez Garai. Datorren denboraldian Tenerife futbol taldea entrenatuko du basauriarrak, hau ere Bigarren Mailan.

Entrenatzaile bezala hasi zen Lopez Garai 2017/2018 denboraldian, Reusen, eta 2018/2019an Numantziara iritsi zen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak