→Basauri

Basauriko 10 lokal hutsek erabilera artistikoa izango dute KaleARTEan ekimenari esker

KaleARTEan ekimena ekainaren 5etik 7ra bitartean ospatuko da. Proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 15era arte egongo da zabalik. Aukeratutako proposamenetako bakoitzak 600 euroko saria eramango du.

Basaurin hutsik dauden 10 lokal berrerabili nahi ditu KaleARTEan ekimenak, “artearekin lotutako jardueretara bideratzeko“. Horiek horrela, jarduerarik gabeko lokaletako barrualdeak, kanpoaldeak edota pertsianak erabiltzea da helburua, “artelanen erakusketa iragankorrak antolatzeko“, diote antolatzaileek. KaleARTEan topaketa aurten izango du lehenengo edizioa eta ekainaren 5etik 7ra arte apainduko dira 10 lokal horiek, “Basauri Pintxo Helmuga” ospatuko den egunetan.

KaleARTEan proiektuan adin nagusiko edozein norbanakok edo taldek hartu dezake parte. Ekimenaren helburu nagusietako bat Basauriko artisten produkzioa sustatzea denez, “kategoria espezifiko bat egongo da udalerrian erroldatuta daudenentzat“. Proposamenak bidaltzeko azken eguna maiatzaren 15a izango da. Ondoren aukeratutako proposamenetako bakoitzak 600 euroko saria izango du, “bere ideia egi bihurtzeko“. Parte hartzeko fitxa, oinarriak eta baldintzak kaleartean.com webgunean aurkituko dituzu.

JARDUERA EKONOMIKOA AREAGOTZEKO AUKERA

KaleARTEan ekimenaren sortzaileak diotenez, “orain arte hutsik egon diren guneetan jarduera sortzeak, gizartea eta ekonomia berpiztea dakar. Espazio huts horiek jendea erakartzen dute, joan-etorrian dabilen jendea bereganatzen dute. Negozio horien inguruko eremua pizteak bisitari gehiago dakartza, eta horrek areagotu egiten du jarduera ekonomikoa“.

KaleARTEan Basauriko Udaleko Merkataritza atalak sustatutako proiektua da, Basauriko Merkatariak elkartearen laguntzarekin, eta bere diseinu fasean herriko inmobiliarien kolaborazioa izan du.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak