→Basauri

Basauriko herri-galdeketa geldiarazteko eskaera egin du Espainiar Estatuko Abokatutzak

basauri pozokoetxe bidebieta san fausto 2016 plana airetik

Espainiar Estatuko Abokatutzak Pozokoetxe-Bidebieta-San Fausto eremuaren inguruan egiteke zegoen herri-galdeketarako kautelazko etendura eskatu du.

Basauriko Udalak jakinarazi berri duenez, Espainiar Estatuko Abokatutzak Pozokoetxe-Bidebieta-San Fausto eremuaren inguruan egiteke zegoen herri-galdeketarako kautelazko etendura eskatu du. Arrazoia honakoa izan da: “Estatuaren konpetentziak inbaditzen ditu galdeketak“. Hau da, Pozokoetxeko trenbide gunea ADIF -Trenbide Azpiegitura Administratzailea-, Sustapen Ministerioaren menpekoa den bitartean, Basauriko Udalak ezingo luke horren gainean ezer egin.

Bide horretan, Basauriko Udalak errekurtsoa jarriko du bihar Epaitegietan, Andoni Busquet alkateak adierazi duenez. “Inpugnazio honen irizpideak politikoak dira guztiz, ez juridikoak. Udalaren eta basauriarren autonomiarekiko eta erabakitze ahalmenarekiko eraso zuzena da“, dio Busquetek.

Epaileek erabakia hartu bitartean, prozesu parte hartzailea bere horretan mantenduko dela adierazi du Basauriko alkateak: “Espainiako Sustapen Ministerioa eta ADIF estututzeko, basauriarrak deitzen ditut herri-galdeketan parte hartzera. Horrela, behingoz, Pozokoetxeko trenbide eremuak Basaurirentzako izan daitezen“.

EH Bilduren esanetan -herri-kontsulta egiteko babesa eman dio EAJri-, “gure herriaren kontrako beste eraso onartezina da. Basauriko San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxeko Hirigintza Biziberritzeko Plan Bereziari buruzko udal plenoak adostutako herri-galdeketa egiteko debekua hain justu“, diote: “Erabaki antidemokaratikoa izan da. Ez dute nahi gu, demokraziaren bidean aurrera egitea; herriaren partehartzearen oinarritutako demokraziaz ez dutelako sinisten“.

Udal Legearen babesa

Eusko Jaurlaritzak apirilaren 7an onartu egin zuen Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea. Lege horren arabera, herri-galdeketak egiteko aukerak ematen die Udalei. Basauriren kasuan, 82. artikuluan oinarritzen da herri-kontsulta: “Toki-erakundeek politika edo erabaki publikoei buruzko toki-mailako herri-galdeketa irekiak egin ahal izango dituzte“. Era berean, artikuluak dioenez, “galdeketaren gaia udalerriaren eskumeneko politika publiko, erabaki edo kontuetara mugatuko da“.

Irakurrienak

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak

Geuria monografikoa | Basauriko Antzerki Eskolatik 'Handia' filmeraino PDF
|