→Basauri

Basaurieraz aritzen ziren azken euskaldunen testigantzak sarean

1994ean ‘Basauriko euskararen aztekerta linguistikoa’ tesia aurkeztu zuen Jon Arretxe idazleak, Basauriko Udalak argitaratuta. Bertako elkarrizketak sareratu ditu Ahotsak proiektuak

Hogeita bi urte igaro dira Jon Arretxek (Basauri, 1963) bere doktoretza-tesia aurkeztu zuela, Deustuko Unibertsitatean Filologia ikasketak egin ondoren. 1994. urtea zen eta emaitza Basauriko euskararen azterketa linguistikoa (Basauriko Udala, 1994) lana izan zen, Jose Manuel Etxebarriaren zuzendaritzapean. Basauriko euskararen transmisioa etenda ikusi zuenean, bertako azken euskaldunen testigantzak jaso zituen Arretxek tesi-lanean, hau da, Basauriko hizkera erabiltzen zuten azken lekukoena. Guztira, 137 grabazio egin zituen. Lan horrekin Basauriko Euskara liburua argitaratu zuen, baita Basauriko azken euskaldunak ikus-entzunezkoa ere.

Altxor linguistiko horren garrantzia Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea batzen dituen Ahotsak proiektura iritsi da eta grabazio horiek guztiak katalogatu dituzte. “Grabazio gehienak audioak izanda ere, oso interesgarriak dira. 2016an grabazio horiek lantzeko asmoa dugu, baina oraindik katalogatu besterik ez ditugu egin”, diote ahotsak.eus webgunean: “Arretxek Fabian Laespadaren laguntzaz sortutako Basauriko azken euskaldunak bideoa ere katalogatu dugu, Basauriko Udalaren laguntzarekin argitaratutakoa, eta bertako zenbait zati sareratzeko aukera izan dugu”.

Horren adibide dira hiru bideo eta euren lekukoak: Karmen Moja Abrisketa (Abrisketa-Basauri, 1906), bere iloba Jose Moja Elordui (Finaga-Basauri, 1929) eta Maria Jesus Izagirre Ibarra (Finaga-Basauri, 1925). Karmenek gaztetako ibileren berri ematen du bideoan, tartean “mutilei emandako kalabazak” aipatzen ditu. Josek ganaduaren ingurukoak azaltzen ditu eta Maria Jesus gerrak eragin zuen euskararen gainbeheraz aritzen da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak