→Basauri

Grafiti erakusketa, tailerrak eta kontzertuak ekainean, Basauriko Urban Festan

Urban Festa Basaurira itzuliko da ekainaren 15ean. Jaialdiaren zortzigarren edizioan graffiti erakusketa, tailerrak eta zuzeneko musika izango dira nagusi.

2017ko Urban Festako partaideak // Urban Festa Facebook

Urban Festa Basaurira itzuliko da ekainaren 15ean, larunbatez. Jaialdiaren zortzigarren edizioan graffiti erakusketa, tailerrak eta zuzeneko musika izango dira nagusi. Aurten Basozelai Gizarte Etxean ospatuko da Urban Festa, 11:00etatik gauera arte.

Grafiti erakusketan parte hartuko duten 40 lagun inguruk emango diote hasiera jaialdiari 11:00etan, lehen zirriborroekin batera. Ondoren, 13:00ean, grafiti eta serigrafia tailerrak izango dira profesional adituen eskutik. Tailerrak doakoak dira eta edonork parte hartu ahal izango du (plaza mugatuak). Gainera, egunean zehar Profesor G musikaria zuzenean arituko da grafiti erakusketa girotzen, eta arratsaldean Control de Plagas eta Jon Manteka’s Army hardcore taldeen zuzenekoez gozatzeko aukera egongo da. Jardunaldiari amaiera emateko Batalla de Stylos txapelketa izango da. Binaka jokaturiko lehiaketa honetan, parte hartzaileek denbora tarte laburra izango dute espray botea esku hartean dutelarik diseinurik erakargarriena margotzeko.

Basauriko Udalaren Gazteria Sailak, ZirtZart Basauriren bitartez, antolatzen du Urban Festa jaialdia, Kultur Basauriren laguntzarekin.

Urban Festa 2019 – Egitaraua

Ekainak 15, larunbata
11:00-20:00 Grafiti erakusketa
+ Zuzeneko emanaldia: Profesor G
13:00 Grafiti eta Serigrafia tailerrak
17:00 Zuzeneko kontzertuak: Control de Plagas + Jon Manteka’s Army
20:00 Batalla de Stylos txapelketa

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak