Sareak

☉ Basauri

Europara begira, Estrasburgo bisitatuko dute Urbi Institutuko ikasleek martxoan

Erasmus+ proiektuaren barruan, azaroan, Bruselaseko Parlamentua bisitatu zuten Urbi Institutuko ikasleek. Martxoan Europara begirako beste irteera bat egingo dute, Estrasburgora.

|

Urbi Institutuko ikasleak Europako Parlamentuan // Argazkia: Urbi Institutua

Erasmus+ proiektuaren barruan, azaroan, Bruselaseko Parlamentua bisitatu zuten Urbi Institutuko ikasleek. Martxoan Europara begirako beste irteera bat egingo dute, Estrasburgora

Europara begira guztiz murgilduta dago Urbi Institutua. Duela hamar urte Europako ikastetxeen arteko elkartrukeei ekin zioten eta dagoeneko Erasmus+ proiektua egonkortuta dago Urbin.

Ikasturte honetan hasiera eman diote ‘+Participatory Democracy, +Active Citizenship’ Erasmus+ proiektuari eta 2020/2021 ikasturtera arte garatuko dute Portugaleko Vila Nova de Famalicao Camilo Castelo Branco ikastetxearekin eta Lituaniako Siauliai hiriko Siliauliu Juliaus Janonio Gimnazija ikastetxearekin.

Proiektuaren helburuak dira: hizkuntza komunikaziorako gaitasuna indartzea ama eta atzerriko hizkuntzetan; europar herritartasunaren garrantziarekin jabetzea; demokraziaren sormen eta garapenari buruz hausnarketa egitea; hiritartasun arduratsua bultzatzea; IKT gaitasun digitalak sustatzea; eta kultura arteko bizikidetzarako trebetasunak garatzea. Helburu hauek guztiak betetzeko zenbait ekintza garatuko dituzte ikasleek. Hala nola, eztabaida kritikoa sortzeko eta bultzatzeko taldearen bilerak, Europar Kluba, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan parte hartzeko komizioa, edota Euskal Herriaren, Portugalen eta Lituaniaren historiaren azterketa eta konparazioa egitea.

Proiektu honen barruan Bruselasera irteera egin zuten azaroaren 29tik abenduaren 4ra bitartean Urbiko zenbait ikaslek. Bertan, Europako Parlamentua, Europako Historiaren Etxea eta Parlamentariuma bisitatu zituzten. Gainera, Izaskun Bilbao (CEUS/EAJ) eurodiputatuarekin batzartu ziren ikasleak, Parlamentuaren nondik norakoak ezagutzeko.

Ildo horretan, martxoaren 23tik 28ra bitartean bigarren irteera bat egingo dute Urbiko ikasleek: Estrasburgora, alegia. Europako Kontseiluaren egoitza, Europar Legebiltzarra edota Giza Eskubideen Europako Auzitegia bisitatzeko aukera izango dute ikasleek.

eTwinning topaketa Iruñan

Beste alde batetik, abenduaren 12an Urbi Institutuko 2. DBHko ikasleek Kantu kontari! eTwinning proiektuaren lehenengo topaketa gauzatu zuten Iruñan. Atarrabiako Paz de Ziganda, Donibane Lohitzuneko Maurice Ravel eta Zarauzko Lizardi ikastetxeekin ari dira Urbiko ikasleak elkarlanean, euskara ardatz duen proiektu horretan. Helburua da orain dela bi urte eta iaz hasitakoaren lan kooperatiboa sendotzea euskal kantu eta kantak aukeratuz, aztertuz eta konpartituz.

☉ Basauri

Pozokoetxeko trenbide azpiko pasabidea estaltzeko lanak hasiko ditu Basauriko Udalak otsailaren 9an

Obrak 7 hilabetez luzatuko dira, eta Udalak 1,3 milioi euro bideratuko ditu. Ibilgailuen trafikoan eragina izango du betiko, oinezkoen mesedetan

|

Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotzia eta Asier Iragorri alkatea // Geuria

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hiri-berrikuntzako plan bereziaren barruan urrats berri bat emango du Basauriko Udalak.

Izan ere, Agirre Lehendakaria kaleko trenbide azpiko pasabidea estali eta birmoldatzeari ekingo dio otsailaren 9an, astelenez, eta lanak zazpi hilanbetez luzatuko dira. Udalak 1,3 milioi euro bideratuko ditu.

Zehazki, Autonomia kaleko bidegurutzetik Renfeko tren geltokiraino doan zatiko errepidea goiko espaloiaren kotara arte beteko dute.

“Esku hartze horrekin Agirre Lehendakaria kaleko 26. zenbakitik 34. zenbakira arteko zatiak bat egingo du ozpoto arkitektonikorik gabe Pozokoetxeko parkearekin”, esan du Asier Iragorri Basaguren alkateak.

Basauriko merkatutik tren geltokira arteko zatia oinezkoentzat bakarrik izango da. Eta, Renfeko trenbide azpitik pasabide bat gaituko dute, baina egungoa baino laburragoa eta seguruagoa izango da.

Ibilgailuen trafikoa kentzea

Autonomia kaleko bidegurutzetik Agirre Lehendakaria kaleko sindikatuen eraikinera arte ez da ibilgailuen trafikorik egongo otsailaren 9tik aurrera.

Zuriñe Goikoetxea Hirigintza arloko zinegotzia eta Asier Iragorri alkatea // Geuria

Eta, horrela, Kareagarantz edo Boluetarantz joateko, ibilgailuek Autonomia kaletik igo eta udaletxetik Kareaga Goikoa kaletik joan beharko dira.

Salbuespen bat egongo da: etorkizunean, Agirre Lehendakaria kaleko 26. zenbakiko garajeetako ibilgailuak bertarik igaroko dira Autonomia kalera ateratzeko edo garajeetara sartzeko. Etorkizunean, garaje horretarako sartu-irteera ez da izango Piru Gainza kaletik, Agirre Lehendakaria kaletik baizik.

Eta, beste salbuespen bat: Udal Bridagaren eta Udaltzaingoaren ibilgailuek trenbide azpiko pasabidea erabili ahal izango dute obrak behin bukatu ostean.

Bestetik, Zumalakarregi berrurbanizatzen eta hango irisgarritasuna hobetzen amaitzen dutenean —udal ordezkariek aurreikusi dute apirilean izango dela—, Agirre Lehendakariaren 13. eta 15. zenbakiei paralelo doan Kareaga Behekoa kalearen zatia Agirre Lehendakarira sartzeko izango da, ez Kareaga Behekoa kalera irteteko, gaur egun den moduan.

Renfeko geltoki berria

Obrek aurreikusten dute ADIFek Bidebietako tren geltokirako planifikatutako hallera heltzeko lotura irisgarria egitea.

Geltokiak, sarrera horrez gain, San Fausto plaza ondoan izango du sarrera nagusia. “Geltokiko atartera sartzeko gunean,  proiektuaren hasierako planteamendua aldatu behar izan dugu, 26. zenbakiko aparkalekuaren benetako egiturari moldatzeko, eta, ondorioz, diseinu horretan jasotako  eskaileren ordez, plaza txiki bat egingo dugu”, azaldu du Iragorrik.

Basauriko Udalak gauzatuko dituen lan hauek lehenengo faseari dagozkio, ondoren, trenbidearen beste aldean esku hartzeari ekingo dio.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Naxker, Sembrando Kaos, Kaparrak eta SKC taldeen kontzertuak bihar, Basauriko Txarraska Gaztetxean

Bilboko Etxarri Gaztetxeko utzaraztearen “gastu errepresibo eta judizialak” ordaintzeko antolatu dute Elkartasun Jaialdia Txarraskan

|

Naxker talde nafarra // Naxker

Bilboko Errekalde auzoko Etxarri Gaztetxeko utzaraztearen aurrean Elkartasun Jaialdiak antolatu dituzte Bizkaiko gaztetxeetan.

Portugaleteko Sastrakan eta Bilboko 7Katun jaialdiak antolatu ostean, bihar, otsailak 7, Basauriko Txarraska Gaztetxean izango dira kontzertuak: Naxker, Sembrando Kaos, Kaparrak eta SKC.

Aurretik, gainera, kalejira antolatu dute 18:00etan Arizgoiti plazatik Txirrisoundekin.

Gaztetxean antolatu dituzten kontzertuak ikusteko sarrerak 5 euroan salduko dituzte bai kalejiran bai gaztetxeko sarreran.

“Irabazi guztiak gastu errepresibo eta judizialak ordaintzera bideratuko ditugu”, diote antolatzaileek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Euskal Pilota Egokituko Bizkaiko finalak Basaurin jokatuko dira, martxoan

Martxoaren 1ean jokatuko dira Bizkaiko finalak Artunduagan eta ETBk zuzenean emango ditu partidak

|

Atzo aurkeztu zuten zirkuitua Bilbon // Argazkia: Euskal Pilota Egokitua Master Cup Irekia

Berdintasunerantz “jauzi kuantitatibo eta kualitatibo handia” eman du Euskal Pilota Egokitua-Eitb Sariak txapelketak.

Hain zuzen ere, orain arte Gipuzkoara mugatzen zen ekimen bat izatetik, Araba eta Bizkaia ere bere baitan hartuko dituen zirkuitu bilakatu dute.

Eta, Bizkaiko txapelketari dagokionez, Basaurin jokatuko dira finalak. Martxoaren 1ean izango dira Artunduagako frontoian.

Aurretik, finalera iristeko, pilotariek kanporaketak jokatuko dituzte otsailaren 22an Mallabian.

Basauriko finalak ETBk zuzenean emango ditu telebistan eta bere plataforman.

Bizkaiko txapelketa jokatu ostean, Gipuzkoak (martxoa eta apirila bitartean) eta Arabak (iraila eta urria artean) erreleboa hartuko dio zirkuituari.

Atzo aurkeztu zituzten zirkuituaren nondik norakoak Bilbon, Eitb-ren egoitzan. Bertan izan ziren Roberto Ramajo eta Carlos Sergio Atxotegi, hurrenez hurren, Gipuzkoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zuzendariak, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaria, Bilbao Kirolakeko Itxaso Erroteta, EITB Kirolakeko zuzendaria, Joseba Urkiola, partidak jasoko dituzten Udaletako ordezkariak, Laboral Kutxako Alvaro Parro, Munduko, Euskadiko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako pilota federazioetako presidenteak, Haszteneko Borja Bayo basauriarra [irakurri hemen GEURIAn duela urtebete egin genion elkarrizketa!] eta hiru herrialdeetako kirol egokituko federazioetako ordezkariak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

San Migeleko anbulatorioan jarri ditu iraungitako txertoak Osakidetzak, baina egoera bideratuta dagoela esan du

Alberto Martinez Osasun sailburuak San Migelen zenbat kasu eman diren zehaztu ez duen arren, azaldu du egoera “bideratuta” dagoela

|

San Migeleko anbulatorioa // Geuria

Osakidetzak Euskadiko haurren txertaketan irregulartasunak identifikatzeko abiatu duen ikerketan zein osasun zentrotan erregistratu diren gorabehera gehien azaldu du Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak.

Martinezek adierazi duenez, San Migeleko anbulatorioan egon dira gorabeherak, baita Durangoko Landakon, Errenteriako Iztietako, Donostiako Ondarretako eta Usurbilgo osasun zentroetan ere.

Osasun sailburuak San Migelen zenbat kasu eman diren zehaztu ez duen arren, azaldu du egoera “bideratuta” dagoela: “Gaur esan dezakegu egoera aldatu egin dela, kasuen kopurua eta hasierako dispertsioa murriztu eta mugatu egin direla, eta osasun-gorabehera bideratuta dagoela”

“Hasiera-hasieratik esan dut, eta gaur berriro diot: gure premiak pertsonak eta haien familiak izan ditu ardatz. Haiek izan dira eta dira gure lehentasuna”, esan zuen Martinezek otsailaren 3an eman zuen prentsaurrekoan.

Sailburuak aipatu zuenez, Osakidetzak, erreferentziazko osasun-sistema den aldetik, “ezin du horrelako gorabeherarik bere gain hartu”, eta azpimarratu zuen iraungitako txertoen inokulazioak ondorio kaltegarririk sorrarazten ez badu ere, ezin dela onartu horrelako akats bat berriz gertatzea.

“Ez da epaitzeko unea, erantzukizuna eta lankidetza agertzekoa baizik”, esan zuen Martinezek eta profesional guztiei konpromisoa eskatu die Osakidetzarekin eta euskal gizartearekiko hurbiltasuna eta enpatia agertuko duen kalitatezko osasun-arretarekin.

Urtarrilaren 15ean lehenengo kasua detektatu zenetik, Osasun Sailak lau printzipioren arabera jokatu duela zehaztu du sailburuak: “Zorroztasuna, segurtasuna, zuhurtasuna eta gardentasuna”.

Eta, familiei eman beharreko arreta bideratu ondoren, gertatutakoa zehatz-mehatz aztertzeko eta osasun-gorabehera eragin duten arrazoiak identifikatzeko ahaleginak egingo ditu orain Osasun Sailak.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa | Basauriko Musika Eskolak kalejira egin du Santa Ageda bezperan

|

Basauriko Musika Eskolak kalejira egin du herrian koruarekin, txistulariekin eta trikitilariekin Santa Agedaren omenez. Musika Eskolan eta Arizgotiko plazan egon gara eurekin.

Osorik irakurri