→Basauri

Basauriko EAJ, PSE eta PP alderdiek bermatu egiten dute Sustraiak Fundazioaren lana

Kudeaketaren Jarraipena egiteko Batzordean hiru alderdi politikoek bat egin dute “jardueren gaineko kontrol ekonomikoa, ikuskaritza eta jarraipena” burutu egin dela, “maila politikoan zein teknikoan”.

Gobernu-organoen Kudeaketaren Jarraipena egiteko Batzordean, Sustraiak Fundazioarii buruz aurreikusitako agerraldiak eta ondorioetarako saioak egin eta gero, Batzordeak hainbat ondorio atera ditu EAJren, PSEren eta PPren aldeko botoekin. Onetsitako ebazpenari dagokionez, “aurreikusitako jardueren gaineko kontrol ekonomikoa, ikuskaritza eta jarraipena, maila politikoan zein teknikoan, une oro egin da. Dagozkion fakturak ordaintzean egindako udal-ekarpenen gaineko kontrola, berriz, Udal barruan egin da lehenik eta behin, dagokion ataleko teknikariek egindako jarraipenaren bitartez“, azaldu dute hiru alderdi politikoek, EH Bilduren zalantzen erantzun gisa.

Era berean, EAJren, PSEren eta PPren ordezkari politikoek honakoa adierazi dute: “Kanpoko ikuskaritza-enpresak kontuak gainbegiratu, eta ondorioztatu du dirua modu egokian erabili dela, aurreikusitako xederako, eta ez dela erabilera okerrik egin“.

 

SUSTRAIAKEN KUDEAKETAREN JARRAIPENA – PUNTUZ PUNTU

Sustraiak Fundazioaren Kudeaketaren Jarraipena egiteko Batzordean honakoa ebatzi dute, EAJ, PSE eta PP alderdien aldeko botoekin:

– Fundazioa sortu, zein egindako hitzarmenak sinatzeko erabakiak, gehiengo politiko handiz hartu ziren:  Fundazioa sortzeko Udalbatzaren erabakian (2008.12.22koa), aldeko 18 boto egon ziren (PSE-EEren 9; EAJ-PNVren 7; eta PPren 2), kontrako botorik ez zen egon, eta abstentzio bakarra (EB-Berdeak) egon zen. Emaitza, berbera izan zen 2009.04.30ean, Udalbatzak lehen hitzarmena onetsi zuenean. Horren osteko hitzarmenak ere, indar politiko guztien adostasunarekin onetsi dira (agiri-sorta; Fundazioko lehendakaritza; eta Fundazioko kideak).

– Zenbait txosten teknikok, babestu egin dituzte modu zilegi eta demokratikoan hartutako erabaki horiek, bai Basauriko Udalak Sustraiak-ekin izan behar zuen harreman-motari buruzkoak, baita sinatutako hitzarmen bakoitzera bideratu beharreko zenbatekoei buruzkoak ere. Txosten horietatik ondorioztatzen da harreman hura, onuragarria eta errentagarria zela udalerriarentzat, eta legearekin bat zetorrela, ekonomikoki zein juridikoki (agirien artean daude eragozpenik gabeko txostenak, eta elkarlanaren formularen aldeko testigantzak, hainbat politikari eta teknikarirenak).

– Sustraiak Fundazioak euskal kulturaren alde egindako lana oso positiboa izan da. Elkartea oso errotua dago Basauriko herri-kulturan, eta herriko ondarearen parte izatera igaro da. Egindako jarduerek, gainera, herritarren parte-hartze handia izan dute (Fundazioko kideen, eta teknikarien testigantzak).

– Une oro egin da hitzarmenetan aurreikusitako jardueren gaineko kontrol ekonomikoa, ikuskaritza eta jarraipena, maila politikoan zein teknikoan. Dagozkion fakturak ordaintzean egindako udal-ekarpenen gaineko kontrola, berriz, Udal barruan egin da lehenik eta behin, dagokion ataleko teknikariek egindako jarraipenaren bitartez.

– Kanpotik, berriz, ikuskaritza-enpresa batek egin du Fundazioaren kontuen gainbegiratzea, eta egiaztatu du Udalaren ekarpenak egokiro erabili zirela. Hitzarmenek hasiera-hasieratik aurreikusten zituzten horrelako ikuskaritzak, hain zuzen ere, hitzarmenon kudeaketaren gardentasuna bermatzeko. Aurreko gobernu taldeak eta oraingoak, biek izan dute horrela jarduteko asmoa.

– Kanpoko ikuskaritza-enpresak kontuak gainbegiratu, eta ondorioztatu du dirua modu egokian erabili dela, aurreikusitako xederako, eta ez dela erabilera okerrik egin. Era berean, enpresak ebatzi du Fundazioaren gastuak behar bezala zurituta daudela, dagozkion agiri bidez (fakturak; dietak jaso izanaren egiaztagiriak; boluntariotza kontratuak; eta abar); hor sartuta daude gainbegiratze, kudeaketa eta administrazio lanei dagozkien gastuak ere (laguntza teknikoa; kudeaketa administratiboa; boluntarioen mantenu eta bidaien dietak; eta abar). Beraz, argi geratu da Fundazioak onetsitako gastu horiek guztiak legezkoak direla (kanpoko ikuskaritza-enpresa). Sinatzaileek uste dute horrek ez lukeela Fundazioaren kudeaketa zintzoa ilundu behar.

– Horrez gain, kontuak Fundazioen Erregistroan gordailatu dira, Eusko Jaurlaritzaren organo eskudunaren (Babeslaritza) aurrean, eta hala egiaztatu da.

– Hitzarmenean aurreikusitako jardueren jarraipena etengabea izan da, bai maila politikoan, bai teknikoan. Batzar ugari egin dira, hitzarmenean aurreikusitako jarraipen batzordean bertan, zein modu informalean, dagozkion arduradunen artean: politikari edo/eta teknikarien artean, batetik; eta Sustraiak Fundazioko kideen artean, bestetik (agiri-sorta; aktak; aurreko eta oraingo agintari politikoen, arduradun teknikoen eta Fundazioko kideen testigantzak; eta abar).

– Oinarririk gabeko zenbait jarrerak eta adierazpenek, okertu egin dute memoria ekonomikoa eta jardueren memoria gainbegiratzeko prozesu normalizatua, baita Euskara Batzordeari horien berri emateko izapidea ere, eta, horren eraginez, geldotu egin da guztia. Jarrera eta adierazpen horiek, gainera, zalantzak eragin dituzte SUSTRAIAKen eta bere kudeatzaileen lanaren inguruan; pertsona horietako batzuek, ordea, hamarkadak daramatzate euskararen eta euskal kulturaren alde lanean, eta, gertatutakoa, Basaurin duten ospe onaren kaltetan izango da (Fundazioko lehendakariaren testigantza), nekez konpon daitekeen kaltea izan ere. Uste dugu Batzordearen lana aski dela, bere zereginen inguruko edozein zalantza argitzeko; era berean, ikusten dugu aldarrikatu eta azpimarratu beharra dagoela Sustraiak Fundazioaren lanak, haren ibilbideak, eta bere kideenak, duen balioa.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|