→Basauri

PISA azterketari planto egin diote Uribarri Institutuko 4. mailako ikasleek

basauri uribarri institutua dbh4 2018 pisa azterketari planto

Gaur joan dira Hezkuntza Saileko ordezkariak Uribarri Institutura, 2002. urtean jaiotakoei -DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei- PISA azterketa eginarazteko.

Uribarri Institutuko DBHko 4. mailako ikasleek PISA azterketari planto egin diote // Utzitakoa

Gaur 09:00ak aldera joan dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak Basauriko Uribarri Institutura, 2002. urtean jaiotakoei -DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei- PISA azterketa eginarazteko. DBHko 4. mailako ikasleek, ordea, planto egin eta azterketa egitea saihestu dute. DBHko 3. mailako hogeina ikaslek azterketa egin behar izan dute, “ustekabean” harrapatu dituztelako. “Izan ere, azterketa noiz egin behar denaren informazioa eskutatu digute zuzendaritzatik bai ikasle, familia eta irakasleoi”, dio Uribarri Institutuko irakasle batek.

Gaitasun zientifikoa, gaitasun matematikoa eta irakurmena ebaluatzen ditu PISAk (Programme for International Student Assessment) eta Garapen Ekonomikorako zein Lankidetzarako Erakundeak sustatzen du. Nazioarteko hezkuntza sistemak konparatzeko egiten den ikerketa da eta hiru urtean behin, munduko hainbat herritan, 15 urteko milaka ikasleri azterketa egiten diete. Azterketa horiekin guztiekin ikerketa bat egiten da eta 2019ko abenduaren 6an argitaratuko dituzte ikerlanaren emaitzak.

Euskadin, ISEI-IVEIk ikastetxe parte-hartzaile bakoitzarentzako txosten bat egingo du lortutako emaitzekin, eta 2020ko otsailean argitaratuko ditu. 2003. urtean Eusko Jaurlaritza PISA azterketan parte hartzen hasi zen.

Maiatzean berriz

Hezkuntza Sailak berriz bisitatuko ditu PISArako hautatuak izan diren ikastetxeak maiatzean. Beste azterketa bat egin beharko dute orduan: DBH 4. mailako ebaluazio diagnostikoa, alegia. Eta, Uribarri Institutuan ebaluazio diagnostikoa egitea egokitu zaie aurten ere. Aurreko deialdietan bezala, horri ere planto egiteko deia luzatuko dute ikasleek.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak (HPT) LOMCE, Heziberri eta PISA azterketei planto egiteko deia luzatu du beste behin. Ebaluazio sistema propio baten alde egiten du HPTk: “Kalifikazio eta etiketatzeak baztertuko dituen ebaluazio hezitzailearen aldeko mezua zabaldu nahi dugu”, adierazi zuten otsailaren 3an Bilbon egin zuten agerraldian. Apirilaren 16an Ikoitz Arrese Uribarri Institutuan egon zen HPTk proposatzen duen dinamika guraso eta ikasleekin komentatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak