→Basauri

Basauriko zuhaitz esanguratsuenekin katalogo bat egingo du Sagarrak ekologista taldeak

‘Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?’ kanpaina zabaldu berri du Sagarrak Ekologista Taldeak. Maiatzean eta ekainean ibilaldiak antolatuko dituzte.

Basauriko zuhaitzak ezagutzeko ibilaldiak antolatuko dituzte maiatzean eta ekainean // Argazkia: Sagarrak Ekologista Taldea

‘Basauriko arbola esanguratsuak: lagunduko diguzu bilatzen?’ kanpaina zabaldu berri du Sagarrak Ekologista Taldeak. Kanpaina honen helburuak hiru dira: alde batetik, zuhaitzek dakartzaten onurak ezagutaraztea eta kontzientzia piztea; bestetik, Basaurin dauden zuhaitz eta arbolen ezaugarriak eta euren egoera ezagutzea; eta amaitzeko, herrian dauden zuhaitzak babesteko udal araudia bermatzea eskatzea.

Kanpaina honen bitartez Sagarrak taldeak Basauriko zuhaitzak ezagutzeko ibilaldiak antolatuko ditu maiatza eta ekaina bitartean: “Kalera irtengo gara zenbait egunetan, maiatzean eta ekainean zehar, arbola-espezieak identifikatzera”, diote Sagarraketik. Gainera, Basauriko ikastetxeei ere eskainiko diete ekimenean parte hartzeko.

Era berean, jarduera parte-hartzailea ere sustatuko dute Sagarraketik: “Basauriarrei laguntza eskatuko diegu haientzat esanguratsuak edo bereziak diren herriko arbolak hautatzeko eta haien proposamenak guri bidaltzeko. Parte hartu nahi izanez gero, hautatutako zuhaitzari argazki bat edo batzuk egin, eta posta elektronikoz bidali behar dizkiguzue (ekologia@sagarrak.org) maiatza eta azaroa bitartean. Bestela, Instagramen edo Facebooken partekatu ahal dituzue argazkiak, #basaurikoarbolak traolarekin, azalduz zergatik hautatu duzuen zuhaitz hori”, diote. Jasotzen dituzten argazkiekin katalogo bat egingo dute Basauriko zuhaitz esanguratsu eta bereziekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak